Eu

Eusko Jaurlaritzak, Barakaldoko Udalak eta Bilboko Portu Agintaritzak ekintzak burutuko dituzte Barakaldoko mea-kargalekuak zaharberritzeko eta beren balioa nabarmentzeko (Gobernu Bilera 2019-05-2019)

2019.eko maiatzak 21
  • Gobernu Batzordeak lankidetza-protokolo berri bat onartu du arautzeko elementu horien inguruan egingo diren ekinbide guztiak, industria-ondarearen ikuspegitik balio handia baitaukate

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak, bere gaurko saioan, onetsi du Jaurlaritzaren, Barakaldoko Udalaren eta Bilboko Portu Agintaritzaren arteko lankidetza-protokolo berri bat Barakaldoko mea-kargaleku zaharren inguruan. Protokoloaren helburua da kargaleku zahar horiek ezagutarazi, birgaitu, kontserbatu eta zaintzea, elementu horien balioa nabarmenduz eta industria-ondarearen garrantziaren gainean sentsibilizatuz.

                Protokoloa sinatu duten hiru erakundeek apirilaren 4an eman zuten ezagutzera akordioa; Gobernu Batzordearen gaurko onespenaren ostean lankidetza honek bidea egin ahal izango du. Protokoloak ekintza eta helburu zehatzak jaso ditu kargalekuen balioa, ondarearen ikuspegitik, nabarmentzeko:

  • Nerbioi itsasadarrean kokatutako mea-kargaleku zaharren berezitasun eta garrantzi historiko/artistikoa edota arkitektonikoa aztertzea, batez ere Orconera, Sefanitro y Cía eta Franco Belga izenekoena, baita bideragarritasun teknikoak eta ekonomikoak ere, egin behar izango zaizkien birgaitze- eta kontserbazio-lanen arabera.
  • Aipatutako analisi instituzional bateratu horren emaitzaz, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa barnean direla, gai horretan eskumena duen Estatuko Administrazio Orokorreko organoaren aldetik, egokitzat hartzen diren kasuetan, kargaleku horien eta horietako baten berezitasun eta garrantzi historiko/artistikoaren edota arkitektonikoaren aintzatespena sustatzeari ekitea.
  • Espainiako Ondare Historikoaren ondasun higiezinak birgaitu, kontserbatu edo aberasteko lanak finantzatzeko aurreikusitako laguntzak tramitatzea, Kultura eta Kirol Ministerioak kudeatutako “kulturarako % 1,5a” programaren barruan; laguntza horien zati bat Bilboko Portu Agintaritzak ordaintzen du berak sustatutako portuko obren urteko inbertsioen bitartez. Izan ere, 16/1985 Legearen 68.1. artikuluak eta bere garapen partzialerako urtarrilaren 10eko 111/1986 Errege Dekretuaren 58.1. artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako Programatik datozen dirusarrerak Espainiako Ondare Historikoa kontserbatu eta aberasteko lanak finantzatzeko izango dira, edo sormen artistikoa sustatzeko, “obrari berari edo bere gertuko inguruneari lehentasuna emanez”.
  • Adierazitako ondasunen lagapen edota ustiapenerako eta udal kudeaketarako formulak aztertu eta ezartzea, birgaitu ondoren, portuko zerbitzuen eremuan, Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen Testu Bateratuaren arabera eta Administrazio Publikoen Ondareari buruzko Legerian jasotako aurreikuspenekin bat etorriz, udalerriko kudeaketen eremuan kargaleku horien kontserbazioa eta Barakaldoko herritarrekiko elkarrekintza bultzatzearren.
  • Behar izanez gero, portuko edota udaleko plangintza-baliabideak aldatzeko tramiteak hastea, portuko ondasunen balizko desafektazioa barne, udal kudeaketaren menpe gera daitezen.

Mea-kargaleku zaharrak, Barakaldoko udalerrian kokatuak, Rontegi zubiaren inguruan daude, ibaian gora eta behera. Gehienak interes historiko/artistiko edota arkitektonikoko instalazioak dira, eta Bilboko Portuaren eremuan daude kokatuta, Portuak bere zerbitzuak eskaintzen dituen inguruan. XIX. mendean 23 kargaleku zeuden Olabeagatik oraingo La Benedicta kairaino, Itsasadarraren inguruan zegoen meatzaritza- eta esportazio-jarduera handiari erantzuteko. Trenbideko garraioak, baita ontzietako zamalan-premiek eta mareek ere, kargaleku berezi bat definitu zuten, Itsasadarraren mugak karakterizatu eta itxuratu zituena, eta horrela eratu zen karga eta balio historiko handiko paisaia-konposizioa, nortasun nabarmena duena.

Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrak multzo monumental kategorian hartzen ditu barnean Barakaldoko mea-ontziralekuak eta -kargalekuak (2016ko irailaren 12ko ebazpena). Protokoloak honako kargaleku hauei eragingo die:

  • Franco-Belga konpainiaren kargalekuak hiru ziren eta 1886koak dira. 3. zenbakiduna deitzen zaiona bakarrik kontserbatzen da; su hartu ondoren 2002an zaharberritu zuten. Zenbait konpainiaren ekimenez eraikitako kargaleku bakanetako bat da eta bere jatorrizko elementu ugarirekin iritsi da gure garaira. Galindo ibai-ahotik gertuen mantentzen dena da. Kargalekuak XX. mendeko laurogeiko hamarkadara arte egon ziren jardunean, jabe desberdinekin.
  • Orconera Iron Ore Company Limited konpainia Europako siderurgia-enpresek 1871 eta 1876 artean Bizkaian sortutako meatzaritza-enpresa filialetatik garrantzitsuena izan zen. 5 izan ziren eraikitako zamalanetako kaiak, guztiak antzeko ezaugarriekin. Gaur egun, haietatik guztietatik 5. zenbakidun kargalekua kontserbatzen da (1876an eraikia) eta ia osorik mantentzen da bere egitura. Gainerako kargalekuetatik (3. zk. eta 4. zk.) ur gaineko azken muturreko goi-habeak geratzen dira bakarrik, baita oholtzaz eratutako kaien hondakinak ere, zurezko oztopo-zutoinen gainean. Orconera konpainiaren burdin mearen kargalekua, Gateshead-eko Dunston Staiths konpainiarenarekin batera (harrikatzarena), XIX. mendeko zurezko egitura murgildua duten bi kargaleku bakarrak dira, ustez munduan zutik geratzen diren bakarrak.
  • Sefanitro konpainiaren kargalekua egitura garai bat da eta trenbideen pasabidea salbatzen du. Ondoren egindako eraikuntza bat da eta 1941an sortutako Sociedad Española de Fabricaciones Nitrogenadas, S.A. enpresari lotzen zaio. Enpresak eraikin-multzo handi bat garatu zuen, Germán Agirre eta Hilario Imaz arkitektoek diseinatuak. Eraikinek mugimendu modernoaren ezaugarriak gehitzen dituzte, baita arkitektura arrazionalista espresionistaren irizpideak ere. Konplexu industriala eta Itsasadarreko zamalanerako gunea lotzen zituen kargalekuaren estilo arkitektonikoa erabakitzailea izan zen.
Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ela_puerto
    2019.eko maiatzak 21

    Comentario de Twitter:
    El Consejo de de Gobierno  https://t.co/WvvZtKgRgB ha dado hoy luz  verde al protocolo de colaboración suscrito … https://t.co/jPEtF7Q2wE

Komunikabideek behera kargatzeko