Berriak Lehendakaritza
Eu

Lau hilabete ondoren, Eusko Jaurlaritzak Herenegun materialari buruzko elkarrizketa-erronda amaitu du ekarpenak egin zituzten erakundeekin

2019.eko maiatzak 29
  • Herenegun material didaktikoan sartuko diren aldaketen proposamena jarrera irekiarekin erantzun da

  • Une honetatik aurrera, dokumentaletan aldaketak sartzen hasiko da, 2019-2020 ikasturtean egingo den esperientzia pilotua prestatze aldera

Material didaktiko honi ekarpenak egin zizkioten erakunde guztiekin elkarrizketak izan ondoren ateratako ondorioak idatziz pasa dizkie gaur Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak. Elkarrizketa-prozesu honen ondorio nagusia da dokumentaletan aldaketak sartzeko Eusko Jaurlaritzak solasaldi-erronda honetan aurkeztutako proposamena jarrera irekiarekin erantzun dela. Hau oinarri hartuta, dokumentaletan aldaketak sartzen hasiko gara.

Aurrekariak

2013-2016rako Bake eta Bizikidetza Planaren ebaluazioak eta 2017-2020 aldirako Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planetik eratortzen diren aurreikuspenek hezkuntza-material bat prestatzea aholkatu zuten Memoria Hurbilari zegokion aldia (1960-2018) historiako ikasgaian txertatzeko DBHko 4. mailan eta Batxilergoko 2. mailan.

Material hau urriaren 11n aurkeztu zen zirriborro gisa eta Legebiltzarreko talde guztiei, Euskadiko Eskola Kontseiluari, Gizalegez Akordioaren sinatzaileei, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluari eta Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren Aholku Batzordeari bidali zitzaien. Ekarpenak jasotzeko epe bat zabaldu zen azaroaren 16ra arte, gero abenduaren 21era arte zabalik egon zena.

Ezarritako epean, 31 ekarpen-multzo jaso ziren. Hiru kategoriatan banatu ziren, edukiaren arabera:

  1. Material osoa auzitan jartzen duten ekarpenak: zazpi alegazio.
  2. Materiala sakonki aldatzea iradokitzen duten alegazioak: zazpi alegazio.
  3. Hezkuntza-materiala egokitzat jotzen duten eta hobekuntza zehatz batzuk proposatzen dituzten ekarpenak: 17 alegazio.

Jasotako iradokizun gehienak bost dokumentalen eta Esparru Historiografikoari buruzko 1. dokumentuaren gainekoak dira, eta ia ez zitzaien ekarpenik egin ikasleekin egingo den hezkuntza-lana garatzen duten koadernoei.

Jasotako ekarpenak aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzak 2019ko urtarrilaren 24ean iragarri zuen hezkuntza-material honi buruzko adostasuna elkarrizketarekin, denborarekin eta jarrera irekiarekin kudeatzeko asmoa zuela. Ondorioz, esperientzia pilotuaren inplementazioa ikasturte bat atzeratzea eta ekarpenak egin zituzten erakunde eta pertsona guztiekin elkarrizketa-prozesua bati ekitea erabaki zuen.

Elkarrizketa honi begira, Eusko Jaurlaritzak bost dokumentalenzat aldaketa-gidoi proposamen bat prestatu zuen jasotako iradokizun gehienei erantzuteko asmoz. Otsailean, martxoan, apirilean eta maiatzean zehar ekarpenak egin zituzten erakundeekin eta identifikatutako pertsona guztiei aurkeztu die gidoi hau. Prozesu honetatik atera daitezkeen ondorioak ondorengoak dira:

  1. Azken lau hilabetetako elkarrizketaren ondoren, Herenegun material didaktikoan sartuko diren aldaketen proposamenak jarrera irekiarekin erantzun dira.
  2. Aldeko jarrera ireki hau behar bezain zabala eta zeharkakoa da dokumentalen aldaketa-prozesua zabaltzeko modukoa 2019-2020 ikasturtean esperientzia pilotua prestatze aldera.

Materialak egokitzeko aurrez adostutako irizpideak

Elkarrizketa-prozesu honetan adostasunik zabalena piztu dituzten irizpideak ondorengo zazpi puntuetan laburbil daitezke:

  • Bideo bakoitzean idatzita agertzen den mezua indartzea, testua gehituz eta mezua irakurtzen duen off ahotsa txertatuz.
  • Bideoetan ateratzen diren biktimen profilak zabalduko dituzten testigantzak txertatzea zenbait ekarpenetan behin eta berriz azpimarratu izan delako.
  • Balio historiografikoa eduki dezaketen arren, eszenak birplanteatzea edo kentzea, zenbait ekarpenetan hala iradoki delako zalantzak sorrarazten dituztela eta.
  • Zenbait gaien tratamendua ñabartu edo erreferentziak gehitzea jasotako iradokizunei jarraituz.
  • Legebiltzarrean presentzia duten sentikortasun politiko guztietako ahotsen presentzia eskaintzen jarraitzea.
  • Informazio edo gogoeta historiko baliotsua eskaintzen duten ahotsak mantentzea. Ez txertatu gorrotoa edo bazterketa bultza lezaketen baieztapenik ezta terrorismoaren legitimazioa iradoki dezaketen teoriarik ere.
  • Jasotako zenbait ekarpenetan proposatu den bezala, eszenak murriztea, muinekoa izaerarik ez dutelako.

Neurri osagarriak

Jasotako iradokizunak eta proposamenak kontuan hartuta, hartuko diren beste neurri osagarriak ondorengoak dira:

  • Esperientzia pilotuak bere garapenaren ebaluazio- eta sistematizazio-prozesu zorrotza jasango du. Emaitzen arabera, esperientzia pilotua zabaltzearen aukera irekia geratuko da.
  • Esperientzia pilotua baldintza egokietan garatzen dela bermatzeko, hezkuntza-materialak berriro landu ondoren, ez dira jendaurrean jarriko bere ebaluazioa aurkeztu ahal izan arte.
  • Esperientzia pilotuaren aurretik, honen garapenean parte hartuko duen irakaslegoari formazioa eskainiko zaio.
  • Adi-adian biktima hezitzaileen programan parte hartu duten lau zentroetan eta programa honetan parte hartu ez duten beste lau zentroetan garatuko da esperientzia pilotua.
  • Etorkizunari begira, material hau ez da historiako ikasgaira murriztuko soilik, etika, filosofía edo tutoretza bezlako beste eremuetan ere landu ahal izango da.

Material idatzien inguruan

Testu-aldaketa proposamen ia guztiak 1. Koadernoari zuzendu zitzaizkion (eremu historiografikoari buruzkoa). Proposamen gehienek ez dute arazorik planteatzen horiek gehitzeko. Lan hori dokumentu eta formatu bereizian aurkeztuko da aurrerago, hobeto uler dadin jatorrizko testuarekiko aldaketa izan daitekeen guztia.

Ikasleekin egin beharreko lana jasotzen dute 2. eta 3. Koadernoek eta oso ekarpen gutxi jaso dituzte eta ia bat berak ere ez du zalantzan jartzen bere estrategia didaktiko edo pedagokikoa. Dena den, ekarpen horien azterketa esperientzia pilotuaren garapenarekin pareleloan egingo da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak