Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak kanal telematikoa ireki du, energiaren enpresa kontsumitzaile handien erantzukizunpeko adierazpenak jasotzeko

2019-05-24
  • Jasangarritasun Energetikoaren Legeak ezartzen du eraginpean dauden enpresek honako hauek jakinarazi behar dituztela: beren kontsumo energetikoak eta kudeaketa energetikorako sistema dutela eta aplikatzen dutela 
  • Prozedura berria eskuragarri dago Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren webgunean, eta enpresekin zuzeneko komunikazioa izatea bideratzen du, erabilera energetiko onenean aurrera egiteko

Euskadiko energiaren enpresa kontsumitzaile handiek, dagoeneko, erantzukizunpeko adierazpena egin dezakete, bide telematikoaren bitartez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila abian jarri duen izapidetze-prozedurari esker; horrek erabilera hobean eta aurrezpen energetikoan aurrera egiteko aukera ematen du.

Eusko Jaurlaritzak badaki etorkizunean energia hornitzeak erronka handiak dakartzala gure gizartearentzat. Alde batetik, gure matrize energetikoak oraindik erregai fosilen mendekotasun handia du, eta baliabide horiek ahalik eta eraginkortasun handienaz erabili behar ditugu eta horien kontsumoa murriztu.

Bestetik, aurrez aurre dugu atmosferara berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko erronka; horretarako, emisio horiek nabarmen murriztuko dituzten neurriak hartu behar ditugu, emisioen beharrezko murrizketa eta energia berriztagarriaren eta erabilera guztietarako energia nahikoaren hornikuntza konbinatzen dituen politika energetikoaren bidez.

Horretarako, Jasangarritasun Energetikoaren Legeak (otsailaren 21eko 4/2019), Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Energiaren Bidea estrategiaren barruan, energiaren kontrolean eta optimizazioan zenbait modutan aurrera egin ahal izateko urratsak ezartzen ditu.

Legeak betebeharrak ezartzen dizkie energiaren kontsumitzaile handiei: “eragindako establezimendu industrialek, zerbitzu-sektoreko establezimenduek eta salgai eta bidaiarien garraio pribatuko enpresek erantzukizunpeko adierazpen bat igorri beharko diote, telematikoki, Eusko Jaurlaritzan energiaren alorrean eskumena duen sailari, beren buruak kokatzen dituzten taldeari eta tipologiari buruz”.

Legearen agindua betetzeko, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak telematikoki izapidetzeko prozedura garatu du, eta, horretara, honako esteka honen bidez jo daiteke: http://www.euskadi.eus/procedimiento/ee/web01-a2energi/es/

Horrek komunikazio zuzena izateko bide emango du, bai eta datuak denbora errealean eskuratzeko ere; horrela, kontsumoak hobetu ahalko dira, plan berezien bidez.

Eraginpeko adierazpena egiteko betebeharrak hiru enpresa-motatan du eragina:

Alde batetik, industria-jardueretan dabiltzanak, EAEn finkatuta daudenak, urtean 500 tona petrolioren baliokidetik gorako amaierako kontsumo energetikoa dutenak eta honako jardueraren batean sartzen direnak (CNAE-2009ren arabera):

  1. B taldea: Erauzketa-industriak
  2. C taldea: Manufaktura-industria
  3. D taldea: Energia elektrikoaren, gasaren, lurrunaren eta aire girotuaren hornidura
  4. E taldea: Uraren hornidura, saneamendu-jarduerak, hondakinen kudeaketa eta deskontaminazioa
  5. F taldea: Eraikuntza.

Bestetik, zerbitzuen eta saltokien sektorearen jarduerak sartzen dira, EAEn finkatuta daudenak, urtean 40 tona petrolioren baliokidetik gorako amaierako kontsumo energetikoa dutenak eta honako jardueraren batean sartzen direnak:

  1. G taldea: Handizkako eta txikizkako merkataritza; motordun ibilgailuen eta motozikleten konponketa
  2. I taldea: Ostalaritza
  3. J taldea: Informazioa eta komunikazioak
  4. K taldea: Finantza- eta aseguru-jarduerak
  5. L taldea: Higiezinen jarduerak
  6. M taldea: Jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak
  7. P taldea: Hezkuntza
  8. Q taldea: Osasun-arloko eta gizarte-zerbitzuetako jarduerak
  9. S taldea: Arte-, jolas- eta entretenimendu-jarduerak S taldea: beste zerbitzu batzuk.

Eta, azkenik, administrazio-izapide hori egiteko betebeharra dute, halaber, salgaien eta bidaiarien garraio astuneko enpresek, merkataritza-ibilgailu eta furgonetek eta 10 unitatetik gorako ibilgailu-flota dutenek.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)