Eu

Gobernu Kontseiluak 43.500 euroko diru-laguntza zuzena baimendu du, Euskadiko Gurutze Gorriaren alde, iragaitzazko migratzaileentzako larrialdiko aldi-baterako harrera-zerbitzuak kudea ditzan (Gobernu Bilera 2019-05-21)

2019.eko maiatzak 21

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailburu Beatriz Artolazabalek proposatuta, Euskadiko Gurutze Gorriari 43.519 euroko diru-laguntza zuzen bat ematea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Diru-laguntzaren xedea da Euskadin iragaitzaz dauden migratzaileen oinarrizko beharrak asetzea helburu duen harrera-programa osagarri bat kudeatzea. Gehienbat Erdialdeko Europa eta Ipar Europa jomuga duen migrazio-prozesu batean murgilduta daude aipatu pertsonak.

Iazko ekaina eta abendua bitartean, Euskadiko Gurutze Gorriak iragaitzazko 6.500 migratzaile artatu zituen, guztira, Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Irunen.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin, Arabako, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiekin eta Vitoria-Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Irungo udalekin batera, elkarrekin dihardute lanean eta arreta humanitarioko sistema bat aktibaturik daukate talde horren oinarrizko elikadura-, ostatu-, osasun- eta logistika-beharrak ase ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzak, halaber, erakunde-bilera eta -harreman ugari izan ditu, iazko ekainaz geroztik, Estatuko Gobernuarekin, beste Autonomia Erkidego batzuekin eta Batasuneko eskualde ezberdinekin, Bruselako Europako Batzordearen Migrazioen Zuzendaritza Nagusiarekin eta Eskualdeetako Lantaldearekin, ahalik eta koordinaziorik handiena bermatzeko gai honi dagokionez.

Ondokoak dira programa honen funtsezko helburuak: migratzaileak beren beharretara hobekien egokitzen den egituran artatu ahal izatea, oinarrizko jakiak, higiene-osagaiak eta sendagaiak izatea arreta humanitarioa eskaintzeko xedearekin antolatutako egituretan, detektatutako beharrei erantzunik onena emango dieten bitartekoak eta azpiegiturak izatea edo identifikatutako arazoei erantzunik aproposena emateko gauza diren pertsonak izatea.

Euskadiko Gurutze Gorriak hiru Euskal Lurralde Historikoetan egiten du lan: elkarrizketak eta balorazioak egiteko eta migratzaileak larrialdiko gaueko aterpetara, jantokietara eta beste arreta-egitura batzuetara igortzeko ardura duen profesional-talde batez baliatzen da horretarako.

Ondoko pertsonak dira arreta humanitarioko jarduketa honen jomuga: narriatze fisikoaren eta gizarte-, familia-babesaren eta bitarteko ekonomikoen faltaren ondorioz gizarte-egoera ahulean dauden iragaitzazko migratzaileak, penintsulako hegoalderaino iritsi ondoren edo gizarte- eta osasun-izaerako arrisku larriak dakartzaten kokagunetan bizi badira eta agertzen dituzten arazoei aurre egin ahal izateko berehalako ekintza-programen beharra dutenean.

2018ko azaroan Estatuko Gobernuak 32.661.572,33 euroko diru-laguntza zuzena eman zion Espainiako Gurutze Gorriari, Espainiako kostaldera iritsitako migratzaileak arta zitzan. Estatu-mailako laguntza horren parte proportzional bat Euskadiko Gurutze Gorriari dagokio.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko