Berriak Lehendakaritza
Eu

Milioi bateko laguntza cear-entzat, Oñatiko Larraña Etxea aterpetxean hartutako migratzaileei arreta emateko (Gobernu Bilera 2019-05-28)

2019.eko maiatzak 28

Gobernu Kontseiluak, gaur, CEAR Euskadiri milioi bateko dirulaguntza ematea onetsi du, Euskadin nazioarteko babesa eskatzen duten eta Oñatiko Larraña Etxea lehen harrerako zentroan beren egoera argitu arte dauden pertsona eta familiei arreta, orientazioa eta laguntza emateko. 

Gaur, pertsona bat babeslekua jasotzeko eskatzaile gisa onartu dela egiaztatzeko poliziaren aurreko izapideak luzatu egiten dira 6 eta 15 hilabete bitarteko aldietan. Larraña Etxearen helburua da, zehazki, pertsona horien beharrei erantzutea, alternatiba bideragarriak eta egonkorrak eta beren egoera eta interesetara egokitzen direnak bilatu bitartean. Salbuespen gisa, aterpetxeak ahultasun-egoeran dauden, iragaitzazkoak diren edo Euskadira heldu berriak diren migratzaileak ere hartzen ditu. 

Horrela, zentroak pertsona horien oinarrizko beharrei erantzuten die, alegia: harrera (jateko, lo egiteko eta berezko espazioa izateko egoitza-espazioa); osasun-arreta (Osakidetzarekin koordinazioan); arreta juridikoa; hizkuntza ikastea (Oñatiko boluntarioen bidez eta eskolak HHEn), eta prestakuntza (futbola, saskibaloia, informatika, joskintza eta herriko azoka eta jardueretan parte hartzea). Gainera, zentroko cateringeko zerbitzuak eta garbiketakoak eta ikuztegikoak gizarteratzeko enpresek kudeatzen dituzte. 

27 nazionalitatetako 132 pertsona

Aterpetxeak ateak 2018ko urrian ireki zituen, eta, hasiera batean, 100 plazarentzako lekua du, eta kopuru hori, behar izanez gero, zabaldu daiteke. Ireki zenetik, Larraña Etxeak 132 pertsona hartu ditu, 27 nazionalitatetakoak. Artatutako pertsonen profila, egun arte, honako hau izan da: gizonezko gaztea (20 eta 30 urte bitartean), Saharaz hegoaldeko Afrikakoa (Ginea, Conacry, Kamerun, Boli Kosta…). Gaur egun, zentroan 84 pertsona bizi dira; horien artean, kargura adingabeak dituzten hiru familia eta bikote bat.

Zentroko kudeaketaren zuzendaritza koordinazioan daramate CEAR Euskadik eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailarekin harremanetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko