Eu

Brexit-aren inpaktua Arabar Errioxako ardoan

2019.eko maiatzak 16
  • Eusko Jaurlaritzak eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziak Guardian antolatutako jardunaldi batean Matthew Desoutter adituak esan du Arabar Errioxako ardoaren mundu mailako ospea “balore garrantzitsua” dela Brexit-aren inguruko ziurgabetasun fase honetan
  • “Neurriak hartu behar ditugu prest egoteko, horretarako daukagu Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren Erresuma Batuko bulegoa” azpimarratu du Bittor Orozek, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak
  • Pablo Fanok, Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren Londresko bulegoko zuzendariak, kontingentzia-planak egitera animatu ditu ardoaren sektoreko euskal enpresak

Brexit-aren inguruko ziurgabetasun fase honetan, Arabar Errioxako ardoaren mundu mailako ospea “garrantzitsua izan liteke aldaketaz betetako une batean gaudelako” adierazi du ardo-banaketako enpresa bateko zuzendaritza-kargu den Matthew Desoutter-ek. Brexit-ak ardoaren sektorean izan dezakeen eragina aztertu da ostegun honetan Guardian, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta SPRI Taldean integratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentziak antolatutako jardunaldi batean.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek eman dio hasiera jardunaldiari, eta hauxe esan du: “oso kezkatuta gaude Brexit-ak izango duen inpaktuagatik eta ez bakarrik ardoaren sektorean, baizik eta sektore guztietan”. Gogorarazi du Erresuma Batuak 3.000 milioi euroko ekarpena egiten diola Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuari.  “Dakigun gauza bakarra da une honetan ez dakigula ezer. Baina neurriak hartu behar ditugu prest egoteko, eta horretarako daukagu Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren Erresuma Batuko bulegoa”.

Orozek esan du ardoaren esparruko eta oro har sektore guztietako enpresen zerbitzura dagoela bulego hori. “Dagoeneko hasi gara Brexit-aren ondorioak nabaritzen. Balioari dagokionez, Erresuma Batua da [Arabar Errioxako] ardo-esportazioaren jomuga garrantzitsuena eta ziurgabetasun egoerak %8,6ko jaitsiera eragin du”. “Erresuma Batuko bulegoarekiko konexio zuzena eskaintzen dizuegu gaur”.

Desoutter & James ardo-banaketako enpresako zuzendarikide Matthew Desoutter-ek hizpide hartu du Brexit-aren ondoren Erresuma Batuan sortuko den ardoaren merkatu berria.  Sektore horren garrantziaren erakusgarri, esan du Erresuma Batuan kontsumitzen den ardoaren %99 inportatu egiten dela eta %55 EBtik datorrela.

Akordiorik gabeko Brexit-a gertatzen bada, “etorkizuneko muga-zergak ez dira izango mehatxu ekonomiko larria, baina zalantza asko daude araudi-markoari buruz” esan du.

Desoutter-ek onartu du ez dela erraza Brexit-aren inpaktuari buruzko azterlanak eskuratzea. “Brexit-ak, edozein motatakoa izanda ere, ziurrenik balaztatu egingo du Erresuma Batuko hazkunde ekonomikoa eta liberaren jaitsiera eragingo du, eta bi egoera horiek kaltegarriak dira ardo inportazioentzat”. Egoera horrek eta esportazio-kostuen hazkundeak dagoeneko murriztu dituzte produktoreen marjinak.

Hainbat azterlan aipatu ditu, zeintzuen arabera ardoaren prezioa %22 igoko den 2025erako eta Erresuma Batuan kontsumitzen den ardo bolumena %28 murriztuko den akordiorik gabeko Brexit-a gertatzen bada.

Gaineratu du Errioxa hornitzaile ezagun eta fidagarria dela eta, ziurgabetasun fase honetan, “hori balore garrantzitsua dela aldaketaz betetako une batean gaudelako”. Britainia Handiko inportatzaileekin hitz egin ondoren “ikusi dugu merkatua polarizatzen ari dela, hau da, handienak handiago bihurtzen ari direla eta espezializatuenek bereizi egin nahi dutela produktuan eta ontziratze zerbitzuan”.

Pablo Fanok, Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren Londresko bulegoko zuzendariak, hizpide hartu ditu egoera ekonomikoa, merkatuko perspektibak eta EAEko upategiei ematen zaizkien laguntzak. Ados agertu da esatean muga-zergak direla “arazo txikiena”, zeren akordiorik gabeko Brexit-a gertatuko balitz, ardoak ez lituzke ordainduko zerga horiek. “Erresuma Batuko ardo sektorea ahal duen presio guztia egiten ari da irteera samurra izan dadin”.

Fanok enpresak animatu ditu kontingentzia-planak egitera, esaterako, produktuak biltegiratzeko kostu azterketak.  “Brexit.eus webgunean badauzkazue auto-diagnostikorako tresnak eta gure bulegoaren bitartez lor ditzakezue behar dituzuen kontaktuak”. Gogoratu du hainbat laguntza eskaintzen direla merkatuak dibertsifikatzeko eta, horrela, merkatu britainiarreko irabazi txikiagoen inpaktua saihesteko.

Aurkezpenen ondorengo solasaldian, enpresariek galdetu dute akordiorik gabeko Brexit-ak ba ote duen inolako abantailarik eta zeintzuk diren eskuratu daitezkeen laguntza publikoak.  Bittor Oroz sailburuordeak azaldu du zer lan egiten duen Eusko Jaurlaritzak merkatu berriak bilatzeko.

Ainhoa Ondarzabalek, Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendariak, eman dio amaiera jardunaldiari, esanez “hemendik aurrera ere Arabar Errioxako ardoa salduko dela Erresuma Batuan, baina prest egon behar dugula. Brexit-a etorriko da eta ondorioak izango ditu, baina aurre egingo diegu”.

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @hazifundazioa
    2019.eko maiatzak 17

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: 🍷 El impacto del #Brexit en el vino de la #RiojaAlavesa ➡︎ https://t.co/zAUIKRY6ru https://t.co/vSFzjlVqtD

  • @vitoriawinecity
    2019.eko maiatzak 17

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: 🍷 El impacto del #Brexit en el vino de la #RiojaAlavesa ➡︎ https://t.co/zAUIKRY6ru https://t.co/vSFzjlVqtD

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak