Eu

Ingurumen Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Industria Ekonomia Zirkularreko Estatuko lehenengo graduondokoa bultzatu dute

2019.eko maiatzak 28
  • Matrikulazio-epea irekita dago eta datorren 2019-2020 ikasturtean hasiko da ematen, Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatean
  • 30 plaza eskaintzen ditu, eta egiten dutenek beren gaitasunak eta prestakuntza hobetu ahalko dute arlo berri horretako profesionalen industria-eskaerari erantzuteko 
  • Aurreikuspenen arabera, Euskadin 3.000 lanpostu berri sortuko dira ekonomia zirkularraren eremuan 2030. urtera arte 
  • Euskadiko industrian neurri berritzaile zirkularragoak jartzeari esker, % 6 aurreztu ahalko da bataz beste lehengaien kontsumoan, hau da, 2.000 milioi euro

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenok, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Euskara eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreorde Jon Zaratek akordio bat aurkeztu dute gaur goizean, zeinaren bidez Estatu mailako lehen graduondokoa jarri baita martxan industriaren ikuspegiko Ekonomia Zirkularraren inguruan, datorren 2019-2020 ikasturtetik aurrera emango dena Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatean.

Graduondokoaren izenburua hau da: “Ekonomia Zirkularra: enpresa-ezarpena”, eta ikasleek unibertsitate-adituaren titulua eskuratuko dute, UPV/EHUko ikasketa-planaren arabera. Formatu erdi-presentziala izango du eta 2019ko urritik 2020ko apirilera arte emango da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publiko Ihoberen eta Basque Ecodesign Center-en lankidetzarekin. 30 plaza ditu eta matrikula-epea irekita dago.

“15 urte baino gehiago daramagu UPV/EHUrekin lankidetzan ikasleei prestakuntza praktikoa ematen. Hala ere, Euskadi 2030 Ekonomia Zirkularreko Estrategia –une honetan izapidetze-prozesuan dagoena– egiteko parte-hartze prozesuan ekarpen asko jaso ditugu goi mailako irakaskuntzako hezkuntza-eskaintza zabalagoa eskatuz, Euskadi ekonomia zirkularreko prestakuntza aurreratuko erreferentziazko herrialdeen artean izan dadin”, Elena Moreno sailburuordearen adierazpenetan.

Era berean, Morenok esan du unibertsitate ondoko prestakuntza-eskaintza gutxi dagoela eremu horren inguruan. “Ikusi dugunaren arabera, soilik bi unibertsitatetan existitzen ziren antzeko espezializazio-ikastaroak, bat Finlandian eta bestea Erresuma Batuan, eta horregatik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta UPV/EHUk erabaki dugu elkarrekin lan egitea eta ekonomia zirkularreko prestakuntza hau bultzatzea graduondoko honen bidez, industria-enpresei bideratutako ikuspegi argi batekin”.

Horrela, gai horretan prestatutako profesionalen industrian existitzen den egungo eskaerari erantzun nahi zaio. Europar Batasunak aurreikusten duenaren arabera, ekonomia zirkularrak 580.000 lanpostu zuzen baino gehiago sor ditzake hemendik 2030. urtera, eta Euskadik Ekonomia Zirkularreko Estrategia berrian ezarri duen helburua da arlo horretan 3.000 lanpostu berri sortzea 2030. urte horretarako.

Bestalde, Euskara eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreorde Jon Zaratek azpimarratu du: “Graduondoko hau berezi egiten duen beste ezaugarri bat hauxe da: irakasleak diziplinetako zeharrekoak dira, eta, gainera, unibertsitatetik zein enpresa arlotik datoz. Ikuspegi aniztasun horrek titulua aberastuko du, eta, horrez gain, unibertsitatetik enpresara eta alderantziz doan ikerketa-berrikuntza transferentzia bultzatuko du”.

 

Gaitasun hobekuntza

Graduondoko hau Ingeniaritza, Ekonomia eta Enpresa Administrazioaren arloko gradudun eta profesional aktiboei zuzenduta dago; hala ere, lizentziatura, diplomatura edo gradua duen edonorentzat eskuragarri dago, ekonomia zirkularrak diziplina anitzeko izaera baitu. Graduondoko hori egiten dutenek gaitasun profesionalak osatuko eta prestakuntza hobetuko dute, negozio eta ekoizpen jasangarriaren arloan suspertzen ari diren lanpostu-aukera zabalari aurre egin ahal izateko.

Graduondokoa egiten duten ikasleek, gainera, ekonomia zirkularrak enpresei eman ahal dien balioa identifikatzeko gaitasunak garatuko dituzte, eraginkorragoak izango diren material-zikloak sortzeko, lankidetza-ekonomia bat diseinatzeko eta inplementatzeko, baita ekonomia zirkularraren ikuspuntuan oinarritutako negozio-ereduak proposatzeko ere enpresei. Ikuspuntu horren bidez, produktuen eta materialen balioa ahalik eta denborarik gehienean mantentzen da, hondakinak minimora murrizten dira, eta horiek produkzio-zikloan behin eta berriz txertatzen diren baliabide bilakatzen dira, ondasunak beren bizitza baliagarriaren amaierara iristen direnean balioa sortuz.

Ikasketa-plana 9 modulutan banatzen da, eta honako gai hauek landuko ditu: ekodiseinua eta ekonomia zirkularra; ekoberrikuntza negozio-aukera moduan; ekonomia zirkularra enpresan; ekonomia zirkularraren testuingurua eta alderdi orokorrak; ingurumen-kudeaketako tresnak enpresan; produktuen eta zerbitzuen ekoizpenaren eta kontsumoaren ondoriozko ingurumen-inpaktuak; ekonomia zirkularraren kasuen deskribapena; bizitza-zikloaren azterketa: kalkulurako eta komunikaziorako tresnak; eta produktuaren ingurumen-aztarnaren kuantifikazioa. Programa osatzeko, ikasleek ikerketa-lan batzuk aurkeztu beharko dituzte, titulua eskuratzeko azkeneko urrats moduan.

Euskal Autonomia Erkidegoan gero eta enpresa gehiago ari dira praktika edo eredu zirkularrak ezartzen (ekodiseinua, serbitizazioa, birmanufaktura, bizitza-zikloaren azterketa, ingurumen-adierazpenak, etab.) sektore oso ezberdinetan, besteak beste: automobilgintza, garraio-ekipamenduak, ekipamendu elektrikoak eta elektronikoak, makina-erreminta, metala, kimikoa, higiezinak, eraikuntza eta ingurumen-zerbitzuen azpisektoreak.

Gai horretan interes handia duten adibide zehatzak honako hauek dira: Orona, EDP Energía, Cie Automotive, Gamesa, Iberdrola, Ormazabal Velatia, Vicinay Cadenas, Euskaltel y Eroski. Horiek guztiek ere graduondoko hau babesten dute Basque Ecodesign Center-en bidez.

 

Ekonomia zirkularra Euskadin

Euskadik urteak daramatza arrakastarekin lan egiten ekonomia zirkularrean. 2000. urteaz geroztik, euskal ekonomia % 26 hazi da, materialen kontsumoa % 25 murriztu da eta zabortegian amaitzen duen hiriko hondakinen bolumena % 56 murriztu da. Hori "ekonomiaren desakoplamendu” moduan ezagutzen da, hau da, hazkunde ekonomikoa baliabide-kontsumo txikiago batekin.

Beraz, Euskadiko industria-sektorea ekonomia zirkularrago baterantz joateko eraldaketa egiteko mugarria dela aurreikusten da. Sektore horrek ia % 25eko ekarpena egiten dio BPGd-ari, eta materialik gehien kontsumitzen duen (gehienak inportatuak) eta hondakinik gehien sortzen duen sektorea da. Eusko Jaurlaritzako “Euskadiko Industriako 2018ko Ekonomia Zirkularraren Diagnostikoa” izeneko txostenaren arabera, industriak hobekuntzarako marjina du zenbait faktore lehiakor garrantzitsutan, esaterako, lehengaiak hornitzeko kostuan, Euskadiko enpresen kostuen totalaren % 61ekoa baita.

Irtenbide berritzaile zirkularragoak burutuko balira, lehengaien kontsumoan bataz beste % 6 aurreztuko litzatekeela balioetsi da, eta horrek 2.000 milioi euro aurreztea suposatuko luke Euskadiko ekonomian. Metalaren (siderurgia, galdaketa, produktu metalikoak) eta mugikortasunaren (automobilgintza, aeronautikoa) sektoreek Euskadiko industriaren aurrezpen potentzialaren erdia bilduko lukete.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Zarate