Eu

Eusko Jaurlaritzak 19,3 milioi euro eskaintzen dizkie jarduera hezigarriei eta enpleguaren sustapenari, Lanbide´ren bidez (Gobernu Bilera 2019-05-2º)

2019.eko maiatzak 21
  • 3 milioi euro langabeei zuzenduriko eta parte-hartzaileak kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzetara
  • 2,3 milioi euroko finantzazioa eskainiko dio HEZIBI, Lanbide Heziketa alternantzian egitea sustatzen duen gazteentzako programari
  • 10 milioi euro bideratu ditu enplegua sustatzeko tokiko ekintzetara, eremu eta udalerri ahuletarako bereziki: Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oarsoaldea.
  • 4 milioi euro bideratu ditu lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten pertsona langabeei zuzendutako Proiektu Berezien garapena sustatzera

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Lanbideren bidez, 19,3 milioi euro bideratzen ditu, azken urtean abian jarritako ekimenekin bat egiten duten okupatu eta langabeentzako prestakuntza-jardueretara eta enplegua sustatzera.

Gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da Gobernu Kontseiluko buru, eta, Beatriz Artolazabalek bertan zehaztu duenez, honako hauek dira helburu: kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak, langile langabeei zuzenduak; gazteentzako prestakuntzarako eta ikas-ekinezko lanerako HEZIBI programa; bereziki gune eta udalerri ahuletan enplegua sustatzeko ekintzak; eta enplegura jotzeko edo horretan mantentzeko zailtasunak dituzten langile okupatuentzako eta langabeentzako gizarteratze- eta laneratze-proiektu berezien garapena. 

  • Lanbidek 3 milioi euro biderako ditu, langabeei zuzenduriko eta parte-hartzaileak kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzetara

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailburu Beatriz Artolazabalek Lanbideko Administrazio-kontseiluaren akordioa azaldu dio gaur Gobernu Kontseiluari. Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzenduriko eta parte-hartzaileak kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza-ekintzentzako diru-laguntzen deialdia onartu du, aipatu akordioak, 2019. urterako. Lanbidek 3 milioi euro esleituko ditu xede horretarako.

Diru-laguntza hauen xedea Euskal Autonomia Elkargoan lantokia duten enpresak eta ekintzaren eskaria aurretik akreditatuta zeuden edo izena emana zuten prestakuntza-entitate pribatuak edo publikoak dira. Onuradun nagusiak, ordea, Lanbiden izena eman duten langabeak dira.

Ikasleek doan egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen baititu. Europako Gizarte Funtsak ere neurri honen finantzazioan parte hartzen du.

  • Lanbidek 2,3 milioi euroko finantzazioa eskainiko dio HEZIBI, Lanbide Heziketa alternantzian egitea sustatzen duen gazteentzako programari 

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailburu Beatriz Artolazabalek Lanbideko Administrazio-kontseiluaren akordioa azaldu dio gaur Gobernu Kontseiluari. Akordioaren bitartez, Lanbidek 2,3 milioi euroko finantzazioa emango dio HEZIBI, Lanbide Heziketa alternantzian egitea sustatzen duen gazteentzako programari.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Hezkuntza Sailak sustatu duten programa hau era esanguratsuan hazi da azken hiru urteotan. 2016. urtean, honela, 539 onuradun izan zituen programak. Kopuru hori bikoiztu egin zen 2018n, Hezibi ekimenaren diru-laguntza jaso eta heziketa dualean kontrataturiko pertsonak 1.006 izan baitziren. 2017. urtean 648 izan ziren.

HEZIBI ekimenaren ereduak Lanbide Heziketa alternantzian egitea sustatzen du. Lanbide Heziketako ikasleei eta gazte langabeei zuzendua dago eta xedea da beren gaitasun profesionalak hobetzea, profesionaltasun ziurtagiri bat edo Lanbide Heziketako titulu bat lortuz eta, bien bitartean, ordaindutako lana eginda enpresa batean. Honela, egokitzapen edo oreka hobea sustatzen da enpresen beharren eta langileek eskuratzen dituzten gaitasunen artean. Ekimenak, horrenbestez, enplegu- eta prestakuntza-ekintzak bultzatzen ditu lan-eskarmentuaren arloan, beste ikastun batzuk ahalbidetzen baititu enpresen testuinguruan.

16 eta 30 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago programa, desgaituen edo gizarte-bereizkeria pairatzen duten taldetako pertsonen kasuan salbu, aipatu horiei ez baitzaie inolako adin-mugarik aplikatzen. Guztiek ere, aldez aurretik Lanbiden izena eman beharko dute.

Gutxieneko iraupena urtebetekoa da; gehienekoa, 3 urtekoa. Zentzu horretan, lanean emandako denborak ezingo du lanaldiaren % 75aren gainetik egon kontratuaren lehen urtean: denboraren % 25a prestakuntzari eskainiko zaio, gutxienez. Bigarren eta hirugarren urtean, lana-prestakuntza erlazioa % 85-% 15 izango da.

Parte hartzen duten enpresek 2.000 € jasoko dituzte kontratatutako pertsonen kontratu-urteko eta aipatu kontratuek lanaldi osokoak izan beharko dute.

  • Lanbidek 10 milioi euro bideratu ditu enplegua sustatzeko tokiko ekintzetara, eremu eta udalerri ahuletarako bereziki: Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oarsoaldea 

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailburu Beatriz Artolazabalek Lanbideko Administrazio-kontseiluaren akordioa azaldu dio, gaur goizean, Gobernu Kontseiluari. Akordioaren eskutik, Lanbidek 10 milioi euro bideratuko ditu, guztira, enplegua sustatzeko tokiko ekintzak martxan jartzera, gehienbat eremu eta udalerri ahuletarako.

Lanbide erakunde autonomoak bere babesa eskainiko du enplegua sustatzea xede duten Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko erakundeetako proiektuak martxan jartzeko, eremu eta udalerri ahuletan bereziki. Europar Batasunak Ahultzat jo dituen eremuetako eta langabezia-tasa bereziki kezkagarria agertzen duten eremuetako tokiko erakundeei zuzenduriko laguntza ekonomikoak dira eta xedea da enplegua sortzea helburu duten proiektuak martxan jartzea.

Programak bi udalerri mota bereizten ditu. Alde batetik, 5 milioi euro bideratuko dira Talka Plana delakoan sarturiko eremuak eta udalerriak jomuga dituzten ekintzetara. Ondokoak dira, hain zuzen ere: Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oarsoaldea. Eta beste 5 milioi bideratuko dira langabezia-tasa bereziki kezkagarria duten eskualde eta udalerrietara: 2018ko abenduan % 11tik gorako langabezia-tasa erregistratua zuten horiek dira.

Bi ekintza-eredu ezberdin bultzatu nahi dira aipatu bi eremuetan:

  • Enplegua sustatzeko helburuarekin, lan-merkatura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonen enplegagarritasuna sustatzeko helburuarekin ezohiko merkatuan egindako kontratazioak sustatuko dira, pertsona horien kualifikazioa eta/edo gaitasun pertsonalak eta motibazioa sendotuz honela.
  • Kontratazioa bultzatzeko laguntzak, Lanbiden lan-eskatzaile gisa izena emanda duten langabeen kontratazioa errazteko, ohiko merkatuan, tokiko enpresen aldetik.
  1. urtean 1.149 pertsonen kontratazioa sustatzea espero da, guztira. Talka Planean sartutako eremuetan, 425 langabe kontratatuak izan zitezkeen enplegua sustatzeko laguntzen bitartez eta beste 86 kontratazioa bultzatzeko laguntzen bitartez. Langabezia-tasa bereziki kezkagarria duten eskualde eta udalerritan, enplegua sustatzeko lehen lerroak 351 kontratu susta zitzakeen; kontratazioa bultzatzeko laguntzek, beste 287 gehiago.
  • Lanbidek 4 milioi euro bideratu ditu lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten pertsona langabeei zuzendutako Proiektu Berezien garapena sustatzera

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailburu Beatriz Artolazabalek Lanbideko Administrazio-kontseiluaren akordioa azaldu dio gaur Gobernu Kontseiluari. Akordio horren bitartez, lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten pertsona langabeei zuzendutako Proiektu Berezien garapena sustatzeko diru-laguntzen deialdia onartu du Lanbidek. Erakundeak 4 milioi euro esleitu ditu xede horretarako.

Diru-laguntzen xedea da proiektu bereziak finantzatzea. Aipatu proiektuek prestakuntza-, orientazio-, enplegu-ekintzak edo beren partaideen enplegagarritasuna era esanguratsuan hobetzen duen beste edozein neurri konbinatzen dituzten horiek dira.

Ondokoek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntzak: Foru Aldundiak eta Foru-sektore Publikoa; Erkidegoko Udalak eta tokiko sektore publikoko Entitateak; EAEko sektore publikoko entitateak; EAEko Tokiko edo Eskualdeko Garapenerako Agentziak eta horiekin lotutako elkarteak; Lanbide Heziketako erakundeen dagokion erregistroan inskribatutako edo-eta akreditatutako irabazi-asmorik gabeko prestakuntza-erakunde pribatuak; Hezkuntza Sailaren edo Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dauden prestakuntza-erakunde publikoak; EAEn egoitza edo ordezkaritza duten entitateak, baldin eta horien merkataritza-jarduera xede sozial baten mende badago, lehentasunez, eta azken hamar urteetan bere irabazien % 70 xede sozial horiek lortzean inbertitu badute; aldi baterako enpresa-elkarteak; eta zuzenbide publikoko partzuergoak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko