Berriak Lehendakaritza
Eu

Herria eriakitzea, Euskadi babestea

2009.eko azaroak 27

Lehendakariaren artikulua

Herri bat eraikitzea amaierarik gabeko bidaia da. Herritarren bizi-baldintzak hobetzen saiatzeko eguneroko ahalegina da. Guztiok izan behar dugun aukera berdintasunean aurrera egitea da. Ahal den neurrian, gure borondatetik at dauden arriskuek inoren etorkizuna mugatzea eta baldintzatzea ekiditea da. Demokrazia politikoan sakonago joatea da, askatasun pertsonalen esparruak zabaltzea da. Baina, batez ere, batasun sozialaren oinarri den herritarren arteko ituna sortzea da: guztiok, erantzukizuna partekatuz, etorkizun komuna osatzen dugunaren uste sendoa.

Mende berri bat hasi dugu, gizarte modernoak asko aldatuko dituena, edo hobe esanda, gizarte modernoak jada aldatzen ari dena. Euskaldunok euskaldun izaten jarraitzen dugu, baina mugak apurtu dituen mundu batean sartuta. Euskadi prestatu egin behar dugu modernitate berri batean bizitzeko. Eta bi dira aurrean izango ditugun gainditu beharreko erronkak: batetik, euskaldun guztiontzat erabateko askatasuna lortzea eta Euskadi indartsu eta bateratu berri baten herritarren ituna ezartzea. Eta, bestetik, krisia gainditzeko ahalegin kolektiboa egitea eta gure hezkuntza eta ekonomia sistemak egokitzea, sendotasuna lortzeko eta lehia global batean ongizatea bermatu ahal izateko.

Terrorismoaren mehatxua gainbeheran doa. Askatasunaren aldeko azkeneko gatazkan ari gara borrokan. Baina terroristak menderatzeaz gain, beharrezkoa da euskal gazte asko hiltzaile bihurtu dituzten ideiak salatzea eta isolatzea. Hori da, hain zuzen ere, terrorismoari zilegitasuna kentzea. Orain gure pluraltasuna onartzea dagokigu.

Herritarrak, denak, gara bakoitzaren aniztasuna kontuan hartuz, batuta, herri hau osatzen dugunak. Eta Euskadi da euskaldunok euskaldun izateko beharrezkoa den elkartasuna ahalbidetzen duen erakunde instituzionala eta politikoa. Euskadi da barne kohesioa lortzeko daukagun modua, baina baita interes kolektiboak defendatzeko modua ere. Lehia orokorraren egoera honetan, biziki garrantzitsua da euskal erakunde politikoek euskaldunen interesak babestea eta defendatzea. "Dena ala ezer ez" horren garaia jada ezabatu egin du historiak. Arazoak ezin dira jada behin eta betiko konpondu. Oreka konplexuen mundu honetan defendatu behar ditugu egunero gure herritarren interes kolektiboak eta jakitun izan behar gara beste kolektibo batzuek ere existitzeko eskubidea dutela, baina kontuan izanik ez diogula horregatik gureari uko egin behar.

Enpresari eraginkorrik ez duten enpresek ezin dute aurrera egin, eta trebatutako langilerik ez duten enpresak desagertu egiten dira. Enpresa eta merkataritza egitura sendoa izatea gobernuak sustatu eta garatzen lagundu behar duen interes kolektibo bat da. Eusko Jaurlaritzak krisiaren aurkako neurriak hartu ditu erronka honi aurre egiteko, eta egunotan 2010erako Aurrekontua prestatzen ari gara, herriaren ekonomiari, berreskura dadin, bultzada berri bat emateko. Beste erakunde batzuk ere lan horretan ari dira, eta horiekin guztiekin gutxieneko akordio batzuk lortu ditugu. Eta itxaropentsu gaude. Datorren urtean zehar, pixkanaka-pixkanaka, krisitik irteten joango gara. Baina hori ez da nahikoa, izan ere, ekonomia hobetzea ez baita nahikoa. Datu ekonomiko guztien gainetik, pertsonak dira benetan kezkatu behar gaituztenak. Nola azaldu milaka langaberi ez larritzeko, ekonomia hazten ari dela, eurek ezin badute hori gozatu? Erabateko enplegua helburu bat izan behar da bere horretan.

Eta krisialdietan izan ohi da premiazkoagoa elkartasuna. Krisia ez da soilik ixten diren enpresen arazoa edo lana galtzen duten langileena. Arazo kolektibo bat da. Guztioi dagokigun zerbait da. Gobernu honek ahalegin handia egingo du eta bere baliabideen zati handi bat egiteko honetarako erabiliko du. Elkartasunean egindako ahaleginak ez dira aurrekontuetan zorrak sortzen dituzten gastuak: batez ere, etorkizunean ongizatea sortuko duten inbertsioak dira. Horregatik, politika aktiboen eskumena lortzeak ezinbesteko premia du zeregin honi aurre egin nahi bazaio. Euskadik eskumen hori lortzea galarazten duen alderdi edo erakunde orok, arduragabekeria politiko handia burutuko du. Milaka euskal langabeei alternatiba duinak eskaintzeko aukerak murrizten ariko da. Gobernu honek Euskadiren eta euskaldunen interesak defendatzen jarraituko du. Ez diogu horri uko egingo.

Duela gutxi Legebiltzarrean legealdiko egutegia aurkeztu dugu. Nire gobernuarentzat ez da legeen zerrenda soil bat; hori baino gehiago da. Euskadiren etorkizunari buruz eztabaida ireki bat planteatzeko aukera da. Guztion artean gure herriarekin zer egin nahi dugun eztabaidatzeko aukera da. Aurkeztutako proiektuetan ia esparru guztiak barne hartzen dira, Udal Legetik hasi eta Enpleguaren Legeraino. Legebiltzarra da eztabaidarako eta akordioetarako lekua. Gai garrantzitsuetan behar adinako adostasunak lortuko ditugu. Hain zuzen ere, zazpi hilabeteotan funtsezko aurrerapausoak eman ditugu. Euskadiko Alderdi Popularrarekin itun egonkor bat izateaz gain, Legebiltzarrean ere akordioak lortu ditugu, azken hamarkadako gobernurik egonkorrena bermatzen dutenak. Akordioak sinatu ditugu euskal udalekin, Eudelen bitartez, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian, gehiengo sindikalarekin -ELArekin ere bai, eta kontuan izan behar da 9 urtetan ez duela akordiorik sinatu Eusko Jaurlaritzarekin- funtzio publikoko lan baldintzei buruz, eta EAJrekin, euskal erakunde guztietan aurrekontuak onartzea bermatzeko. Zazpi hilabetetan azken 10 urteotan baino akordio gehiago lortu ditugu.

Nire ustez hauxe da bidea: akordioak bilatzea, elkartasunaren alde lan egitea eta euskaldunon batasuna indartzea.

 

 

 

Patxi López.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria