Eu

Etxebizitza Sailak 90 udalerriren artean 2018rako irisgarritasunerako laguntzetara bideratutako 6,4 milioi euroak banatu ditu

2019.eko maiatzak 15
  • Esleipenerako, hiri-igogailuak jartzea lehenetsi da, kostu eta gizarte-inpaktu handia baitute

 

Euskadiko 90 udalerriren artean banatu da, guztira, Etxebizitza, Lurralde Plangintza eta Ingurumen Sailak 2018an irisgarritasuna hobetzeko eta arkitektura-oztopoak kentzeko plan eta jarduketak diruz laguntzera bideratutako 6.400.000 euroko aurrekontua. Aurkeztutako proiektuetarako laguntzak esleitzean, hiri-igogailuak jartzea zekartzaten jarduketak lehenetsi dira, kostu handia eta gizarte-inpaktu handia baitute, oinezkoentzako hiri-konexioak hobetu egiten baitira. Laguntza guztien % 42,5 da.

Zehazki, 12 igogailu lagundu dira diruz, eraikin publikoetan; horietako 8 Araban, 5 Bizkaian eta 6 Gipuzkoan; eta 10 hiri-igogailu, horietako 8 Gipuzkoan eta 2 Bizkaian.   

Aurretik irisgarritasun-planetan aurreikusitako proiektuak aurkeztu ondoren dirulaguntzak jasoko dituzten udalerrietatik, 45 Gipuzkoakoak dira, 30 Bizkaikoak eta 15 Arabakoak.  Guztira, 142 obra lagunduko dira diruz, bai eta beste udalerri batzuetako 23 irisgarritasun-plan prestatzea edo eguneratzea ere.

Arabako 15 udalerriek, guztira, 547.768 euro jasoko dituzte, eta nabarmentzekoak dira Vitoria-Gasteizko eta Zigoitiako udalak, bakoitzak ia 100.000 euroko dirulaguntza jasoko baitu. Bizkaiko 30 udalerriek 2.186.185 euro jasoko dituzte. Abanto Zierbenak, Getxok eta Arrigorriagak 300.000, hurrenez hurren (laguntzaren gehiengoa), eta horiek izango dira gehien jasoko dutenak, gero Berangok (230.950), Berrizek (109.627) eta Basaurik (109.439). Gipuzkoan dirulaguntza jasoko duten 45 udalek laguntzen kopuru handiena jasoko dute, 3.352.682 euro   guztira. Astigarragak, Eibarrek, Lezok, Lasarte-Oriak eta Zumaiak 300.000 euro jasoko dituzte, bakoitzak, Oiartzunek 178.237 eta Urretxuk 121.734 euro.

2018ko deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, datozen egunotan, eta deialdira euskal udalerriek guztira obretarako 10,2 milioi euroko zenbateko globala aurkeztu zuten.  

Laguntza-lerro horrek harrera oso ona du toki-erakundeen artean, eta hala erakusten du dagoen eskari handiak. Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aurrekontu-zuzkidura bikoiztea erabaki zuen; horrela, 2017ko deialdian 3,2 milioi euro izan ziren eta, 2018ko deialdian, 6,4 milioi euro.

Udalentzat ez ezik, laguntzak irabazi-asmorik gabeko erakundeen jarduketak ordaintzeko ere badira. Edizio honetan, onura publikoko helburu sozialak dituzten bost erakunde pribatuk dirulaguntzak jasoko dituzte, 313.369 euroan.   

48 milioi laguntzetan, 1997tik

Euskadin arkitektura-oztopoak kentzeko eta hiri-espazioak birkonfiguratzeko eginiko ahalegina oso sendoa izan da, 1997an Irisgarritasuna Sustatzeko 1997ko Euskal Legea onetsi zenetik. Horrela, 249 irisgarritasun-plan bultzatu dira, udal-mailan (50 Araban, 112 Bizkaian eta 87 Gipuzkoan) eta horien 74 eguneratze. Bi hamarkada hauetan, gainera, 48 milioi euroko laguntzak banatu dira, guztira udalerrietatik eginiko 1.333 obra finantzatzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak