Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak familia medikuntzako eta erizaintzako 46 plaza sortzea onetsi du, Euskadin lehen mailako arreta sendotzeko (Gobernu Bilera 2019-05-14)

2019.eko maiatzak 14
  • Laguntza-eskari handiena duten zentroetara bideratuko dira, eta euskal osasun-zerbitzuan funtsezkoa den laguntza-maila hori sendotzeko euskal estrategia gauzatzeko lehen urratsa da

Gobernu Kontseiluak Familia Medikuntzako eta Erizaintzako 46 plaza sortzea adostu du, Euskadin lehen mailako arreta sendotzeko. Horrela iragarri du, gaur, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Sailburuak prentsaurrekoa eman du, Gobernuaren bileraren ondoren, Josu Erkoreka bozeramailearekin batera.

Nekane Murgak azaldu duenez, 23 plaza Familia Medikuntzakoak izango dira eta 23 Erizaintzakoak. Horiek laguntza-eskari handiena duten lehen mailako arretarako zentroetara bideratuko dira, eta Euskadin lehen mailako arretarako estrategia gauzatzeko lehen urratsa da. Estrategia otsailean jarri zen abian, hainbat eragileren lehiaketaren ondorioz urtebete baino gehiago prestatzen jardun ondoren.

Estrategia horren bidez, funtsezko zerbitzua sendotu nahi da. Euskadin, 10 pertsonatik 9k ongi, oso ongi eta bikain kalifikazioa ematen diote zerbitzu horri, baina, mundu osoan, hainbat erronka ditu: bizi-itxaropenaren igoera, biztanleen zahartzea, kronikotasuna edo gizartearen medikalizazioa. Horien guztien ondorioz, lehen mailako arretan handiagoa da laguntza-eskaria.  

Sailburuak esan duenez, diziplina anitzeko zortzi lantalde sortu dira eta, horietan, ehun profesionalek baino gehiagok parte hartzen dute. Lantalde horiek abian jarri direnetik, dagoeneko badaude euskal estrategian jaso diren 35 neurrietako 15, besteak beste: baliabide pertsonalak eta materialak sendotzea, osasun-langileen lana desburokratizatzea, Erizaintzaren eginkizuna sustatzea, agenda-eredua eta pertsonentzako arreta aldatzea, belaunaldi-erreleboaren erronkari aurre egitea edo euskara- eta berdintasun-planak zabaltzen jarraitzea.

Gainera, maiatzaren 27tik aurrera, hainbat espezialitatetako egoiliar berrien 446 plaza betetzen hasiko dira -Estatu osoan eskainiko den plazen ehunekoaren igoera handiena-. Dagoeneko beren prestakuntza garatzen ari diren espezialistekin batera, badira 1.500 pertsona inguru, espezialitate mediko eta kirurgikoetan prestatzen ari direnak, Euskadiko irakaskuntzako 16 erakunde sanitario integratuetan (ESI).

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko