Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadiko GGKEen Koordinakundeak Ignacio Ellacuría saria jaso du

2009.eko azaroak 25

Lehendakariak, Koordinakundeak garapenaren eta boluntariotzaren hezkuntza sustatzeko egin duen lana onartzen duen sari hau eman du

Patxi Lópezek 1989an El Salvadorren eraildako teologoaren irudia aldarrikatu du eta gizon on gisa definitu du. Lópezek, Ellacuría oraina argitu diezagukeen adibide bat dela esan du, izan ere, egoera txarrean zeuden pertsonen bizitzaren duintasuna bilatzen saiatu zen haiekin lan eginez.

Euskadiko GGKEen Koordinakundeak "Ignacio Ellacuría" sariarekin aintzatespena jaso du garapenaren eta boluntariotzaren esparruan egin duen lana dela eta. Sari honekin, Eusko Jaurlaritzak euskal GKEen lana goraipatzen du, burutzen duten "gizarte-lan garrantzitsuarengatik". Patxi López lehendakaria arduratu da saria emateaz, baina aurretik GKEek "erosotasun pertsonalaren gainetik" gizartea hobetzeko duten konpromisoa nabarmendu du.

Sari banaketa Portugaleteko UNEDen egoitzan ospatu da, non, lehendakariaz gain, Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietarako sailburua egon den. Euskadiko GGKEen Koordinakundearen izenean Sonia Gonzálezek jaso du saria eta adierazi du sari honekin koordinakundearen "historiaren 21 urteak" baloratu direla. Koordinakundea egun GGKE 79 GKEk osatzen dute.

Lehendakariak, bere hitzaldian, sari hauei izena ematen dien Ignacio Ellacuría teologoa aipatu du. Ellacuría 1989an erail zuten El Salvadorreko armadakoek, edo lehendakariaren hitzetan "bere ideiak ezabatu nahi zituztenek". Hala ere, Lópezek nabarmendu du ez zutela lortu eta "militarrek gizon on bat hiltzea soilik lortu zutela".

Hain zuzen, Ellacuría hil zutenetik 20 urte bete direnean, lehendakariak bere irudia "oraina argitu diezagukeen" adibide gisa jarri du; nabarmendu du "egoera txarrean zeuden pertsonen bizitzaren duintasuna bilatzen saiatu zela haiekin lan eginez" eta hezkuntza defendatu zuela behartsuenek bizi zuten bidegabekeria desagerrarazteko bide gisa.

Gainera, azpimarratu du Ignacio Ellacuríak adostasuna eta irtenbide politikoaren bilaketa indartzea planteatu zuela, indarkeria alde batera utziz, eta bizitzaren alde egin zuela "defendatu beharreko balio goren" gisa, edozein egoeratan.

Euskadi, aitzindariak garapenean eta lankidetzan

Bestalde, Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak Ignacio Ellacuríaren familiari eskerrak eman dizkio bere izena daraman sariaren lehenengo banaketa-ekitaldian parte hartzeagatik, eta Portugaleteko teologoaren irudia goraipatu du. "Ignacio Ellacuría" Garapenerako Lankidetzaren sariak "kontzientziak astindu" eta Portugaleteko jesuitaren oroimena ohoratu nahi dituela ziurtatu ondoren, Zabaletak adierazi du euskal gizartea "aitzindaria" izan dela Estatuan garapenaren lankidetzaren alorrean.

Adibide gisa, Zabaletak gogorarazi du Garapenerako Laguntza eta Lankidetza Fondoa (FOCAD) aurrekontu garbi osoaren % 0,49 dela, eta GKEek zuzenean kudeatzen dituztela baliabide horien % 80 jasotzen duten proiektu eta programak.

Sailburuak adierazi du 2010. urtean abian jarriko dela Lankidetzaren Euskal Agentzia eta plan gidari bat egingo dela, Espainiako eta Europako lankidetzaren esparruan elkarrekintzak sustatuko dituena, eta "lankidetza solidarioaren gaitasuna" bultzatuko dela.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria