Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek ikasle gazteen bokazio zientifikoa piztearen garrantzia azpimarratu du Euskal Herriko Eskola Mailako IV. Kristalizazio Lehiaketaren Finalean

2019.eko maiatzak 10

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso sailburuordearekin batera, Leioan burutu den Eskola mailako IV. Kristalizazio Lehiaketaren Finalean parte hartu du.

Hiru ikaslez osaturiko ia 40 taldek, ikasturtean zehar lehiaketarako egin dituzten kristalizazio-esperimentuen emaitzak aurkeztu dituzte erakusketa batean. Edizio honetan 36 ikastetxek parte hartu dute, eta 1.500 partaide izan ditu orotara.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzatik, Hezkuntza Sailetik, bokazio zientifikoak pizteko ekinean ari direla aspalditik. Izan ere, Uriarteren ustez, zientziaren mundura modu atsegin eta dibertigarrian hurbiltzeko formula bilatzea da gakoa. Hori horrela, duela hilabete batzuk, Hezkuntza Sailetik STEAM estrategia jarri zen martxan helburu bakar batekin: ikasle gazteak ikasketa horietara hurbiltzea, bereziki neskak, baina orokorrean denak… neskak eta mutilak. “Gisa honetako ahalegin askori esker, lortzen ari gara ikasleak zientziara hurbiltzea, zientziaren munduan interesa jartzea. Modu dibertigarri batean, kontzeptu orokor batzuk ezagutuz”, esan du sailburuak.

Kristalizazio-esperimentuen erakusketaren ostean sari banaketa ekitaldia izan da. Hiru sari nagusi eman dira, baita zortzi sari berezi ere. Hala, aitortu dira zehaztasun zientifikoa, kristala edo agregatu kristalinoa, kristalen muntaketa, posterra, gogotsuen lan egin duen taldea, eta bideo onenari (aurretik balioztatuko da). Gainera, taldeek euren arteko onena aukeratu dute eta antolatzaileek sari berezi bat banatu.

UPV /EHUko Mineralogia eta Petrologia saileko ImaCris/MaKrisl ikertaldeak, Geobizirik eta Kultura Zientifikoko Katedrarekin elkarlanean, antolatzen du lehiaketa hau. Kristalen erakargarritasuna eta hauen prestakuntzan dagoen problematika zientifikoa estimulutzat hartuz, metodo zientifikoa DBH eta Batxilergoko ikasleei barneratzeko ekintza bezala proposatzen da. Lehiaketa hau ikasleen artean jakin-mina garatzeko eta, kristal eder batzuk haziz, esperimentu zientifiko bat ulertzeko eta hobetzeko mekanismo aparta dela erakutsi da.

IV. Kristalizazio Lehiaketa

Bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta dagoen lehiaketa honek hiru fase ditu.

Lehenengoan, UPV/EHUko irakasleek lehiaketan parte hartu duten irakasleak prestatu dituzte baliabide zientifiko-didaktikoak emanez kristalizazio esperimentuak beraien ikasleekin egiteko.

Lehiaketaren bigarren fasea eskola bakoitzean esperimentuen gauzatzea du helburu. Esperimentuak aurrera eramateko lehiaketaren organizazioak emango duen kit didaktiko bat eta ADPren (fosfato amonikoa) beharrezko materiala erabili da. ADP kristalak bakarka edo geodetan hazi ahal dira era harrigarri batean ikasleen arreta bereganatuz eta hauen izaera ikertzailea sustatuz.

Lehiaketaren hirugarren fasea finala izan da. Non, irakasleek hiru ikaslez osatutako taldeak egin dituzte eta beraiekin emaitzak aurkeztu dituzte Zientzia Kongresu baten formatua erabiliz. Talde bakoitzak esperimentuetan lortutako kristalekin maketa bat aurkeztu du eta gainera, formatu zientifikoa duen poster batean lanaren helburuak, materialak, prozedura, emaitzak eta ondorioak azaldu dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak