Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak ADEGIren 2019ko Enpresaren Eguna ixteko ekitaldian parte hartu du

2019.eko maiatzak 29
  • Iñigo Urkulluk Euskadin enpresa-jarduerak izan duen etengabeko hazkuntza nabarmendu du eta industria adimendunaren bidean aurrera egitearen aldeko apustua egin du

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarekin eta Mª Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuarekin batera, ADEGIren 2019ko Enpresaren Eguna itxi du.  

Ekitaldian, bi sari banatu dira. Alde batetik, ADEGI saria “Gipuzkoako Enpresa Berriari”, eta Kiro Grifols enpresari eman zaio, eta, bestetik, ADEGI saria “Enpresa Kultura Berriari”, eta Fresmak enpresari eman zaio.

Lehendakariak azken sei urteotan Euskadin enpresa-jarduerak izan duen etengabeko hazkuntzaren balioa nabarmendu du. Horrela, gogora ekarri du Euskadik eta Gipuzkoak, zalantzazko egoeretan ere, beti erakutsi dutela aldaketari aurrea hartzeko gaitasuna; “krisialdien ondorioz, gogorrago bihurtu gara”, esan du. Euskadik, bizi duen egungo egoeran, berriro ere du trantsizio-prozesua aurrez aurre, eta, Lehendakariak esan duenez, “gure erabakien mende gaude, eta gure konpromisoa elkarrekin erabakitzen jarraitzea da”.

Enpresaren eta gizartearen beraren eraldaketa-egoera horretan, Iñigo Urkulluk hiru erronka nabarmendu ditu: trantsizio digitala, trantsizio energetikoa eta trantsizio demografikoa. “Ezin gara geldirik geratu. Aurrea hartu behar dugu, trantsizio horiek aukera-iturri berria izan daitezen. Fabrikazio aurreratutik industria adimendunera egiteko gai izan behar dugu”, esan du.

Lehendakariaren hitzen arabera, industria adimendunean aurrera egiteko, zibersegurtasunean, elkarlaneko robotikan eta material berrietan aurrera egiteaz gainera, aurrez aurre jarri behar da trantsizio berdea; izan ere, “hori aukera bat da” aurrezpen energetikoko sistemak sartzeko. Halaber, hondakinak murriztuko dituzten, birziklapena areagotuko duten eta lehengaien berrerabilera handituko duten fabrikazio-diseinuak sartu behar dira. Era berean, industria adimendunerako bidean, Lehendakariak nabarmendu du Europan I+G jardueraren ondorioz aintzatesten den eta berrikuntza bereizgarri duen eskualde izateko, ikerketak eta garapen teknologikoak lehentasun nagusi izan behar dutela. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du % 5 baino gehiago areagotzeko urtean ikerketako eta garapeneko inbertsio publikoak. “Herrialde-apustua da, eta euskal enpresa guztien konpromisoa izan behar du”, esan du.

Pasa den igandeko hauteskunde-emaitzak direla eta, Lehendakariak esan du emaitzak konfiantzatik interpretatu direla. “Konfiantza euskal erakundeak kudeatzeko eta enpresaren munduarekin eta gure herrialdearen aktibo handia den ekimen pribatuarekin hurbiltasunari eta elkarlanari eusteko moduan”, esan du. Horrela, Lehendakariak esan du partekatutako estrategia-ereduari eta lankidetzari eustera bultatzen dutela, “izan ere, herrialde honi emaitza onak dakarzkio”.

Itxiera-ekitaldia Donostia-San Sebastiángo Tabakaleran izan da eta, bertan, Bakartxo Tejería Legebiltzarreko lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria ere izan dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak