Berriak Osasuna
Eu

Euskadi erizaintzaren eginkizuna sustatzeko Nursing Now nazioarteko kanpainari atxiki zaio

2019.eko maiatzak 23
  • Ekimena OMEk eta Erizaintzako Nazioarteko Kontseiluak abiarazi dute, lanbide horren errefortzuaren eta aintzatespenaren bidez herritarren osasuna hobetzeko

  • Nekane Murga Osasun sailburuak defendatzen du kolektibo hori Osakidetzako profesionalen % 40 dela, eta gero eta “erantzukizun eta protagonismo” gehiago izatea dela helburua

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, gaur, Eusko Jaurlaritzak Nursing Now nazioarteko kanpainari atxiki zaiola iragarri du. Kanpainaren helburua biztanleen osasuna hobetzea da eta, horretarako, erizaintzako gaitasunak eta jarduerak sustatzea. Nekane Murga Osasun sailburuak esan du talde hori “gero eta erantzukizun eta protagonismo gehiago hartzen ari dela osasun-sistema osoak dituen erronkei erantzuteko”, hau da, zahartzea, kronikotasuna eta mendekotasuna lehen mailako arretan edo medikuntza- edo kirurgia-prozesuen ondorioz ospitaleratutako pazienteek behar dituzten zaintzen konplexutasun handiagoa, beti ere humanizazioa, segurtasuna eta osasun-sistemaren jasangarritasuna oinarri hartuta.

Kanpaina Osasunaren Mundu Erakundearen eta Erizaintzako Nazioarteko Kontseiluaren (ENK) ekimena da; bertan, 16 herrialde baino gehiagotako profesionalek dihardute elkarlanean. Euskadik erabaki du ekimen horrekin bat egitea eta, horretarako, lantaldea eratu da eta, aurten eta datorren urtean, jarduketa-ildoak antolatuko ditu, bi helburu nagusi betetzeko:

  • Erizaintza gizarte-mailan gehiago ikusaraztea eta pazienteen eta, oro har, herritarren aurrean duen rola sendotzea.
  • Erizaintzaren lidergoa sustatzea, bai eta erabakiak hartzean bere parte-hartzea ere.

Gaur egun, Osakidetzako osasun-profesionalen % 40 erizaina da, eta funtsezko eginkizuna dute osasunaren sustapenean, gaixotasunen prebentzioan, horien jarraipenean eta zaintzan. Osasun sailburuaren iritziz “osasun-sistemaren oinarrietako bat” da erizaintza, eta lanbide hori sustatzeak “modu esanguratsuan lagunduko du herritarren osasuna hobetzen jarraitu ahal izateko”.  

Gure erkidegoan zeharkako lantaldea sortu da; bertan, Osakidetzaz gainera, beste erakunde batzuek ere badute ordezkaritza, besteak beste elkargo profesionalek, unibertsitateak, medikuek, ikasleek eta herritarrek beraiek.

LANBIDEA SENDOTZEKO ILDO ESTRATEGIKOAK

Euskadin, erizaintzaren lanbidea garatzeko lana ez da berria, eta, 2015etik, Osakidetzaren barruan erizaintza sendotzeko eta berrantolatzeko neurriak aplikatzen ari dira, haren lanbide-eskumen guztia garatu ahal izateko. Honako neurri hauek nabarmendu beharra dago, garatzen ari direnen artean:

  • Herritarrek erizain erreferentea esleituta izatea lehen mailako arreta-zentroetan.
  • Profesionalak askatasunez aukeratzea osasun-zentroetan.
  • Erizaintzaren parte-hartzea prozesu akutuen arretan, eskaria kudeatzea xede izango duen eredu korporatibo baten bidez.
  • Etxez etxeko arreta sendotzea.
  • Egiaztatzea erizaintzaren argibideetarako.
  • Erizaintzako 43 plaza berri sortuko dira, bi urtean, lehen mailako arretako zentroetan, profesionalen ratioa hobetzeko.

Osasun sailburuaren iritziz, kanpaina horri atxikitzean, lan-ildo hori garatzen jarraitu ahalko da, funtsezkotzat jotzen baitute erronka berriei erantzuteko. “Erizaintza prestatua behar dugu, erronka horiek onartu eta gure herritarren osasun-premiei erantzun ahal izateko gaitasuna duena”, esan du.

Bilbo, 2019ko maiatzaren 23a

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @JUANTXODOMINGUE
    2019.eko maiatzak 23

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Euskadi se adhiere a la campaña internacional Nursing Now para potenciar el papel de la enfermería https://t.co/lmY7jfsRMC

Ekitaldiko kargudunak