Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza
qrcode

Zabalik dago Zero Plastiko Urdaibai jardunaldian izena emateko epea, ekainaren 8an Urdaibaiko itsasbazterra garbitzeko izango dena

2019-05-15
  • Hauek bultzatu dute ekimena: Bermeoko Izaro Sub urpekaritza-klubak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuaren bitartez. 
  • Guztira, 2.500 boluntario eta 300 urpekari eta ontzi baino gehiago arituko direla aurreikusi da. 
  • Esku hartzeko eremua 14 tartetan banatu da. Gaztelugatxetik Elantxoberaino jardungo dute, oinez hareatzetan, baina baita ur gainean eta urpean ere. 
  • Gaurtik aurrera eman daiteke izena, ekimenaren webgunean: www.zeroplastikourdaibai.eus

 

Gaur ireki da Zero Plastiko Urdaibai herritarren ekimenean borondatez izena emateko epea. Eskualde horretako itsasbazterrean plastikoak eta bestelako hondakinak garbitu eta biltzeko jardunaldia izango da, Bermeoko Izaro Sub urpekaritza-klubak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta, Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatuta. Hitzordua ekainaren 8an izango da, 09:00etatik aurrera, eta, parte hartu nahi izanez gero, kanpainaren webgunean izena eman beharra dago: www.zeroplastikourdaibai.eus.

Ekimenaren helburua da 2.500 boluntariok eta 300 urpekarik eta ontzik baino gehiagok esku hartzea, Urdaibai Biosfera Erreserba zaborrez garbitzeko eta ozeano eta itsasoetako plastikoen arazoari buruz kontzientziatzeko.

Esku hartzeko eremua 14 tartetan banatuta egongo da, Gaztelugatxeko Doienetik Elantxoberainoko itsasbazterrean. Tarte bakoitzean kontrolgune bat jarriko da, parte hartzen dutenei behar den materiala emateko (elastikoa, eskularruak, poltsak, baheak), eta arduradun bat ere egongo da, sortzen den gertakari orori kasu egiteko. Lehorreko zaborraz gain, itsasokoa ere bilduko dute Izaro Sub klubeko urpekariek eta inguruko kaietan dauden ontzietako kideek, horiek ere boluntarioak.

Garbitzeko jardunaldian plastikoari buruzko sentsibilizazio-jarduerak ere egingo dira Ekoetxea Urdaibain, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-hezkuntzako zentroan, alegia. Busturiako zentro horretan Urdaibaiko Partzuergoaren egoitza ere badago. 13:00etatik aurrera, emanaldiak, lantegiak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta kontzertuak izango dira. Garbitzeko lanetan parte hartzen duten boluntario guztiei bazkaria ere emango zaie, egindakoa eskertzearren. Halaber, arratsaldean, Lesley Yendell eskultore ingelesak artelan bat egingo du zuzenean, goizeko garbiketan bildutako hondakinak erabilita.

Ekimen jasangarria

Zero Plastiko Urdaibai ekimen jasangarri bat da. Erronka Garbia ziurtagiria dauka, Eusko Jaurlaritzaren Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak emana. Horregatik, Bermeo eta Gernika-Lumoko elkarguneetara joateko, garraiobide publikoa (Bizkaibus eta Euskotren) erabiltzea aholkatu dute antolatzaileek. Era berean, garraio kolektiboa behar duten parte-hartzaile guztiek garraio-sistema bat izango dute erabilgarri jardunaldi osoan.

Ekoetxea Urdaibaiko ingurunera ezingo da ibilgailu pribatuan sartu. Hori horrela, aparkaleku bat prestatuko da Sukarrietako udalekuen aurrean, Itsasbegiko tren-geralekuaren ondoan, Busturian. Antolatzaileek loturako autobusak ere jarriko dituzte Euskotreneko Itsasbegi, Axpe eta San Kristobalgo geralekuetatik Ekoetxea Urdaibaira joan ahal izateko.

Plastikoen gehiegizko erabilera

Zero Plastiko Urdaibai kanpaina Ozeanoen Mundu Egunarekin batera egingo da (ekainaren 8a), Ingurumenaren Mundu Eguna (ekainaren 5a) igaro, eta hiru egunera. Itsasbazterra eta itsas ekosistemak kutsatzen dituzten zabor eta plastiko kopuru handiaz sentsibilizatzea da ekimenaren asmoa (plastiko horiek behin bakarrik erabiltzekoak dira gehienbat). Izan ere, itsaso eta ozeanoetan dauden hondakinen % 70 utzitako arrantza-aparailuak, mikroplastikoak eta behin erabiltzeko plastikoak dira (poltsak, mahai-tresnak eta edalontziak, besteak beste).

Kalkuluen arabera, plastikozko botila batek gutxienez 500 urte beharko ditu itsas hondoan degradatzeko, eta 100 urte gehiago arrantzarako hari batek. Plastikozko poltsa soil batek, berriz, 50 urtetik gora behar ditu guztiz deskonposatzeko.

Babesleak

Honako hauen laguntza du ekimenak: Athletic Club fundazioa, BBK fundazioa, Uraren Euskal Agentzia, Echebastar konpainiaren Alakrana, Maier, BTWC-Bermeo Tuna World Capital, Euskotren eta Urremendi landa-garapenerako elkartea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan