Berriak Segurtasuna
Eu

Forensic Science ikerketa-proiektu hezitzaileak Ertzaintzaren laguntza du, eta Euskadiko 13 ikastetxek parte hartuko dute bertan

2019.eko maiatzak 22

Ekitaldian Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia izan da

Zamudio, 2019ko maiatzak 22

Zamudioko Innobasqueren egoitzan egin da gaur goizean Forensic Science ikerketa-proiektu hezitzailearen aurkezpena, eta Euskadiko hamahiru ikastetxetako bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleek parte hartu dute bertan. Ikastetxe horietako ikasleek begiz ikuskatzeko ariketa bat egin zuten joan den apirilean Leioako Artaza Jauregian; planteatutako kasua balio ekonomiko handiko Leonardo da Vinciren Dama con estola koadroaren desagerpena izan zen.

 

Forensic Science proiektua Gaztelueta ikastetxeak lideratzen du, eta Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitatearen laguntza du. Aurkezpen-ekitaldian segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak parte hartu du, eta Ertzaintzak hezkuntzaren eta enpresen munduarekin elkarlanean egiten duen lana azpimarratu du.

 

Gaur, asteazkena, goizean egin da Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentziaren egoitzan Forensic Science proiektuaren aurkezpena. Gaztelueta ikastetxeko zuzendari Imanol Goyarrolak eta Polizia Zientifikoaren Ataleko buru Iñaki Irustak aurkeztu dute proiektu berritzaile hau bigarren hezkuntzako eta batxilergoko hamahiru ikastetxetako ordezkarien aurrean. Proiektu honek STEAM abileziak (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) sustatzen ditu Ertzaintzako Polizia Zientifikoak prestatutako krimen simulatu baten ikerketaren bitartez.

Joan den apirilean Leioako Artaza Jauregian egindako ariketan begi-ikuskapena egin behar zuten ikasleek, eta ustezko lapurreta gertatu zen lekuan ebidentziak jaso eta aztertu behar zituzten gero, laborategian, koadroa lapurtu zuen pertsona identifikatzeko. Une hauetan ariketa begi-ikuskapenean lortutako probak aztertzeko, DNA analisia egiteko eta emaitzak Polizia Zientifikoak emandako hatz-marken eta profil genetikoen datu-base fiktizio batekin alderatzeko fasean dago.

Gaur ikastetxeen aurrean egindako aurkezpenean, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Ataleko buru Iñaki Irustak begi-ikuskapenak egiteko eta ebidentziak biltzeko erabiliko den eta nahi duten ikastetxeek eskuratu dezaketen maletin bat erakutsi du. Era berean, datorren ikasturtera begira ekimenarekin bat egin duten ikastetxeetako ikasleek Polizia Zientifikoaren Erandioko instalazioak bisitatu ahal izateko jarraitu behar den protokoloa ere azaldu du.

Nazioarteko proiekzioa

Forensic Science STEAM metodologian oinarrituta dago, ingelesezko siglak dira eta Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika gaiak biltzen ditu. Metodologian diziplina zientifiko guztiak ikasten eta batera baliatzen dira. Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza eta inplikazioa ditu.

Forensic Science interes handia sortzen ari da Euskadin eta nazioartean. 2019/2020 ikasturtean Euskadiko berrogeita hamar bat ikastetxetan aurkeztuko da labur-labur programa. Ekimenean parte hartu duten ikastetxeei (Gaztelueta ikastetxea, Arangoya ikastetxea, El Regato ikastetxea, Urdaneta ikastetxea, Vizcaya ikastetxea, Somorrostroko Heziketa Zentroa, Axular Lizeoa, Begoñazpi Ikastola, Lauaxeta Ikastola, Lauro Ikastola eta Irungo La Salle Ikastetxea) Artaza-Romo institutua eta Barandiaran institutua gehitu behar zaizkie. Eta atzerrian, berriz, ekimenean parte hartzeko izena hainbat herrialdetako ikastetxek eman dute jada: Finlandia, Estonia, Polonia, EEUU, Kanada, India eta Txile, Somalia, Peru, Hego Korea, Italia, Mexiko, Australia, Japonia eta Filipinak.

Forensic Science proiektuaren webgunea eta aurkezpen-bideo bat sortu dira (biak ingelesez, proiektuaren nazioarteko proiekzioa dela eta), eta bertan proiektuari buruzko informazio orokorra eta parte hartzen duten ikastetxeei, erakunde laguntzaileei eta proiektua abalatzen duten Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek eta profesionalek osatutako batzorde zientifikoari buruzkoa ikus daiteke. Proiektuan parte hartzen duten ikasle guztien esku Moodle plataforma bat ere jarri da harremanetan egon ahal izan daitezen.

https://forensicscience.school/

 

https://youtu.be/B6_2fHyfWt4

 

Bestalde, ikastaroaren izena “Robbery at the Palace” da, eta bideo honekin aurkezten da:


https://youtu.be/BozXoSdBfyE
  

 

Ikastaroa 2020ko martxoan amaituko da, eta parte hartzen duten taldeek adituz osatutako epaimahai baten aurrean aurkeztuko dituzte euren lanak. Atzerriko taldeek, nahi dutenek, martxoaren 23tik 27ra Bilbora etortzeko aukera izango dute, eta anfitrioi diren ikastetxeetako familien etxeetan geratuko dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak