Berriak Osasuna
Eu

Euskadik berretsi egin du gizarte inplikazioaren eta prebentzio eta sentsibilizazio politiken bidez tabakoaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa

2019.eko maiatzak 29

Euskadiko Adikzioei buruzko azken Inkestaren datuen arabera, biztanleen % 75ek ez du erretzen; normalean erretzen dutenen kopuruak % 22 egin du behera, eta hori da azken 25 urteotako prebalentziarik baxuena

22.500 pertsona Osakidetzaren programetan izan dira, erretzeari uzteko

Nobedade gisa, Osasunaren Euskal Zerbitzua mugikorrerako aplikazioa garatzen ari da, tabakoa uzten laguntzeko

Euskadik bat egin du, aurten ere, Tabakorik Gabeko Mundu Egunarekin; ostiral honetan da, maiatzaren 31n. Bizi-ohitura osasungarriak izateko eta, zehazki, tabakoaren aurka borrokatzeko duen konpromisoaren adierazle da atxikipen hori.

Gaur Vitoria-Gasteizen eginiko prentsaurrekoan, Nekane Murga Osasun sailburuak, Juanjo Aurrekoetxea Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarekin batera, azken urteotan Euskadin tabakoaren kontsumoan izan den atzeraldia finkatu dela nabarmendu du. Atzeraldi horren finkapena tabakismoaren aurka Osasun Saila, Osakidetza eta beste gizarte- eta osasun-eragile batzuk egiten ari diren gizarte-kontzientziaziorako lanaren eta prebentzioaren ondorio da.

Euskadiko Adikzioei buruzko azken Inkestaren (2017) datuen arabera –bertan azken urteotako joera jaso da–, 2008-2017 aldian ohiko kontsumo-tasa % 30etik % 22ra jaitsi zen, azken 25 urteotan erregistratutako prebalentziarik baxuena. Gainera, erretzailea ez dela dioen biztanleriaren ehunekoak jarraitzen du gora egiten; izan ere, 1992an % 61 zen –orduan hasi ziren erregistroak– eta, 2017an, % 75.  

Oraindik erretzen dutenen artean, gizon gehiago dago emakume baino, baina bi kasuetan murriztu dira ehunekoak. Adikzioen aurreko inkestan (2012) jasotako datuak direla eta, gizonezko erretzaile-kopurua  % 27koa izatetik % 25ekoa izatera igaro da eta emakumezko erretzaile-kopurua  % 22tik % 18ra. Adinaren arabera, gizonek batez ere 45-74 urte bitartean erretzen dute eta emakumeek 15 eta 44 urte bitartean.

Era berean, 2011n abian jarri zenetik, 22.500 pertsonak tabakoa uzteko programetan parte hartu dute; Osakidetzako osasun-zentro guztietan eskaintzen dira. 2018an, 2.383 pertsonak parte hartu zuten programan; horietatik, 1.250 emakumeak ziren eta 1.133 gizonak.

Gainera, tabakoa uzteko prozesuan aholkularitza eta informazioa eskaintzen duen doako telefonoak (94-400-75-73) 164 deiri eman zien arreta, 2018an zehar.

Nekane Murga Osasun sailburuak honako hau nabarmendu du: “Oraindik asko dago egiteko tabakoaren aurkako borrokan, baina, hala ere, emaitzak itxaropentsuak dira; izan ere, aurrerapen argia ikusten da kerik gabeko euskal gizartea lortzeko. Aurrerapen hori ez da nahikoa. Gehiago nahi dugu. Baina badakit aurrerapen hori geldiezina dela eta Osasun Saileko eta Osakidetzako profesionalen eta gero eta kontzientziatuago dauden herritarren arteko konpromisoan eta elkarlanean oinarritzen dela”.

ERRETZEARI UZTEN LAGUNTZEKO TRESNA BERRIA

Nobedade gisa, aurten, Osasun Sailak eta Osakidetzak tresna berria jarri dute abian, erretzeari uzten laguntzeko. Tresna esperimentu gisa gaitu da Arabako ESIko lau osasun-zentrotan: Aranbizkarra I eta II, Lakuabizkarra eta Alde Zaharra.

“Programa konbinatu” deritzo, eta horren bidez mugikorrerako aplikazioa erabiltzen da; horren bitartez, kontsultak egin daitezke online, erre gabe daramagun denbora zenbatu daiteke, bai eta irabazitako egunen eta aurreztutako diruaren kontua ere, besteak beste. Profesional sanitarioek erretzaileari programan alta ematen diotenean, pertsona horrek aplikazioa deskarga dezake. Jokabideak aldaketak sustatzeko eraginkortasuna klinikoki frogatuta dago; beraz, bereziki egokia da tabakismoaren kasuetan. Nolanahi ere, tresna osagarria da; izan ere, osasun-arloko langileek jarraituko dute presente egoten, tratamenduaren segimendua egiteko. Tratamenduak sei hileko iraupena du.

Arabako ESIan emaitzak ebaluatu ondoren, gainerako ESIetara zabaltzeko aukera aztertuko da.

GIZARTE SENTSIBILIZAZIOA ETA KONTZIENTZIAZIOA

Gazteek eta nerabeek jarraitzen dute izaten tabakoaren kontrako prebentzioaren eta sentsibilizazioaren arloko esku-hartze askoren ardatz. Euskal eskolan kontzientziazio-lana hasi zenetik, 64.432 eskola-umerekin lan egin da. ‘Kerik Gabeko Gazteak’ Osasun Sailaren programa Bigarren Hezkuntzako ikasleei (DBHko 1. eta 2. mailak) zuzentzen zaie, eta aldundi eta udalekin lankidetza estuan garatzen da.

Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu duenez, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren helburua da gizartea tabakoaren ketik babestea eta erretzeari utzi nahi diotenei laguntza eskaintzea. Horretarako, MPOWER estrategiari jarraitzen diote; hori OMEk tabakismoa murrizteko duen planaren barruan sartzen da. Azken urteotan, tabakoaren inguruko esku-hartzea sendotu egin da eta, horretarako, tresna berriak garatu dira, legegintza-aldaketa esanguratsuak abiarazi dira eta arreta adingabeetan eta osasuna prebenitzeko eta sustatzeko estrategietan jarri da, hori izanik 2013-2020rako Osasun Planean lehenesten den ildoa.

Hori horrela, Adikzio eta Droga-mendekotasunen Arreta Integralari buruzko Legearen bidez, Euskadi Europako eskualdeen artean buru da, tabakoaren aurkako borrokan. Aldi berean, VII. Adikzio Planaren neurrien bidez ere erretzea gauza normalizatutzat izateari uztea lortu nahi da.

Bestalde, Osakidetza GNTFHSren barruan dago, 20 herrialde baino gehiagotako osasun-erakundeek eratzen duten “Kerik gabeko osasun-zerbitzuen nazioarteko sarea”n.  Euskadin, “Kerik gabeko erakunde sanitarioen euskal sarea7 osasun-erakundek eratzen dute, eta horietako seik egiaztapena dute. Jarraitzen da aktiboki lanean, osasun-zentroetako ingurune osoan profesionalentzat eta paziente eta senideentzat kerik gabeko ingurua ziurtatzeko.

Gaur egun, guztira 4.454 profesional daude Osakidetzan tabakoaren inguruko prestakuntza dutenak; zifra hori, urterik urtera, gero eta handiagoa da.

Azkenik, Nekane Murga Osasun sailburuak honako hau esan du: “Tabakoaren prebentziorako eta hura uzteko estrategiak eta politikak ari dira beren emaitzak izaten, zifrek erakusten duten bezala. Baina, tabakoaren kontsumoa murrizten jarraitzeko, lanean jarraitu behar da, orain arte bezala, tabakoaren arriskuen gainean eta erretzeari uzteak eta tabakoaren kearen eraginpean ez egoteak dakartzan abantaila guztien gainean kontzientziatzeko”.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 29a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak