Berriak Osasuna
Eu

Gobernu kontseiluak toki eremuan osasuna sustatzeko laguntzen deialdiaren oinarriak onetsi ditu (Gobernu Bilera 2019-05-28)

2019.eko maiatzak 28

Gobernu Kontseiluak, Osasun Sailak eskatuta, honako agindu hau onetsi du: 2019an Euskadiko toki-eremuan parte-hartze komunitarioko prozesuen esparruan osasuna sustatzeko jarduketetarako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onestekoa.

Parte-hartze komunitarioko prozesuak hainbat agente barne hartzen dituzten egiturak dira. Agente horiek, besteak beste, honako hauek dira: administrazioak, sektoreak (hezkuntzakoa, gizarte-arlokoa, osasunekoa eta abar), herritarrak eta gizarte-erakundeak. Horren bidez, erkidegoaren beharrei erantzun nahi zaie.

Osasuna sustatzeko jarduketak diruz lagunduko dira, eta jarduketa horiek honako gai hauekin izango dute zerikusia: jarduera fisikoa, elikadura osasungarria, ongizate emozionala, osasunerako edo ongizaterako ingurune mesedegarriak, etab.

Dirulaguntza horiek Euskadiko udalerri, mankomunitate eta gainerako toki-erakundeek eskatu ahalko dituzte, bai eta toki-erakunde autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek ere.

Laguntzak 292.000 eurokoak izango dira, guztira, eta, proiektuko, ezingo dira izan 8.000 eurotik gorakoak, ez eta 15.000 eurotik gorakoak ere erakunde onuradun bakoitzeko, proiektu bat baino gehiago aurkezten bada.

Eskabideak baliabide elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, hilabeteko epean, deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Agindu horren helburua da toki-eremuan eta osasun-arloaz bestelako beste sektore batzuetatik osasuna sustatzea, “Osasuna politika guztietan” Europar Batasunaren estrategiak eta OMEren Osasunaren Gizarte Baldintzatzaileei buruzko txostenak gomendatzen duten bezala.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko