Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzako hogeita hamar bat hurbiltzaile elkartu dira Berrozin, euren esperientziak eta herritarrekin dituzten harremanak partekatzeko

2019.eko maiatzak 29

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak azpimarratu du hurbiltzaileen lanak duen garrantzia segurtasunaren arloko eskaerak ezagutzeko eta erantzuteko

Berrozi, 2019ko maiatzak 28.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eman dio amaiera gaur goizean Ertzaintzaren Berroziko egoitzan egin den hurbiltzaileen topaketari. Ekitaldian hainbat Ertzain-etxetako inteligentziaren arloko hogeita hamar bat agente elkartu dira, eta euren esperientziak eta gizarte talde eta kolektibo ezberdinekin duten harremana partekatu dituzte. Sailburuak hurbiltzaileen lanaren garrantzia azpimarratu du, eta gogoratu du euren helburua dela herritarrengana hurbiltzea segurtasunaren arloan dituzten premiak zuzenean ezagutzeko, informazio bideak eta fluxuak sustatzeko eta erantzun arinak eta eraginkorrak emateko.

 

Inteligentzia Bulego Nagusiko buruak, Jon Ziarsolok, eman dio hasiera Ertzaintzaren Berroziko basean egin den Ertzain-etxeetako hurbiltzaileen bigarren topaketari, eta 70 ertzainetik gora izan dira bertan.

 

Herritarren artean presentzia handiagoa izatea eta komunikazioa erraztea, segurtasunaren arloko arazoak eta eskaera identifikatzea eta talde eta kolektiboekin aliantzak sortu ahal izatea dira Ertzaintzako hurbiltzaileen lanaren oinarrian dauden printzipioetako batzuk. Era berean, hurbiltzaileen ardura da herritarren prebentzioaren eta autobabesaren arloan formakuntza eta informazioa ematea ere.

 

Berrozin egin den prestakuntza-jardunaldi honen lehenengo zatian ‘Ahulguneak smarthphoneen erabileran’ gaiari buruz hitz egin du Ertzaintzako Informatika Atalaren buruak, Manu Viotak. Jarraian, Psikologia Klinikoan aditua den Roberto Aguado espezialistak “Lotura emozional kontzientea harremanetan” gaiaren inguruan eman duen hitzaldia entzuteko aukera izan dute topaketan parte hartu dutenek.

 

Atseden-tarte baten eta Hernaniko Inteligentzia Bulegoko buruak, Karmelo Martínez Sarobek, egindako aurkezpenaren ondoren, ertzainek Hernaniko Ertzain-etxeko hurbiltzailearen, David Elustondoren, eta Bilboko Ertzain-etxekoaren, José Javier Antónen, esperientziak entzuteko aukera izan dute.

 

Azkenik, Bizkaiko Inteligentzia Bulegoko ikerketa-buruak, Francisco Javier Erdoizak, egin ditu moderatzaile-lanak hurbiltzaileen topaketa honetan parte hartu duten 70 ertzainen artean egin den eztabaida irekian, eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eman dio amaiera ekitaldiari.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2019.eko maiatzak 30

    Comentario de Twitter:
    Ertzaintzako hogeita hamar bat hurbiltzaile elkartu dira Berrozin, euren esperientziak eta herritarrekin... https://t.co/hN2HLRQxae

Ekitaldiko kargudunak