Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak dispositibo berezia jarriko du abian Gasteizen jokatuko den Euroligako Final Four – Lauko Finalean segurtasuna bermatzeko

2019.eko maiatzak 15

Garraio publikoa erabiltzea aholkatzen da, eta kiroldegira behar besteko aurrerapenarekin joatea, sarreretako kontrolak zorrotzak izango baitira

Ertzaintzak, Udaltzaingoarekin koordinatuta, dispositibo berezia prestatu du Saskibaloiko Euroligako Final Four ekitaldia ikustera hurbilduko diren milaka pertsonaren segurtasuna bermatzeko. Lauko Finala asteburu honetan jokatuko da Arabako hiriburuko Buesa Arena kiroldegian. Prebentziozko zaintza eta kontrolak kiroldegian bertan egingo dira partidak jokatzen diren bitartean, bai eta taldeen jarraitzaileentzat kirol-ekitaldi honetarako prestatu diren ekintzak egingo diren hiriko beste eremu batzuetan ere. Ertzaintzaren aholkuak dira partidetarako joan-etorriak egiteko garraio publikoa erabiltzea eta estadiora partida hasi baino bi ordu lehenago joatea sarreretako kontrolak zorrotzak izango direnez, eta gogorarazten da ezingo direla sartu poltsa handiak, paketeak eta maletak. Segurtasun Sailak segurtasunari buruzko informazioa jasotzen duten sei mila liburuxka banatuko ditu hainbat hizkuntzatan.

 

Saskibaloiko Euroligako 2018-2019 denboraldiko Lauko Finala datorren asteburuan jokatuko da Arabako hiriburuan. Ostiralean, hilaren 17an, bi finalerdiak jokatuko dituzte Anadolu Efes eta Fenerbahce taldeek (biak Istanbulekoak) eta Moskuko CSKAk eta Real Madridek, eta igandean, hilaren 19an, hirugarren eta laugarren postuak eta final handia jokatuko dira. Asteburu osoan, beraz, milaka pertsona iritsiko dira hirira bai partidak ikustera bai hiriko beste eremu batzuetan antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera. Ertzaintzak, Udaltzaingoarekin koordinatuta, dispositibo berezia prestatu du jarraitzaileen segurtasuna bermatzen laguntzeko.

 

Ertzaintzaren aldetik herritarren segurtasunerako Gasteizko ohiko baliabideek eta hainbat unitate berezik parte hartuko dute dispositiboan, hala nola, Brigada Mugikorrak, Txakur Unitateak, Lehergailuak Desaktibatzeko Unitateak, Esku-hartze Unitateak, Lurpeko Operazio Taldeak, Zaintza eta Erreskate Unitateak eta beste hainbat unitate eta zerbitzuk. Ertzaintzaren Gasteizko Ertzain-etxean ezarriko da dispositiboaren jarraipena egiteko mahaia.

 

Zaintza eta kontrol dispositiboak ezarriko dira kiroldegiko sarreretan, kiroldegian bertan partidak jokatzen diren bitartean eta hiriko beste hainbat eremutan, milaka pertsonak parte hartuko dutela aurreikusten baita kirol-ekitaldi honetarako prestatu diren ekintzetan, besteak beste, Andre Maria Zuriaren Plazan lau taldeen jarraitzaileentzat jarriko den Fan Zonean.

 

Garraio publikoa

Buesa Arena estadioaren aparkalekuan ezingo da aparkatu, eta zale guztiei aholkatzen zaie, beraz, garraio publikoa erabiltzeko. Egun horietan hirian garraioa errazteko, autobus-zerbitzu bereziak jarriko dira abian, eta interesa duten pertsonen eskura "Mobility Pass" jarriko da. Eskumuturreko pertsonal eta besterenezin horrekin nahi adina bidaia egin ahal izango dira Buesa Arenara joango diren lantzaderetan nahiz hiriko autobusetan eta tranbian, maiatzaren 17ko 09:00etatik maiatzaren 20ko 09:00etara, eta prezioa 10 eurokoa da.

(Informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu hemen: www.vitoria-gasteiz.org).

 

Gomendioak

Zaleei egingo zaizkien miaketen helburua da Kirolaren Legeak kirol-barrutian sartzea debekatzen dituen eta indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantzia bultzatzen duten edo iraingarriak diren objektu arriskutsuak edo pankartak, ikurrak edo bestelako euskarriak hautematea eta kentzea. Ertzaintzak, beraz, kiroldegira sartzeko arauak eta hainbat aholku gogorarazten ditu:

 

Debekatuta dago:

- Armak, bengalak, petardoak, substantzia sukoiak, ke eragileak edo korrosiboak, gailu piroteknikoak eta objektu arriskutsuak, hala nola, kristalezko objektuak, aerosolak, botilak, latak, bideokamerak, puntadun aterkiak, selfie-makilak, aire-bozinak, eta abar sartzea.

- Alkoholdun edariak, droga toxikoak, substantzia sorgorgarriak edo psikotropikoak edo antzekoak sartzea.

- Indarkeria, arrazakeria, xenofobia edo intolerantzia sustatzen duten ikurrak edo banderak sartzea edo erakustea.

- Alkoholdun edo drogen eraginpean egonda sartzea.

- Indarkeriazko portaerak, arrazistak, xenofoboak edo intoleranteak erakustea.

- Balioko sarrerarik gabe sartzea edo lekua aldatzea.

 

Kiroldegira sartu nahi dutenei kontrol eta miaketa pertsonalak egingo zaizkie eta hori egin ahal izateko erraztasunak eman beharko dituzte, eta kiroldegiaren inguruan, sarreretan eta barruan grabatuko dituzte.

Honakoak dira kiroldegi barruan egoteko baldintzak: ordena publikoa ez nahastea; indarkeria bultzatzen duten edo bestelako lege-urraketaren bat egiten duten kontsigna edo kantu arrazistak, xenofoboak edo intoleranteak ez abestea; objekturik ez jaurtitzea; indarkeria bultzatzen duten mezu arrazistak, xenofoboak eta intoleranteak dituzten pankartak, banderak edo ikurrak ez erakustea; alkoholdun edaririk edo drogarik ez kontsumitzea; norbere lekuan esertzea, eta klubeko langileek edo poliziak eskatuz gero sarrera erakustea; armarik, bengalarik edo petardorik, eta, oro har, produktu sukoirik, korrosiborik edo ke-eragilerik ez edukitzea, aktibatzea edo jaurtitzea.

Deskribatutako betebeharrak betetzen ez dituztenak estadiotik kanporatuko dira, eta dagozkion zehapen legalak edo administratiboak ezarriko zaizkie.

 

Zaleentzako diptikoa

Segurtasun Sailak segurtasunarekin lotutako informazioa eta aholkuak biltzen dituen diptiko bat argitaratu du batez ere txapelketan parte hartuko duten taldeen jarraitzaileei zuzenduta. Guztira sei mila ale banatuko dira euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, errusieraz eta turkieraz hoteletan, kiroldegian, Fan Zonean eta hiriko beste hainbat lekutan. Liburuxkan aholkatzen da Ertzaintzaren Appa jaistea eta 112 edo 092 telefono-zenbakiak erabiltzea larrialdietarako. Bi egunetan Ertzaintzak Twitter bidez zabalduko ditu segurtasun-mezuak gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez.

 

 

Larrialdietarako

 

- Larrialdi-egoera baten aurrean lasai egon behar da eta larrialdietako zerbitzuek adierazitakoari jaramon egin behar zaio.

- Jende asko pilatuta dagoen leku bat ebakuatu behar izanez gero, herritarrei gomendatzen zaie lokalizatuta izateko hurbilen dagoen irteera.

- Irteeretara adierazitako lekuetatik joan behar da, eta gelditu gabe. Inoiz ez da atzera egin behar.

- Inoiz da oihu eta korrika egin behar eta inoiz ez zaie beste pertsona batzuei bultza egin behar; izan ere, egoera arriskutsuak sor daitezke jende asko badago.

- Behin leku seguru batera iritsitakoan, familiartekoren bat, adiskideren bat edo ezagunen bat falta dela konturatzen bazara, larrialdietako zerbitzuei jakinarazi behar diezu.

- Mugikorra ez da erabili behar dei pertsonalak egiteko edo argazki edo bideo pertsonalak bidaltzeko pertsona asko pilatuta dauden lekuetan, telefono-lineak kolapsatu ez daitezen eta, behar izanez gero, larrialdietako zerbitzuekin errazago komunikatu ahal izateko.

- Ez duzu gelditu behar irteerako ateen edo ebakuazio-bideen aurrean.

- Ebakuazioa isilean egin behar da, ordena jarraituz eta elkarri lagunduz, bultza egitea eta jendeak min hartzea eragozteko, eta lagundu egin behar zaie zailtasunak dituztenei edo erortzen direnei.

- Eremua ebakuatu behar bada, arin ibili, baina korrika egin gabe eta besteei bultza egin gabe.

- Beti taldean egon, nahiz eta jada kanpora irtenda eta elkargunean egon, kontrola erraztearren.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak