Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Euskal Y-aren Gipuzkoako adarraren %57ko obrak martxan daude, Bergara-Bergara eta Antzuola-Ezkio Itsaso Ekialdea zatietako lanak hasi ondoren

2011.eko martxoak 24

  Bergara-Bergara zatiaren barruan, orain arte Gipuzkoako ikusgarriena  izango den 900 metroko bide-zubi baten eraikuntza sartzen da

 Euskal Y-aren Gipuzkoako adarraren %57 burutzen ari da jada, orain arte Gipuzkoako sare berriko bide-zubi ikusgarrienaren eraikuntza hartuko duen Bergara-Bergara (3,1 km.), eta Antzuola-Ezkio Itsaso ekialdea (3,4 km.) zatietako lanak hasi ondoren.

 Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak eta Pedro Luis Ríok, Estatuko Gobernuak Gipuzkoan duen Ordezkariordeak, hartu dute parte gaur goizean, Bergarako udalerrian dagoen Kukubaso inguruan burutu den lehen harria jartzeko ekitaldi sinbolikoan.

 Bergara-Bergara zatia 3,1 kilometro da luze, eta horietatik ia erdia bide-zubian burutuko dira. 95,1 milioi euroko aurrekontua du, eta burutzapenerako epea, berriz, 34 hilabetekoa da. Lan horren punturik azpimarragarriena, 900 metroko luzera eta 90 metrotik gorako altuera izango dituen Deba ibaiaren gaineko bide-zubia izango da. Bao eta bao artean, batez besteko 80 metroko distantzia izango du.

Altuera horren zergatia, Bergaratik gertu dagoen gune horretan bailarak duen sakongunean dago. Bide-zubi horrek AP 1 Maltzaga-Gasteiz errepidea, errepide zaharra eta Deba ibaia bera gaindituko ditu. Horrez gain, ikusmen eragina ahalik eta txikiena izan dadin, bide-zubia metalezkoa izango da, gehienetan hormigoizkoa izaten bada ere.

 Antzuola-Ezkio Itsaso

 Antzuola - Ezkio Itsaso zatiari dagokionez, 6.940 metro ditu eta Antzuola, Urretxu, Zumarraga eta Ezkio/Itxaso udalerriak zeharkatzen ditu. Zati horren ezaugarri nagusietakoa azpiegitura asko dituela da, izan ere, zatiaren luzera osoaren %84 azpiegiturek betetzen baitute. Azpimarratzekoak dira 495 metro dituen Deskargako errekaren gaineko bide-zubia eta Zumarragako bi hodiko tunelak. Bakoitzak 5.360 metro ditu, eta, momentuz, Euskal "Y"-ak izango dituen luzeenak dira.

 Obraren neurria, proiektuaren konplexutasuna eta bere aurrekontu handia kontuan izanik, bi zatitan banatu da: orain hilabete eta erdi Antzuolan hasitako mendebaldeko zatia eta ekialdekoa, gaur bertan hasi dena.   

 Antzuola-Ezkio Itsaso Ekialdea izeneko zatiak 3,4 kilometro ditu. Lerro imaginarioa eginez, Urretxu eta Ezkio Itsaso artean luzatzen da. Lanek 125,7 milioi euroko aurrekontua dute, eta burutzapenerako epea 60 hilabetekoa da.

 Gipuzkoako adarra

 Une honetan 13 dira burutzen ari diren Euskal "Y"-a Trenbide Sare Berriko zatiak: Bergara-Bergara, Bergara-Antzuola, Antzuola-Ezkio Itsaso Mendebaldea, Antzuola-Ezkio Itsaso Ekialdea, Ezkio-Beasain, Beasain Mendebaldea, Beasain Ekialdea, Ordizia-Itsasondo, Legorreta, Tolosa, Tolosa-Hernialde, Andoain-Urnieta eta Urnieta-Hernani. Guztira, 43,1 kilometro, adarra osatzen duten 76 kilometroetatik.

 Aurten beste bi zati lizitatzea aurreikusten da: Hernialde-Zizurkil (5,8 km.) eta Zizurkil-Andoain (5,08 km.).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburua eta Pedro Luis Río, Estatuko Gobernuak Gipuzkoan duen Ordezkariordea