Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriarte eta Bingen Zupiria sailburuek 2019ko Ibilaldiaren irekiera ekitaldian parte hartu dute

2019.eko maiatzak 19
  • Hezkuntza Lege berriaren prozedura administratiboari hasiera ematen dion kontsulta publikoa irekita dagoela azaldu du Hezkuntza Sailburuak

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Bizkaiko Ikastolen aldeko Ibilaldia festaren irekiera ekitaldian hartu du parte gaur goizez, Lekeition. Bertako Azkue Ikastolak antolaturiko jaian Uriarterekin batera parte hartzaile izan dira, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari: Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Maite Alonso, Hezkuntza sailburuordea; Olatz Garamendi, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea; eta Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako sailburuordea.

Bere hitzaldian, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako bere gain hartu duen erronka izan du hizpide Uriartek: Hezkuntza Lege berria. “Hogeita sei urte igaro eta gero, Hezkuntza Lege berri batek gaur egun indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoaren Legearen lekukoa hartzea. Konpromiso hori mantentzen dugu” azaldu du, eta gogorarazi du dagoeneko euskadi.eus atariaren egoitza elektronikoan Lege berri horren prozedura administratiboari hasiera ematen dion kontsulta publikoa irekita dagoela, maiatzaren amaierara arte, nahi duen orok bere ikuspuntua azal dezan.

“Ikuspuntu anitzez osatutako herria gara, eta horrek aberastu egiten gaitu. Denon artean landuko dugun lege horrek gure hezkuntza indartzeko eta hobetzeko behar ditugun tresna eguneratuak jaso beharko ditu. Gure konpromisoa betez, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa betez, nire asmoa da legealdi honetan Hezkuntza Lege-proiektua Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluan onartu eta Legebiltzarraren eskuetan jartzea, bertan aztertu dezaten” zehaztu du sailburuak.

Lege berrirako bidea, ordea, Hezkuntzaren aldeko Akordioaren Oinarriak jasotzen dituen dokumentuarekin hasi zela gogorarazi du Cristina Uriartek. “Eragileen parte hartzea oso bizia izan zen prozesu guztian zehar, proposamen ugari txertatuz azken dokumentuan. Haien lanari esker, guztien parte hartzeari esker, akordioa lantzen duen dokumentua errealitate bat da. Hor dugu oinarria, beraz”.

Euskara altxor

Hezkuntza sistemak –tartean Ikastolak direla- eta gainerako gizarte eragileek euskarak egun bizi duen egoeran izan duten garrantzia ere azpimarratu du Uriartek, argiak bezalaxe itzalak ere nabarmenduz. “Gaur egun euskarak duen osasuna Ikastolek, ikastetxeek egindako lan guztiari esker da. Badakit sarritan euskararen ezagutza maila nahiko genukeena baino baxuagoa dela, baina horrek indartu egin behar gaitu gure ahaleginean. Gure aurrekoek egin zuten bezala. Ez du balio kexu agertzea. Baditugu tresnak esku artean, baina Hezkuntzak bakarrik ezin du. Beraz, ekin diezaiogun”, gehitu du.

Amaitzeko, euskal gizartean gertatzen ari den aldaketa baten inguruko gogoeta ere plazaratu nahi izan du Hezkuntza sailburuak. “Gizarte anitza gara, irekia, pentsamendu eta jatorri ezberdinak ditugun pertsonaz osatua. Euskadi koloretsua gara. Eta hezkuntza sistema ostadar horren isla da. Gure ikasgeletan jatorri ezberdinetako ikasleak ditugu, eta gure herrira, gure ikasgelara iristen diren momentu berean, bat gara. Hauek ez dira hangoak eta gu hemengoak. Denak gara gu. Gure errealitatean murgildu daitezen, gure kultura haiena ere bihurtu dadin, gure hizkuntza ikasle berri horiei oparitzen diegun altxor gisa sentitu dezaten, denok gara beharrezkoak. Egin gaitezen erakargarri, egin dezagun ahalegin berezia, bakoitzak aztertu dezala bere ibilbidea eta ahalegindu dadila. Denon artean, herri anitza eta bateratuagoa bihurtu gaitezen”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak