Eu

2.500 boluntariok eta 300 urpekarik parte hartuko dute datorren ekainaren 8an Urdaibaiko itsasertzean egingo den hondakinen bilketa handian

2019.eko maiatzak 29
  • Zero Plastiko Urdaibai plastikoak eta beste hondakin batzuk garbitzeko herritarren ekimenak jada bete ditu bertan parte hartzeko oraindik libre zeuden plazak, ekimena hasi baino bi aste lehenago

  • 14 tartetan banatu da esku hartzeko eremua, Gaztelugatxetik Elantxoberainoko itsasertzean

  • Ozeanoen Mundu Egunarekin batera egingo da kanpaina, eta haren helburua da itsasertza eta itsas ekosistemak kutsatzen dituen zabor eta plastiko kantitate handiari buruz sentsibilizatzea

  • Ekoetxea Urdaibai zentrora joatera animatzen ditugu interesa duten pertsonak, 13:00etatik aurrera; bertan, hainbat jarduera antolatu dira publiko guztientzat, hala nola emanaldiak, lantegiak, bisita gidatuak eta kontzertuak

Zero Plastiko Urdaibai herritarren ekimenak, eskualde horretako itsasbazterrean plastikoak eta bestelako hondakinak garbitu eta biltzeko jardunaldiak, jada bete ditu boluntarioentzako libre zeuden plazak, ekimena egin baino bi aste lehenago. Hain zuzen, jardunaldia ekainaren 8an egingo da, larunbatean, Ozeanoen Mundu Egunean.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila –Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuaren bidez–, Bermeoko Izaro Sub urpekaritza-kluba eta Bizkaiko Foru Aldundia dira ekimenaren sustatzaileak, eta 2.500 boluntariok eta 300 urpekari eta ontzik baino gehiagok parte hartuko dute ekimenean. Helburua da Urdaibai Biosferaren Erreserbaren itsasertza eta Gaztelugatxeko Doianeko Biotopo Babestua garbitzea baita ozeano eta itsasoetako plastikoen arazoari buruz kontzientziatzea ere.

Garbitzen jarduteko izen-emate gehiago onartzen ez badira ere –babestutako eremu bat izanda, plazak mugatuak dira–, erakunde antolatzaileek interesa duten pertsona guztiei gonbita egiten diete 13:00etatik aurrera Ekoetxea Urdaibaira etor daitezen, alegia, Busturiako Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-hezkuntzako zentrora, non, era berean, Urdaibaiko Partzuergoaren egoitza baitago.

Han, adin guztietako publikoentzako askotariko jarduerak antolatu dira, hala nola emanaldiak, lantegiak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta kontzertuak. Garbitzeko lanetan parte hartzen duten boluntario guztiei bazkaria ere emango zaie, egindakoa eskertzearren.

Hainbat artistak parte hartuko du, besteak beste: Busturiko txistulariak, Irrintzi Alai Dantza Taldea, Konboak & Some Rockers, Kiking and Alive eta Maren. Halaber, beste zenbait ekitaldi egingo dira: bertsolariak, bisita gidatuak Urdaibai Biosfera Erreserbaren erakusketan, mikroplastikoei, ibai garbiei eta ekopatruilari buruzko hitzaldiak –AZTIk, Urak eta Mater Museoak emango dituzte hurrenez hurren–, eta plastikoak birziklatzeko lantegiak. Jardunaldia osatzeko, arratsaldean, Lesley Yendell eskultore ingelesak artelan bat egingo du zuzenean, hondakin plastikoak eta bestelako materialak erabilita.

Esku hartzeko eremua

Garbiketa-lanak goizeko 09:30ean hasiko dira. 14 tartetan banatu da esku hartzeko eremua, Gaztelugatxetik Elantxoberainoko itsasertzean. Tarte bakoitzean kontrolgune bat jarriko da, parte hartzen dutenei behar den materiala emateko (elastikoa, eskularruak, poltsak, baheak), eta arduradun bat ere egongo da, sortzen den gertakari orori kasu egiteko. Lehorreko zaborraz gain, itsasokoa ere bilduko dute Izaro Sub klubeko urpekariek eta inguruko kaietan dauden ontzietako kideek, horiek ere boluntarioak.

Jarduera-eremua 14 tartetan banatu da:

Gaztelugatxe
Matxitxako-Tonpoi
Bermeoko portua

Mundaka
Sukarrieta-Busturia
Busturia
San Kristobal

Urbieta-Itsasadarra

Ubidea

Solabe-Laida
Laga
Elantxobe
Itsasoa
Urdaibai Bird Center

Ekimen jasangarria

Zero Plastiko Urdaibai ekimen jasangarri bat da. Erronka Garbia ziurtagiria dauka, Eusko Jaurlaritzaren Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak emana. Horregatik, Bermeo eta Gernika-Lumoko elkarguneetara joateko, garraiobide publikoa (Bizkaibus eta Euskotren) erabiltzea aholkatu dute antolatzaileek. Era berean, garraio kolektiboa behar duten parte-hartzaile guztiek garraio-sistema bat izango dute erabilgarri jardunaldi osoan.

Ekoetxea Urdaibaiko ingurunera ezingo da ibilgailu pribatuan sartu. Hori horrela, aparkaleku bat prestatuko da Sukarrietako udalekuen aurrean, Itsasbegiko tren-geralekuaren ondoan, Busturian. Antolatzaileek loturako autobusak ere jarriko dituzte Euskotreneko Itsasbegi, Axpe eta San Kristobalgo geralekuetatik Ekoetxea Urdaibaira joan ahal izateko.

Plastikoen gehiegizko erabilera

Zero Plastiko Urdaibai kanpaina Ozeanoen Mundu Egunarekin batera egingo da (ekainaren 8a), Ingurumenaren Mundu Eguna (ekainaren 5a) igaro, eta hiru egunera. Itsasbazterra eta itsas ekosistemak kutsatzen dituzten zabor eta plastiko kopuru handiaz sentsibilizatzea da ekimenaren asmoa (plastiko horiek behin bakarrik erabiltzekoak dira gehienbat). Izan ere, itsaso eta ozeanoetan dauden hondakinen % 70 utzitako arrantza-aparailuak, mikroplastikoak eta behin erabiltzeko plastikoak dira (poltsak, mahai-tresnak eta edalontziak, besteak beste).

Kalkuluen arabera, plastikozko botila batek gutxienez 500 urte beharko ditu itsas hondoan degradatzeko, eta 100 urte gehiago arrantzarako hari batek. Plastikozko poltsa soil batek, berriz, 50 urtetik gora behar ditu guztiz deskonposatzeko.

Babesleak

Honako hauen laguntza du ekimenak: Athletic Club fundazioa, BBK fundazioa, Uraren Euskal Agentzia, Echebastar konpainiaren Alakrana, Maier, BTWC-Bermeo Tuna World Capital, Euskotren eta Urremendi landa-garapenerako elkartea.

Urdaibai Biosfera Erreserba

Urdaibai ohiz kanpoko edertasuna eta aberastasun ekologikoa duen naturagunea da; UNESCOk Biosfera Erreserba izendatu zuen 1984an. Guztira, 22.000 hektareako azalera dauka, hainbat labar, mendi, hondartza, ibai, urpeko ur, kobazulo, baso natural eta paduraz osatua. Horrez gain, biodibertsitate handia dago Oka ibaiak itsasoratzean sortzen duen estuarioan. 

Horren erakusgarri dira bertan aurki ditzakegun 729 animalia-espezieak, 821 landare-espezieak, 86 habitatak eta interes geologikoko 52 lekuak; halaber, badauzka 3 Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) bat ere, Natura 2000 Sarean daudenak.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ecienciacom
    2019.eko ekainak 06

    Comentario de Twitter:
    Aquí toda la info sobre la campaña https://t.co/Ve0qt7RitI

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Elena Unzueta, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturaleko diputatua. Nicolás García-Borreguero, Urdaibaiko Biosferako Erreserbaren Patronatuaren zuzendaria. Iñigo López Goikolea, Izaro Sub Bermeoko Urpeko Kirol-taldearen ordezkaria