Eu

Eusko Jaurlaritzak 979.200 euro onartu ditu euskara sustatzea helburu duten proiektuak laguntzeko (Gobernu Bilera 2019-05-14)

2019.eko maiatzak 14
  • Deialdiak zazpi multzo ezberdinetan koka daitezkeen ekimenak lagunduko ditu

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak onartu du, bere gaurko saioan, Euskalgintza deituriko deialdia, helburu duena gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko dirulaguntzak arautzea. Deialdi honen bitartez euskalgintzaren alorrean lan egiten duten elkarte, jarduera edota proiektuak diruz laguntzen dira, eta aurten 979.200 euro banatuko dira era ezberdinetako euskararen aldeko proposamenen artean.

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzatik bideratzen den dirulaguntza deialdi nagusietako bat da hau, eta euskara sustatzeko hainbat proiektu posible egiten dira honi esker. Urtero 100 proiektu baino gehiago diruz laguntzen dira deialdi honen bidez; iaz, zehazki, 127 lagundu ziren. Lerro honek zazpi multzo ezberdinetan koka daitezkeen proiektuak laguntzen ditu:

  • A multzoa: Bi zatitan banatuko da A multzoa. Lehenengoaren bidez, diruz lagunduko dira Euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko egitasmoak esparru ez formaletan, bereziki aisialdian garatzen direnak. Bigarrenik, honako proiektuak ere diruz lagunduko dira A multzoaren bidez: euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, gizarte aktibazioaren bidez, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabileraren aldeko jarrerak sustatzeko egitasmoak.
  • B multzoa: Euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerak eta egitasmoak.
  • C multzoa: Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak.
  • D multzoa: Euskararen ondareari buruzko informazioa jaso, gorde edota digitalizatu eta hedatzea helburu duten egitasmoak (gehienez ere 3 egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).
  • E multzoa: Euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak (gehienez ere, zazpi egitasmo diruz lagunduko dira).
  • F multzoa: Euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak (gehienez ere, bi egitasmo diruz lagunduko dira multzo honen bitartez).
  • G multzoa: Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak: irakurketa- eta idazketa-trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura gidak (gehienez ere, zazpi egitasmo diruz lagunduko dira).
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko