Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzak erroretzat joko luke Kongresuko mahaiak eta Senatuak preso dauden diputatu katalanak desgaitzeko erabakia hartzeko aukera

2019.eko maiatzak 21

Josu Erkoreka bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseilu ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera.

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, preso dauden Kongresuko eta Senatuko diputatu katalanak desgaitzeko aukeraz, adierazi du erabaki hori hartuz gero errorea izango litzatekeela. Erkorekaren arabera, zubiak eraiki eta negoziazio-bideak zabaltzea da Kataluniarako konponbidea,“eta ez demokratikoki aukeratutako pertsonei kargu publikoetan aritzen ez uzteko erabakiak hartzea”, gehitu duenez.

TRANSFERENTZIAK

Transferentziei dagokienez, Erkorekak nabarmendu du Meritxell Batet joateak ez diola eragin behar lan-planari eta eskualdatzeko dauden transferentzien egutegiari. Erkorekak nabarmendu du Espainiako Gobernuaren konpromiso instituzionala dela. “Konpromiso publiko bat da, ezaguna eta idatzizkoa, eta espero dugu egiteke dagoen lanari lehenbailehen berriz heldu ahal izatea”, adierazi duenez.

LANEKO ISTRIPUAK

Zarautz eta Zestoan atzo gertatutako laneko istripuez galdetuta, Erkoreka sailburuak dolumina eta elkartasuna adierazi dizkie hildako bi langileen senitartekoei eta haien hurbilekoei. Bozeramaileak nabarmendu du garrantzitsua eta ezin bestekoa dela enpresaburuak eta langileak laneko arriskuen gainean kontzientzia hartzea eta horiek ez gertatzeko heziketa eskuratzea.

FINAL FOUR

Joan den asteburuan egindako Final Four-i dagokionez, Zupiria sailburuak nabarmendu du balio handia duela Final Four Vitoria-Gasteiz hirian egin izana, 250.000 biztanle dituena. Zupiriak balorazio positiboa egin du, nahiz eta honen iritziz eguarldia ez den oso ona izan. Horri lotuta, Zupiriak antolakuntzaren sendotasunari erreparatu dio. “Gasteizek frogatu du gai dela, tamaina erdiko hiria izanagatik, batere problemarik gertatu gabe honelako itzala duen ekintza bat antolatzeko”, gehitu du.

KULTURA

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aditzera eman du Gobernu Kontseiluak bi protokolo sinatzea onartu duela. Bata Munduko Ondare gisa “Ardoaren eta Mahastien Paisaia”ren hautagaitza berrabiarazteko da; bestea, berriz, XIX eta XX. mendeetako Barakaldoko industria-ondarea berreskuratzeko.

Lehendabizikoari dagokionez (Munduko Ondare gisaArdoaren eta Mahastien Paisaia”ren hautagaitza berrabiarazteko protokoloa), Zupiriak adierazi du proiektu hau hauspoa dela Ebroren ertzeko ardo- eta mahasti-inguruneko ekonomia-jarduera, ongizatea eta kultura sendotzeko eta hura etorkizunera begira sustatzeko. “Ekimen honek beharrezko ditu hiru erkidegoetako ardo- eta mahasti-eragileek bertan izan behar dituzten inplikazioa eta protagonismoa, ezin besteko elementuak baitira arrakasta izan dezan”, adierazi du.

XIX eta XX. mendeetako Barakaldoko industria-ondarea berreskuratzeko protokoloari begira, Bingen Zupiriak azaldu du proiektuaren helburua dela kargalekuak multzo monumentaltzat aitortzea eta beharrezko azterlanak egitea Espainiako Gobernuarekin hala adostuta horiek zaharberritzeko.

ENPLEGUA

Bestetik, Erkoreka sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak argi berdea eman diela Euskadin enplegua sortzea sustatzen duten 4 Programari, 20 milioi euroko inbertsioaz. Bozeramaleak azaldu duenez, Programa horiek “2020ko Enplegurako Plan Estrategikoa”n kokatzen dira, eta 300 milioi euro inbertituko dira aurtengo 2019an. “Gure helburua da aurten 14.000 lanpostu berriren sorrera hauspotzea, ondorengoen bidez: prestakuntza, ekintzailetza, gazte-enplegu, laneratze eta tokiko ekonomiarako laguntza programak eta eraikuntzako Renove planak eta tokiko enplegu-planak”, nabarmendu du. Erkorekak adierazitakoaren arabera, Programak ondorengoak dira:

- 10 milioi euro langabezia-tasa altua dutelako “ahultzat” sailkatu diren udalerri eta eskualdeetan enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako.

- 4 milioi euro gizarteratu eta laneratzeko Proiektu Bereziak martxan jartzeko laguntzetarako.

- 3 milioi kontratazio-konpromisoa duten heziketa-ekintzetarako.

- 2,3 milioi euro “HEZIBI Programa”rako.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak