Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Auzitegi Gorenaren erabakia errespetatu eta beteko dugu”

2011.eko martxoak 24

Lehendakariak erabakia errespetatzeko eskatu die eragile politiko, sozial eta instituzionalei, “norberaren balorazioa zeinahi izanda ere”

Lehendakariak azpimarratu du erabakia ez dela aho batez hartu, eta, ondorioz, “ez dela erraza izan”. Halaber, Sortuk “ez dituela auzitegiak behar beste” konbentzitu ziurtatu du. Prozesu judiziala ez dela bukatu eta Sortuk Konstituzio Auzitegira jo dezakeela gogorarazi du. Lehendakariaren arabera, ETArekin “modu argiagoan” apurtu duela frogatzeko “aukera bat” da. Lehendakariak esan du “guztioi gustatuko litzaigukeela ezker abertzaleak bere iraganarekin modu sendoagoan apurtu izan balu”; izan ere, horrela “ez litzateke inolako zalantzarik egongo etorkizunerako dituen asmoen inguruan”.

Auzitegi Gorenak Sortu legezkotzat ez jotzea erabaki duela iragarri ondoren, Patxi López lehendakariak esan du “zuzenbide estatu batean gaudela, botereak banatuta daudela eta, ondorioz, erabakia alde guztiei bermeak eskainiz hartu dela”. “Auzitegi Gorenaren erabakia errespetatu eta beteko dugu”, erantsi du. Lehendakariak, horrez gain, eragile politiko, sozial eta instituzionalei “norberak egiten duen balorazioa zeinahi izanda ere” jarrera hori izateko eskatu die. “Sistema ez deslegitimatzea da kontua”, gehitu du.

Lehendakariak gaur goizean baloratu du Auzitegi Gorenak hartu duen erabakia, Sortu legez kanpo uzten duena, hain zuzen. Adierazpen horiek Eusko Legebiltzarraren korridoreetan egin ditu, Gasteizen.

Lehendakariak 61. Aretoko hamasei epaileetako hiruren botoa aipatu du, adostasun faltaren isla baita. Lehendakariaren ustez, boto horiek erabakia “ez dela erraza izan” adierazten dute, baita ezker abertzaleak azken aldian eman dituen pausoak “ez direla behar beste izan auzitegiak konbentzitzeko” ere. Lehendakariak esan du “guztioi gustatuko litzaigukeela ezker abertzaleak bere iraganarekin modu sendoagoan apurtu izan balu”; izan ere, horrela “ez litzateke inolako zalantzarik egongo taldearen jarrerari buruz, eta, batik bat, etorkizunerako dituen asmoen inguruan”.

“Sorturen sustatzaileek behin eta berriro esan dute beren proposamena erabaki estrategiko bat dela, ez duela atzerabiderik, eta ez dagoela hauteskundeekin lotuta”. Hori dela eta, lehendakariak espero du “erabaki judizial horrek, edozein kasutan ere, ETArekin modu argiagoan apurtzea eragitea, eta aurrerapen handiagoak eta erabakigarriagoak egitea demokrazian integratzeko”.

Sortuk Konstituzio Auzitegira jo dezakeela gogorarazi du lehendakariak, baita ETArekin “modu argiagoan” apurtzen duela frogatzeko “aukera” daukala ere. Hori dela eta, lehendakariak ez du baztertu Sortuk hurrengo udal-hauteskundeetan esku hartzeko aukera, baina “epeak direnak direla” onartu du. “Sortuk bere estatutuak lehenago ere aurkez zitzakeen”, azpimarratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari