Eu

Udalentzako laguntzak, hirigintzako udal planetan genero ikuspegia sartzeko (Gobernu Bilera 2019-05-2019)

2019.eko maiatzak 21

Gobernu Kontseiluak Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren agindua onetsi du; horren bidez, hirigintza inklusiboari buruzko laguntzen deialdia deitu da; helburua da genero-ikuspegia sartzea udal-plangintzan eta -hirigintzan, eta, besteak beste, gizonek eta emakumeek lurraldeko baliabide eta ekipamenduetara sarbide-aukera bera dutela eta espazio publikoetan emakumeen segurtasuna areagotzen dela bermatzea.

Udalentzako laguntzek, guztira, 200.000 euro dituzte, eta udal hirigintza-planetan genero-ikuspegia eraginkortasunez integra dadin dute helburu, lehentasunezko ekintzakoak diren lau arlo tematikoren inguruko ekintza estrategikoen bidez: lurralde-antolamendua eta hirigintza, mugikortasun jasangarria, landa-eremua edo gobernantza.

Genero-desparekotasunak daude, bai ekipamendu eta zerbitzuak erabiltzeko beharrean, bai horietara sartzeko aukeran. Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren iritziz, genero-ikuspegia hirien diseinuan sartzea funtsezko tresna da, gizon eta emakumeei baliabide guztietara baldintza-berdintasunean jotzen dutela bermatu ahal izateko.

Jarduketa-eremuetan antzeman diren desparekotasunak aztertu ondoren, neurri zehatzak hartu behar direla ondorioztatu da. Neurri horien bidez, besteak beste: espazio publikoan emakumeen segurtasuna hobetzen lagunduko da, eta, horretarako, puntu beltzak kendu eta eraikin eta espazio publiko diafano eta seguru berriak diseinatuko dira; etxeko lana eta pertsonak zaintzeko lana egiteko eta norberaren bizitza, familia eta lana uztartzeko bide ematen lagunduko da, eta, horretarako, “zaintzaren hirigintza” sustatuko da; eta mugikortasun-planetan gizon eta emakumeek egiten duten garraio publikoaren erabilera jasotzen lagunduko da. Halaber, lagundu egingo da etxebizitzetara ekipamenduak hurbiltzeko aukera ematen; horretarako, ekonomia- eta egoitza-jardueraren erabilera mistoko espazioak diseinatuko dira. Eta joan-etorrietako denborak laburtzen ere lagunduko da, bai eta emakumeek herritarrek parte hartzeko prozesuetan eta hirigintza-plangintza horiek diseinatzeko eta gauzatzeko ekipo teknikoetan parte-hartze handiagoa izatea sustatzen ere.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera. Genero-ikuspegia duten dokumentuak prestatzeko beharrezko laguntza teknikoa kontratatzeko gastuak finantzatuko dira, gehienez 20.000 euroan, udal bakoitzeko.  Ezingo dira dirulaguntza horien onuradun izan aurreko ekitaldietan lan beretarako adjudikaziodun izan diren erakundeak, berariaz uko egin ezean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko