Eu

Artolazabal: “Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen pobrezia bikoitza gainditzeko, administrazioek, gizarteak eta enpresek elkarlanean jardun behar dute”

2019.eko maiatzak 16

 

 

  • Deusto/Oñatiko Soziologia Erakundea Workshopa: “Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen pobrezia bikoitza gainditzea; enplegurako berrikuntza eta aukerak”.
  • “Emakume batek ezin du segundo bat gehiago jasan gutxiagotasun ekonomikoak, sozialak edo kulturalak eragindako egoeraren ondoriozko mehatxu txikiena ere”.
  • “Euskadin urrats asko eta onak ematen ari gara, genero-indarkeriarekin amaitzeko eta jasan izan dutenei laguntza emateko”

 

 Oñati, 19-05-16

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz: “Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen pobrezia bikoitza gainditzeko, administrazioek, gizarteak eta enpresek elkarlanean jardun behar dute; izan ere, enpresen kasuan, lan-aukerak sortzen dituzten oinarrizko eragileak dira, eta lan-merkatuan sartzeko aukera eskaini dezakete eta aldaketa-aukera bat eman emakume horien bizitzetan”.

 

Artolazabalek, gaur goizean, Oñatin (Gipuzkoa), Deustuko Unibertsitateak eta Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundeak antolatu duen honako workshop honetan parte hartu du: “Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen pobrezia bikoitza gainditzea; enplegurako berrikuntza eta aukerak”. Sailburuaz gainera, Gema Tomas dekanoa, Noé Cornago LSNEko zuzendari zientifikoa, Leire Kortabarria, Jesús Riaño Deustoko zuzendaria, Katherina Miller eta Asunción Ventura ere izan dira, besteak beste.

 

Laneratzea funtsezkoa da, genero-indarkeria jasan duen emakume batentzat; izan ere, horrek aukera ematen dio bizitza berriari ekiteko; bere buruari konfiantza berriro hartzeko gai dela erakusteko aukera ematen dio. Baina hori, baliabide ekonomikoen ekarpenagatik ez ezik, beste hainbat onurarengatik ere: gizarte-harremanak ehuntzen dira berriro eta laguntza- eta harreman-sareak sortzen dira, autoestimua sendotzen da, bai eta balio pertsonala ere”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

Ahanduntzea

Beatriz Artolazabalen iritziz, “independentzia ekonomikoa eta pertsonala izatea funtsezkoa da, erabat errekupera daitezen eta beren bizitza normalizatzeko. Eusko Jaurlaritzan, horretarako, edonolako indarkeria-mota jasan dezaketen emakumeei -batik bat genero-indarkeria jasaten dutenei- bereziki zuzendutako gizarte-politika garatzen dugu; izan ere, indarkeriaren biktima diren emakumeen autonomia ekonomikoa bermatu behar da eta horrela egiten ari gara. Autonomia ekonomiko horrek emakume horiek zirkulu horretatik irten eta beren erabakiak hartu ahal izateko bizitza izatea bermatzen du”.

 

Artolazabalek honako hau azaldu du: “indarkeriaren biktima diren emakumeen artean nolabaiteko aniztasuna dago, eta ezin da orokortu: Genero-indarkeriak klase sozial guztietako emakumeetan du eragina, argi dago, baina, gutxien dutenek jasan ohi dute gehiago. Ereduak oso bestelakoak dira, baina, horietako askok zailtasun ekonomikoak dituzte, eta funtsezkoa da beren autonomia ekonomikoa bermatzea”.

 

Autonomia ekonomiko hori ez izateak sarritan askatasunean oinarritutako bizitza izateko oztopo gaindiezina ekartzen du. Horregatik gaitu genuen, bere garaian, oinarriko neurri gisa, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailetik eta gure enplegu-zerbitzutik, Lanbidetik, ematen ditugun ordainketa bakarreko laguntzak”, esan du sailburuak.

 

Artolazabalen hitzen arabera: “gure herrialdea, Euskadi, eta gure gizartea egoera horrekin kontzentziatuta dago; posizio aurreratua du Europan, eta geure egiten ditugu Gizarte Eskubideen Europako Zutabearen hogei printzipioak. Halaber, geure egiten dugu eta gure estrategian, programetan eta ekintzetan sartu Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030erako Agenda; horrekin bat prestatu dugu Eusko Jaurlaritzaren programa”.

 

Konpromisoak

Sailburuak azaldu du Eusko Jaurlaritzak “65 konpromiso, 225 ekimen eta 33 adierazle” ezarri dituela, “bereziki pertsonei zuzenduak, pobreziaren amaierari, hezkuntza inklusiboari eta genero-berdintasunari dagokienez”.

 

Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuan, bulego bakoitzean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako orientazioan espezializatuta dauden tutoreak ditugu, eta Lanbidek gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide indibidualizatua eskaintzen du, udal-mailako gizarte-zerbitzuekin koordinazioan. Laguntza tekniko pertsonalizatuan eta gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide indibidualizaturako sarbidean datza, udal-mailako gizarte-zerbitzuekin koordinazioan”, esan du.

 

“Langile tekniko espezializatuek emandako laguntzaren bidez, gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuari bide ematen zaio, neurri handi batean”, esan du Artolazabalek. Sailburuak zehaztu du Lanbideren deialdietan diskriminazio positiboa egiten dela genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen programetako sarbideari dagokionez: Lehen sektorean Hezkuntza Sailaren LHko zentro publikoetan langile langabeei eta okupatuei prestakuntza emateko kudeaketaren agindua; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren titulartasun publikoko LHko zentro publikoetan langile langabeei eta okupatuei prestakuntza emateko kudeaketaren agindua; Toki-enplegua garatu eta sortzeko proiektuetan enplegua sustatzeko toki-laguntzak; nagusiki Euskadin enplegurako lanbide-heziketan emakume langile langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan emakume langile langabeei zuzendutako kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzak.

 

“Helburu hori lortzeko, guztiok jardun behar dugu elkarlanean: administrazioek, gizarteak eta enpresek; izan ere, oinarrizko eragileak dira lan-aukerak sortzen, beraiek eskaini baitezakete lan-merkaturako sarbidea eta beraiek eman aldaketa-aukera emakume horien bizitzetan”, esan du.

 

Egoera

Oraindik, munduan, etxeko indarkeriaren aurkako legeriarik ez duten 49 herrialde daude; 45ek ez dute sexu-jazarpenerako araurik, eta 37k errugabetu egiten dituzte bortxatzaileak, biktimarekin ezkonduta badaude.

 

“Sarritan, emakume guztiak berdinak direla uste ohi da, eta horrek emakume-kopuru handi bat baztertuta egotea eragiten du. Desgaitasuna duten pertsonen % 60 emakumea dela kalkulatzen da. Landa-eremuan emakumea % 50 da, eta, askotan, ez dute ordainsari ekonomikorik edo kotizaziorik. Emakumeen kolektibo batzuk oso ahulak dira: presoak eta preso ohiak; prestakuntzatik eta enplegutik goizetik urrundutako emakume ijituak; emakume migratzaileak; edo emakume adinekoak, izan ere, 65 urtetik gorako kolektiboan, % 57,8 emakumea da”, esan du sailburuak.

 

Desparekotasuna

Artolazabalek honako hau nabarmendu du: “gero eta gehiago ematen da honako fenomeno hau: familia gurasobakarren kasuen % 86an erreferentziazko pertsona emakumea da. Genero-desparekotasunak pobrezia, bidegabekeria eta bazterketa dakartza. Hala ikusi genuen pasa den abenduaren 25ean, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Egunean: genero-indarkeriaren biktima diren 10 emakumetatik 8 gizarte-bazterketaren eta pobreziaren biktima ere badira".

 

“Zorionez, hazten doa gizarte-kontzientzia, eta genero-indarkeriaren aurka egiteko tresna judizialak eta laguntzazkoak daude, betiere biktimek, gizarteak behar bezala babestuta, egoera horiek salatzen badituzte”. Hemen, Euskadin, Eusko Jaurlaritzak Emakundetik eta beste zenbait sailetatik ekindako genero-berdintasuneko politikek hobetu egiten dute emakume eta gizonen egoera, eta gizarte-kohesio hobea izaten laguntzen dute", esan du Artolazabalek, Oñatiko jardunaldian.

 

Artolazabal sailburuaren hitzen arabera: “Eusko Jaurlaritzatik, foru-aldundietatik eta udalerrietatik zenbait neurri ezarri dira, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek bizi duten pobrezia- eta bazterketa-egoera gainditzeko. Oraindik bidea dago egiteko, biktima izan diren emakumeen lan- eta gizarte-inklusiorako”. 

 

“Emakume batek ezin du segundo bat gehiago jasan gutxiagotasun ekonomikoak, sozialak edo kulturalak eragindako egoeraren ondoriozko mehatxu txikiena ere. Europako gizarte aurreratuena eta prestatuena ez ezik, planetako gizarte guztiek ere izan behar dute horren kontziente. Euskadin urrats asko eta onak ematen ari gara, genero-indarkeriarekin amaitzeko eta jasan izan dutenei laguntza emateko”, esan du, amaitzeko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @LalalaMas_Feliz
    Orain dela 3 egun

    Comentario de Twitter:
    RT @EnpleguGizaEJGV: #violenciagenero https://t.co/aDLtqY8ZZI Beatriz Artolazabal: “Para superar la doble pobreza de las mujeres víctimas…

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jesús Riaño, Gema Tomás, Katherina Miller, Leyre Kortabarria, Noé Cornago, Asunción Venturaa