Berriak Osasuna
Eu

Euskal ijitoen komunitatearen osasuna hobetzeko Osakidetzaren programak Laguntza Soziosanitarioaren Espainiako Sozietatearen saria jaso du

2019.eko maiatzak 22

Euskadin ijitoen komunitatearen osasuna hobetzeko Osakidetzaren programak Laguntza Soziosanitarioaren Espainiako Sozietateak ematen duen Francisco Garcés Roca saria jaso du.

Saritutako ekimena beren osasunaren zaintzan herritarrak ahalduntzeko Paziente Bizia programan sartzen da. Ekimena Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatu zuen, duela bi urte, ijitoen komunitateak osasun-eremuan bizi dituen gizarte-desparekotasunak murrizteko.

Sariaren VI. edizioko epaimahaiak epaian nabarmendu du programaren bidez proaktibitatea sustatzen dela, autozaintzako trebetasunen bitartez, prebentzioaren ikuspegitik, gaixotasunaren zaintzatik barik. Era berean, beste biztanle-talde ahul batzuei aplika dakiekeela nabarmendu du, eta bereziki berdinen arteko hezkuntza sustatzearen aldeko apustua azpimarratu du.

Azken hori da, hain zuzen ere, Paziente Bizia programaren gakoetako bat: tailerretako monitoreek ere gaixotasun kronikoak dituzte edo zaintzaile nagusiak dira, eta, horrela, enpatia, hurbiltasun eta inplikazio handiagoa lortzen da.

Gaur, Osakidetzaren Osasun Eskolaren esparruan Euskadi osora zabaldu den Paziente Biziak hiru tailer-mota ditu abian: orokorra, “Nire osasuna aktiboki zainduz” (kolektibo zehatzei egokitu zaie, besteak beste ijitoen komunitateari); “Nire diabetesa zaintzen”, eta minbizitik bizirik irten diren “Minbiziaren ondoren nire osasuna zaintzen”. Azken hori zenbait elkarterekin elkarlanean garatu da, besteak beste Katxalin edo AECC elkarteekin. Guztira, Euskadiko 6.800 paziente eta zaintzaile inguruk parte hartu dute, eta, bertan, 350 monitore baino gehiago daude.

Paziente Biziak hainbat sari jaso ditu, besteak beste: 2016an Teknologia eta Osasuna fundazioak emandakoa, autonomia-erkidego batek sustatutako kronikoen programarik onenagatik, eta Angel Muriel fundazioaren Zainketa Onkologikoen eta Aringarrien inguruko Erizaintzako Ikerketako III. saria, iazko edizioan. 

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 20a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau