Eusko Jaurlaritzak 300.000 euro bideratu ditu gaixoek eta beren familiek eratzen dituzten elkarteetara (Gobernu Bilera 2019-05-21)
- Iaz, guztira, 118 proiekturi eman zitzaizkien dirulaguntzak; proiektu horien bidez, kolektibo horren bizi-kalitatea hobetu nahi da
Eusko Jaurlaritzak, gaur, Osasun Sailak proposatuta, gaixoek eta beren familiek eratzen dituzten eta horien bizi-kalitatea hobetzeko irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteei zuzendutako laguntzen deialdia ezartzen duen agindua onetsi du. Laguntza horien zenbatekoa, guztira, 300.000 euro dira.
Honako jarduketa hauek izango dira dirulaguntzaren helburu:
- a) Gaixotasunen bat duten pertsonen kolektiboei laguntzea trebetasun eta baliabideen garapenean, beren autozaintzako gaitasuna eta autonomia areagotzeko.
- b) Eraginpean dauden pertsonen behar soziosanitarioetan ikuspegi salubristatik, osasuna sustatzeko ikuspegitik eta xede komunitarioekin laguntzea eta horiek bideratzea.
- c) Gaixotasunaren eraginpean dauden pertsonetan eta beren familiartekoetan gaixotasunari buruzko, gaixotasunaren arrisku-faktoreei buruzko eta osasun-jokabide egokienei buruzko ezagutza eta informazioa areagotzea.
- d) Eraginpean dauden pertsonen osasunean dauden desparekotasunak eta desegokitasunak murriztu eta genero-ikuspegia sartzea.
Iaz, 118 proiekturi eman zitzaizkien guztira dirulaguntzak. Deialdia urtero berritzen da, Osasun Planean eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren Osasuna Sustatzeko Programan ezarritako helburuak kontuan hartuta.
Osasun Sailak bereziki balioetsi du elkarte horiek gaixoen eta beren familiartekoen osasun fisikoari, psikologikoari eta sozialari eginiko ekarpena, besteak beste, honako gai hauetan: gaixotasunaren errealitate sozialarekiko eta afektiboarekiko harreman zuzena eta zerbitzuak emateko asistentzia zuzena eta enpatikoa eta autolaguntzarako programak.