
Berdinduren adierazpena lgtbifobiaren kontrako egun honetan, maiatzak 17
"Beste urtebetez, maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren kontrako nazioarteko eguna ospatzen dugu, aipaturiko kolektiboaren eskubideen aldeko eta diskriminazioaren kontrako jarduketen ardatz katalizatzaile gisa.
Bistakoak dira horren harira eman diren aurrerapausoak, legegintza-mailan zein gizartearen idearioan. Aurrerapauso horiek arauen barruan sartzen ez diren sexualitateekiko sentsibilitate berria garatzea posible egin duten lorpenak dira. Hala ere, honelako egun batean, desberdinkeria azpimarratzeko betebeharra daukagu, bai eta gaur egun LGTBI pertsonek zenbaitetan jasan ohi duten eskubideen urraketa larria salatzekoa ere.
2019 urte honetan, kolektiboak nazioartean pairatzen duen egoera konplexuan jarri nahi dugu azentua. ILGAk (International Lesbian, Gay, Bisexual, Trans and Intersex Association) “Estatu homofobia 2019”[1] bere txostenean jasotzen duenaren arabera, 70 herrialde dira sexu bereko pertsonen arteko harremanak kriminalizatzen jarraitzen dutenak; horietako 11 herrialdek, aipaturiko arrazoia dela eta, heriotza-zigorra ezartzeko aukera aurreikusten dute beren zigor kodeetan. Egoera are dramatikoagoa da kontuan hartzen baditugu LGTBI kolektiboak beste herrialde askotan pairatu behar dituen gorroto-krimenak eta eskubideen urraketa larriak.
LGTBI pertsonak halabeharrez ihes egitera behartzen dituen egoera dramatikoa da, eta zenbait kasutan, deserrotze-egoeran bizi dira, oinarrizko beharrizanekiko prekarietate-egoeran eta zaurgarritasun-egoera handian. Hori horrela, harrera-herrialdeak garen heinean, ez gara gai beti harrera behar bezala egiteko eta, ondorioz, bizi-kalitatea bermatzeko. Datu horiek baliagarriak izan behar dira beharrezko doikuntza bat egiteko eta baliabideak areagotzeko deialdi gisa.
Ezin dugu ahaztu, bestalde, planteamendu erreakzionarioetatik areagotzen ari diren diskurtsoek zurrunbiloren erdigunean jartzen dutela LGTBI kolektiboa, gorrotoa zabaltzen baitute eta etengabe mehatxatzen baitute funtsezko eskubideen galerarekin. Diskurtso horien artean sartzen dira “sendatzeko” ekimen gisa ezkutatzen diren sasizientzia-printzipioetan oinarrituta arauen barruan sartzen ez diren sexualitateen patologizazioa betikotzea bilatzen duten diskurtsoak.
Ezin dugu ahaztu ere jatorria sexu- eta genero-dibertsitatearekiko intolerantzian duten eta gure inguruan etengabe ikusten ditugun gertakariak. Hala erakusten dute Barne Ministerioak eta Erabereanek (Tratu Berdintasunerako eta Diskriminaziorik ezerako Sarea) argitaratu dituzten gorroto-delituen inguruko txostenetan edo “Euskadiko gorroto-gertakariei buruzko txostenean” (Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak argitaratua 2018an) jasotako datuek.
Era berean, oraindik ere mantentzen diren zenbait alderdi gogorarazi nahi ditugu: heteroarauekin bat ez datozen sexualitateak hierarkizatzen eta diskriminatzen dituzten sexu-aurreiritziak, trans kolektiboaren patologizazioa, gure ikastetxeetan ikusten ditugun jarrera homofoboak, emakume lesbianei gizarte-zilegitasuna eta beren eskubideak libreki baliatzeko aukera kentzen dien ikusezintasuna eta abar.
Berdindu zerbitzutik, maiatzaren 17 honetan, Euskadi inklusibo bat aldarrikatu nahi dugu, eskubideen erdiespenaren alde eta LGTBI kolektiboak gaur egun oraindik jasan behar duen diskriminazioaren kontrako borrokan ahaleginak bateratuko dituen gizarte zaindari eta proaktibo bat. Elkarbizitzaren bermatzaile gisa finkatuko den Euskadi bat eraiki nahi dugu, dibertsitatetik. Termino hori hizpide dugun esparruan ulertu behar dugu, baina, jakina, baita bere osotasunean ere.
Gure ustez, gizarte-eragile guztien zeregina da gizarte errespetagarri, justu eta integratzaileago bat eraikitzea, eta, horretarako, LGTBI kolektiboarekin, konpromiso-lan esplizituak hartu behar ditugu gure gain, horrela, oraindik indarrean dauden diskriminazio-planoen kontrako borrokan aurrera egin ahal izateko. Eta hori da, hain zuzen ere, Berdindu Eusko Jaurlaritzako LGTBI kolektiborako informaziorako eta arretarako Zerbitzuak 2002. urtean sortu zenetik izan duen konpromisoa, eta buru-belarri lan egiten du xede horrekin. Pertsona, ikastetxe eta familientzako laguntzak; horiek osatzen dute bere oinarrizko sei-jarduketak; zalantzarik gabe, modu oso positiboan sexu- eta genero-dibertsitatearekin errespetagarria den ideario bat sortzen eta LGTBI pertsonak ahalduntzen laguntzen diharduen abordatze heterogeneo bat.
[1] https://ilga.org/downloads/ILGA_State_Sponsored_Homophobia_2019_light.pdf