Eu

Euskadiko txakolin bat aukeratu dute ardo zuririk onen moduan Bruxelles Concours nazioarteko lehiaketa ospetsuan

2019.eko maiatzak 14

42 by Eneko Atxa txakolinak lehiaketa osoaren Ardo Zuririk Onenaren saria irabazi du, aurkeztutako 9.000 ardoren artean.

Julian Madrid 2014 ardo beltzak ere, Arabako Casa Primicia etxekoak, lehiaketan banatutako Urrezko Domina Handietako bat irabazi du.

42 by Eneko Atxa txakolinak, Gorka Izagirre upategikoak (Bizkaiko Txakolina JI) eta Julian Madrid 2014 ardo beltzak, Guardiako Casa Primicia upategikoak (Rioja JI) sari gorenak jaso dituzte (Urrezko Domina Handia) Bruxelles Concours lehiaketa ospetsuan, zeina Suitzako Aigle herrian egin den, maiatzaren 1etik 5era.

42 by Eneko Atxa txakolinak, gainera, lehiaketa osoko Ardo Zuririk Onenaren saria irabazi du, aurkeztutako guztien artean puntuaziorik altuena lortu baitu. Lehenengo aldia da izendapen horretako ardo batek horrelako kalifikazio internazional altua jasotzen duela.

42 by Eneko Atxa txakolina 2015eko ardo bat da, Euskadin eta Frantzia hegoaldean baino landatzen ez den Hondarribi Zerratia mahats aldaerarekin egina. Frantziar haritzeko upeletan ontzen da, botilara igaro aurretik. Gorka Izagirre bodega famili negozio bat da, 2005ean sortua. Gaur egun, bost ardo desberdin egiten dituzte, horietako batzuk edizio mugatuetan.

Casa Primicia, berriz, ehun urte baino gehiagoko bodega bat da, Arabako Guardia herrian kokatuta, Rioja JIaren barruan. Julian Madrid Erreserba ardoa upategiaren fundatzailearen omenezko ardoa da. Familiako Erreserba bat da, eta dagoeneko nazioarteko sari ugari eskuratu ditu urteko ardorik onenaren moduan.

Bruxelles Concours lehiaketa ardoaren munduan entzuterik handienetakoa da, eta, bere eskakizun mailaren ondorioz, oso ardo gutxik lortzen dute puntuaziorik altuenera iristea (aurkezten direnetatik %1 bat baino gutxiago). Urtero egiten den lehiaketa ibiltari bat da. Epaimahaia nazioarteko 340 dastatzailek baino gehiagok osatzen dute, eta, azken edizio honetan, 9.000 ardo baino gehiago baloratu ziren, mundu osoko 46 herrialdetakoak. Guztira, Espainiako jatorri izendapenak 1.874 erreferentziarekin lehiatu dira lehiaketa entzutetsuan, eta guztira 626 domina lortu dituzte (zilarrezko 335 domina, urrezko 273 domina eta urrezko 18 domina handi).

Bruxelles Concoursen hurrengo edizioa Txekiako Brno herrian egingo da, 2020ko maiatzean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak