
Euskal diasporak Buenos Airesen ospatu zuen
Buenos Aires hiriko Gobernuaren esanetan, 20 mila lagun inguru gerturatu ziren euskal diasporaren jaia ospatu bide pasa den igandean Mayo hiribidera. Urtero lez, ``Buenos Aires celebra el País Vasco´´ lelopean berezko euskal dantza desberdinek eta gastronomia herrikoiak bete zuten kolorez hiri-zainetan garrantzitsuena.
Laurak Bat euskal etxeak eta Hiriko Gobernuak lankidetza estuan antolaturiko jaialdiak, era paregabean egin zuen ikusgai euskal sen eta izaeraren adibide nagusienetako bat. Alabaina, aipaturiko kalearen 200m baina gehiagotan kokaturiko txosnak ez ziren soilik bertako hiritarrentzat egon ikusgai, baizik eta bertatik pasa ziren milaka eta milaka kanpotarrentzat ere.
Ehundaka kilometro bidaiatu ostean, beste zenbait eskualde argentinarretatik iritsitako euskal gazteek ere parte hartu zuten ospakizunetan, besteak beste, Patagoniatik etorritako ehundaka kideek.
Musika eta dantzaz beteriko bi agertoki, herri-kirola, diasporaren argitalpenak, euskalgintza… Euskadi 11mila kilometrora ezin hobeto ezagutaraztea helburu zuten ekintza ugarik izan zuten erakuslehio bertan. Bestalde, lekuko jatetxe famatuetaz gain, ez zuten, ez, kale gin, Laurak Bat, Euskaltzaleak eta San Nicolaseko euskal etxeek haien sukaldari lanetan.
Propio egun horretarako prestaturiko tokia izan zuen ere Eusko Jaurlaritzak jaialdian. Habe, Hazi eta Basquetour erakundeek eskainitako babesaz baliaturik, jendearen zalantzak argitzea eta euskal lurraldearen berri ematea izan zuten zeregin nagusiena bertan bilduriko lagunek.
Eszenatoki nagusitik, Sara Pagola Aizpiri –Argentina eta Mercosur-eko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria – eta Gorka Álvarez Aranburuk –Atzerriko Euskal Komunitatearen zuzendaria – biziki eskertu nahi izan zuten gurea dugun kultura zabaltzeko euskal diasporak egunerokotasunean egindako lan bikaina.
``Buenos Aires Celebra´´ hiriko Gobernuak sustaturiko ekimena dugu, eta helburu nagusia zera da: Argentinako hiriburuan bizi den pertsona ororen eta herrialdeko kolektibitate ugarien arteko harremana estutzea. Kalkulu ezberdinen arabera, estatuko biztanleriaren %10ak inguru du nolabaiteko lotura Euskal Herriarekin. Ikusi besterik ez dago, Eusko Jaurlaritzak ofizialtzat hartu dituela bertako 85 euskal-etxe.