Berriak Hezkuntza
Eu

Getxolinguae jardunaldiak eskolatze-hizkuntza izango du aurten ardatz

2019.eko maiatzak 15
  • Euskadiko 300 hizkuntza irakasle inguruk hartuko dute parte bihar Getxolinguae jardunaldian, BIlbon

Hezkuntza Sailak urtero antolatu ohi duen Getxolinguae jardunaldiak eskolatze-hizkuntza izango du aurten ardatz. “Eskolatze-hizkuntza eraikitzen: eskolan irakurtzen, idazten, hitz egiten...” titulu nagusi hartuta, hezkuntzako 300 profesional inguru elkartuko dira bihar, maiatzak 16, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, hizkuntza irakasleak gehien bat. Goizean zehar burutuko diren hitzaldien nahiz praktika onak partekatzeko saioen bidez, ikasgeletako egunerokoan berebiziko garrantzia duen gai horretan sakontzeko aukera izango dute.

Getxolinguae 2019

Eskolatze-hizkuntzak berariazko trataera didaktikoa behar du, bai eskolatzearen hasierako urratsetan hizkuntzen inguruan hartu beharreko erabaki didaktikoak zehazteko, bai arlo guztietan hizkuntzen trataera integratuan eta integralean sakontzeko. Hizkuntza akademikoa, harremanetako hizkuntza ez bezala, abstraktua, testuingurutik kanpokoa, formala da eta terminologia eta hizkera espezifikoak ditu. Beraz, lanketa integratu eta integrala behar du ikastetxe mailan. Aurtengo Getxolinguae jardunaldiak hizkuntzak arlo guztietan duen garrantzia ikusaraztea du helburu eta jakintza-arloak eta hizkuntza elkarrekin uztartzeko moduak aztertuko dira bertan.

Jardunaldiko lehen hitzaldia Gironako Unibertsitateko Josep Maria Serra irakasleak eskainiko du (Irakaskuntza eta Planifikazioko errektoreordea da), “La importancia de trabajar la lengua en todas las áreas del currículo” izenburuko hitzaldiarekin (“Curriculumeko arlo guztietan hizkuntza lantzearen garrantzia”). Haren ondoren Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko Pilar Sagasta eta Karmele P. Lizarralde ikertzaileen txanda izango da: “Nola artikulatu jakintza-arloa eta hizkuntza? Zenbait lanabes eskolan erabiltzeko”.

Horrez gain, egun euskal ikastetxeetan abian diren praktika onak ezagutzeko aukera ere izango dute bertaratuek, eta baita beren gogoetak eta esperientziak gainerako profesionalekin partekatzeko ere.

Getxolinguae 2019 egitarau osoa hemen ikus daiteke

Hezkuntza Sailak urtero antolatzen du Getxolinguae jardunaldia azken hamarkada luze honetan, hizkuntzen irakaskuntzan eta ikaskuntzan garrantzi bizikoa den edozein alderdiren inguruan. Hainbat urtez Getxon burutu ondoren –hortik hartzen du izena jardunaldian-, azken urteotan Bilbon  antolatzen da bilkura.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko