Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak doluminak igorri dizkio Vitoria-Gasteizen lapurreta jasan ondoren hildako emakumearen familiari

2019.eko maiatzak 14

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak eta Nekane Murga Osasun sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman dute, Gobernu Kontseiluaren ondoren.

Nekane Murga sailburuak doluminak eman dizkio hildako 75 urteko emakumearen familiari. Emakumea Vitoria-Gasteizko Santiago Ospitalean egon zen. Emakumeari eraso egin zioten, bere etxeko atariko igogailuan eta, bi egunetara, hil egin zen. 

Nekane Murga Osasun sailburuak esan du Gobernu Kontseiluak Osakidetzan Familia Medikuntzako eta Erizaintzako 46 plaza sortzea adostu duela, Euskadin lehen mailako arreta sendotzeko. Murgak azaldu duenaren arabera, hori hainbat eragilerekin elkarlanean prestatu den Estrategia gauzatzeko lehen urratsa izan da; estrategian, lehen mailako arreta sendotzeko 35 neurri zehatz jaso dira. “Gure konpromisoa irmoa da”, esan du.

Sailburuak nabarmendu du giza kapitala funtsezkoa dela, osasun-eremuan dagoen belaunaldi-erreleboaren erronkari heltzeko orduan. Hori dela eta, Murgak jakinarazi duenez, datozen asteotan hainbat espezialitatetako egoiliar berrien 446 plazak betetzen hasiko dira. “Pasa den astean, Euskadik espezialistak prestatzeko beste 48 plaza berri gehiago izango dituela iragarri genuen”, esan du. Osasun sailburuak nabarmendu du Estatu osoan eskaintzen diren plazen ehunekoaren gorakadarik handiena dela, bereziki familia-medikuntzaren eta -erizaintzaren eta medikuntza eta erizaintza komunitarioaren eta pediatriaren eremuetan. “Lanean jarraituko dugu, euskal gizarteari zerbitzu hobea emateko eta profesionalei antolamendu hobea izaten laguntzeko”, esan du sailburuak.

Bestalde, Nekane Murgari kazetariek Osakidetzaren LEPen ikerketari buruz galdetu diote eta esan du Eusko Jaurlaritzak -bai Osasun Sailak, bai Osakidetzak- beti bultzatu duela gardentasuna eta beti jardun duela elkarlanean. “Epailearen eta fiskalaren jarduketak errespetatzen ditugu”, esan du.

ORDUTEGIAREN KONTROLA

Egunero lanaldiaren erregistroa egiteko derrigortasuna dela eta, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak esan du garrantzitsua dela enpresek ordezkaritza sindikalarekin lan egitea, enpresaren jarduerara ondoen egokitzen den sistema ezartzeko. “Horietako gehienetan, ez litzateke zailtasun berezirik egon behar izango, ordutegia kontrolatzeko sistema ezartzeko”, esan du.

MERKATARITZA ESTABLEZIMENDUAK

Bestalde, Erkorekak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak baimena eman duela 2 milioi euroko gastua egiteko, gure herri eta hiriburuetako merkataritza-establezimenduak modernizatzen laguntzeko. Horrela, saltoki bakoitzak gehienez 90.000 euroko laguntza jasoko duela azaldu du. “Euskadiko merkataritza txiki eta ertainari berritzen eta kudeaketa-tresnak eta beren establezimenduak hobetzen lagundu nahi diegu, herritarrentzat erakargarriagoak izateko eta salmentak hobetzeko”, esan du.

HEZKUNTZA

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak iragarri du Gobernu Kontseiluak baimena eman duela 10,8 milioi euroko kreditua areagotzeko, euskal hezkuntza-sisteman aurtengo urterako luzatutako aurrekontuetan jaso ez diren jarduketak abiarazteko. Sailburuak azaldu duenez, gorakada horrez gainera, pasa den otsailean Legebiltzarraren Legearen bidez onetsitakoa ere badugu, zeinak, besteak beste, Hezkuntzan lan egiten duten langileentzako ordainsarien gorakadekin lotutako partidak ere jaso baitzituen.

EUSKARA

Euskararen eremuan, Erkoreka sailburuak esan du Gobernu Kontseiluak, gaur, 1,5 milioi euroko bi programa onetsi dituela, euskararen erabilera sustatzeko: Euskalgintza programa, gizarte-bizitzan euskararen garapena eta normalizazioa helburu duten proiektuak sustatzeko, eta eremu digitalean euskara sustatzeko, garatzeko eta normalizatzeko laguntzak.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak