Berriak Hezkuntza
Eu

Hiruko Itunaren baitan egiten ari den erakunde arteko elkarlana nabarmendu du Cristina Uriartek Herri Urratsen

2019.eko maiatzak 12

Cristina Uriarte Hekuntza sailburuak Iparraldeko ikastolen aldeko Herri Urrats festari irekiera emateko ekitaldian parte hartu du, gaur goizez Senperen. Sailburuarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari Senperen izan dira Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea ere.

Bere hitzaldian, euskara indartu eta finkatzeko erronkaz ari zela, Uriarte sailburuak nabarmendu duen hitzetako bat elkarlana izan da. “Aspaldi ulertu genuen pausoak emateko, elkarri eskutik helduta eginez gero askoz errazagoa zela. Edo beste modu batera esanda, elkarlanik gabe, euskarak gehiago sufrituko lukeela; eta guk berarekin batera”, ziurtatu du.

Horren adibide, Hiruko Ituna hartu du hizpide Uriartek, duela bi urte Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politika gaietan elkarlanean aritzeko hartu zuten konpromisoa. “Euskararen lurraldeak elkartzen dituen zubia” deitu dio Jaurlaritzaren ordezkariak elkarlan horri. “Bi urte hauetan lan asko egin da; proiektu eta lan ildo nagusiak zehaztu dira, pausoak eman dira. Elkarlana sendotu dugu, eta elkarlan horrek gu guztiok sendotu gaitu. Nahiz eta jakin badakigun oraindik ere zeregin asko dugula. Prest gaude horretarako. Errespetuan oinarrituta, norberaren usteak eta errealitateak aitortuz eta zainduz, euskalduntze eta normalizazio prozesuak aurrera jarraitzen du”, baieztatu du Uriartek.

Hiruko Ituna osatzen duten erakundeen eginahala ez ezik, norabide berean lanean urtetan ari diren beste eragile batzuk ere gogoan izan ditu Hezkuntza sailburuak, Herri Urrats festa antolatzen duen Seaska elkartea bera, esaterako. “Seaskak 50 urte bete ditu jada. Urte hauetan guztietan pertsona asko eta asko aritu izan dira etengabe euskararen alde egiten. Eskertzekoa da egindako ibilbidea, baita etorkizunean egiten jarraituko duzuena ere”.

Erronka, Eusko Jaurlaritzaren eskutik

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren eta Ikastolen Elkartearen lankidetzari esker, Herri Urratsera bertaratu diren gazteek Erronka egitasmoaz gozatu ahal izango dute egunean zehar. Aurten lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzak babestu du 2013an sortutako proiektu hau. Erronka egitasmoaren helburua da gazteen partaidetza aktiboa sustatzea ikastolen jaietan, eta horretarako taldeka gainditu beharreko kirolarekin eta abenturarekin lotutako probak planteatzen zaizkie. Batetik, ikasleen abilezia, indarra eta abiadura neurtzen da probetan; bestetik, “buruargitasuna, jakintza orokorra eta euskaltzaletasuna” ere kontuan hartzen da. Erronkaren aurtengo kamisetek Eusko Jaurlaritzak kirolean ere euskararen erabilera sustatzeko abiatu duen Euskal Kirolari proiektuaren logoa daramate.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak