Berriak

URAk herritarrei luzatzen dizkie EAEko 45 saneamendu-sistema nagusien isurketen analisi-emaitzak

2019-05-29

URAk herritarrei luzatzen dizkie EAEko 45 saneamendu-sistema nagusien — 2000 biztanle baliokide baino handiagoak— isurketen analisi-emaitzak, erakunde kudeatzaileek emandakoak.

http://www.uragentzia.euskadi.eus/u81-0003234/eu/contenidos/informacion/edar_2000/eu_def/index.shtml

Argitaratutako datuok hiri hondakin-urak tratatzeko araudiak xedarritutako parametro nabarmenenak jasotzen dituzte: Oxigeno-eskari kimikoa (OEK),  Oxigeno-eskari biologikoa (OEB5) eta solido esekiak (ES) isurketa guztietan; eta isurketa eremu sentikorretan ematen denean (aintzirak, itsasadarrak, eutrofikoak ala balizko eutrofikoak—algak ugaltzeko errazak— diren kostaldeko uretan; edateko ura ekoizteko baliatzen diren azaleko urak…), guztizko Nitrogenoa eta Fosforo datuak ere argitaratzen dira.

Orain argitaratzen diren analisi-emaitzak hilero bidaltzen dituzte uraren erakunde kudeatzaileek, eta grafiketan ikustarazten den datua hilean bildutako datuen batez bestekoa da.

Halaber, argitaratuko da hiri-aglomerazio bakoitzeko Hondakin Uren Araztegietan (HUA) zehaztu diren gainezkatze-puntuetatik hilean isuritako (tratatuta, zein tratatu barik) emariaren datua. Halako isurketak araudiak aurreikusten dituen ez ohiko egoera jakinetan baino ez dira baimentzen (euriak erruz egitean,…).

EAEko isurketa garrantzitsuenen analisien emaitzak argitaratzeak herritarrei eskura jarriko die aglomerazio bakoitzean isurketak zein egoeratan ematen diren jakiteko aukera.

Era berean, informazio-iturri oso baliagarria da kalitate-irizpideak edota kudeaketa-adierazleak ezartzeko (hirietako sareen errendimendua zenbatzeko erak eta irizpide teknikoak ezartzeko). Horiek guztiak aintzat hartuko dira URA garatzen ari den EAEko Ur hornidura eta Saneamenduaren Esparru Erregelamendua zehazterakoan;  alegia, EAEko erakunde kudeatzaileei kudeaketa teknikoa eta ekonomikoaren oinarri komunak zehaztuko dien erregelamendua.

Azken hamarkadetan ur-masen egoerak nabarmen egin du hoberantz uraren hiri-ziklo kudeatzean zer esanik duten erakunde eta eragileen lanari esker (Toki erakundeak, Partzuergo eta Mankomunitateak, Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Administrazio Hidraulikoa —URA, CHC eta CHE— eta Ekologia-trantsiziorako Ministerio).

Alabaina, gure uren egoera ekologiko ona lortze aldera, ezinbestekoa da egiteke ditugun saneamendu-azpiegiturak bukatzea, han hemenka oraindik ere sakabanatutako isurketak saneamendu sistemetara bideratzea (beren beregi, herri eta hirietan), profesionaltasun-maila txikiagoa duten erakunde kudeatzaileen kudeaketa teknikoa eta ekonomikoa indartzea, eta EAEko administrazio hidraulikoek —URA, CHC eta CHE— egiten duten  isurketen ikuskatzea eta kontrolarekin jarraitzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)