Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Erosketa aQtiborako Plana amaitzear dago EAEko berrogeita hamar herritan

2011.eko martxoak 24

Larunbatean amaituko da txikizkako merkataritzako establezimenduen artean 50 eta 100 euroko erosketa-txarteletan 6.000 sari banatzen dituen ekimena.

Euskal kontsumitzailearen konfiantza-pertzepzioa indartzea, bezeroak leialtzea eta merkataritza bikainaren Q-a balioestea bilatzen du ekimenak.

Larunbat honetan amaituko da Erosketa aQtiborako Plana, Euskadiko txikizkako merkataritzaren bezeroek beren leialtasunagatiko saria jasotzeko aukera ematen dien ekimena; horretarako, 50 eta 100 euroko erosketa-txarteletan 6.000 sari banatzen dira. Diru horrekin, saria irabazi duten bezeroek saria jaso duten establezimenduetan bertan beste erosketa batzuk egin ahal izango dituzte.

Plana amaitzear dago Euskadiko berrogeita hamar herritan. Zehazki, ekimen hori garatzeko baimendutako agenteek honako herri hauek bisitatuko dituzte ostiralean: Artziniega eta Gasteiz (Araban); Abadiño, Arrigorriaga, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Barrika, Berango, Berriz, Bilbo, Igorre, Lemoa, Loiu, Lezama, Sondika eta Muskiz (Bizkaian); eta Donostia, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Ibarra, Idiazabal, Itsasondo, Irura, Lizartza, Mendaro, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zizurkil. Ibilbideen jarraipen puntuala egiteko Erosketa aQtiborako Planaren Facebook-eko eta Twitter-eko profilak kontsulta daitezke.

Ekimena dezenteko arrakasta izaten ari da, batez ere tokiko merkataritza txikian. Kanpaina hori Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak sortu zuen, eta martxoaren 14an jarri zen abian.

Euskal merkataritza-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko Eusko Jaurlaritzak azken urtean abiarazitako ekintzen multzoa osatzen du plan honek. Helburu nagusia sektore honetan eskaria sustatzea da. Baina, horrez gain, euskal kontsumitzailearen konfiantza-pertzepzioa ere indartu nahi du, baita nabarmendu ere, denboraldiaren hasierako une honetan, merkealdiaren eta segidako stock azoken ondoren. Era berean, bezeroak leialdu nahi ditu, merkataritza-jarduera bultzatuz, eta merkataritza bikaineko Q-a ere balioetsi nahi du, Euskadiko merkataritzaren elementu bereizgarri gisa betiere.

Kanpainaren funtzionamendua honako hau izango da: notario aurrean Euskadiko txikizkako merkataritza-establezimenduen artean egindako zozketa bidez gehienez ere 6.000 sari banatzen dira 50 eta 100 euroko erosketa-txarteletan. Zehazki, 50 euroko 2.000 erosketa-txartel eta 100 euroko 4.000 erosketa-txartel dira.

Notario aurrean hautaturiko 6.000 saltokiekin, sarien banaketa-bideak diseinatu dira. Behar bezala egiaztaturiko agente batzuk arduratzen dira sariak emateaz establezimendu bakoitzean une horretan kutxan ordainketa egiten ari den pertsonari. Saria lortzen duen pertsonak beste erosketa batean baliatu ahal izango du zenbateko hori, betiere saltoki berean soil-soilik.

2011ko ekainaren 30era arte trukatu ahal izango dituzte bezeroek erosketa-txartelak beste erosketa batekin. SPRIk erosketa-txartelaren balioa saltoki irabazleari ordaintzeko mugaeguna 2011ko maiatzaren 30a izango da. 

Beste programa batzuen osagarria

Eusko Jaurlaritzak azken hilabeteetan garaturiko beste ekimen batzuen osagarria da ekimen hau. 2010eko udaberrian Euskal Merkataritzaren Egokitze Plana onartu zenetik, hainbat programa abiarazi dira, hala nola:

  • Merkataritza Bikaineko programa, bikaintasuneko EFQM eredupean etengabeko hobekuntzako prozesuen ezarpenera bideraturikoa, betiere sektorera egokituta. 250 saltokik ekin diote jada hainbat sari lortzeko bideari, hala nola Brontzezko Q-a, Euskadin ezarritako ziurtagiri aitzindaria.
  • Merkataritza Ekipamenduen modernizazioa, eta horren bidez euskal merkataritzak laguntzak jaso ditu bere lokal eta ekipamendu informatikoak modernizatzeko inbertsioetarako. Eusko Jaurlaritzak 4,7 milioiko ekarpena egin dio programari, eta hobekuntzetan 36 milioiko mobilizazioa eragin du horrek sektorean.
  • Enpresa Transmisio eta Ekintzailetzakoa, sektoreko txikizkako enpresen jarraitutasuna ahalbidetzeko.
  • Gaikuntza eta finantza-tutoretzakoa.
  • Merkataritzako Lehiatu programa eta enpresen arteko lankidetzakoa.
  • Edo Ikusmer Merkataritzaren Euskal Behatokiaren orientazio berria adimen lehiakorreko erreminta gisa, eginiko azterlan berrien lehen emaitzak jada aurkeztu dituena.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 24a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan