Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakaria: “Enpresa-eredu berria sustatu behar da, parte-hartzaileagoa eta inklusiboagoa”

2019-05-10
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak ASLE - Euskadiko Lan Sozietateak elkartearen Batzar Orokorra itxi du. 

Ekitaldia Bilboko Iberdrola Dorrearen ekitaldi-aretoan izan da; bertan, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburua eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia ere izan dira.

Lehendakariak gogora ekarri du, testuinguru ekonomiko global berrian, enpresen lehiakortasuna kostuetan eta, batez ere, desberdintzean, kalitatean eta ezagutzan oinarritu behar dela. Testuinguru horretan, Lehendakariak honako hau nabarmendu du: “Enpresa-eredu berria sustatu behar da, parte-hartzaileagoa eta inklusiboagoa.” “Pertsona guztien inplikazioa dakarren eredua, eta enpresa baterako proiektutzat jotzen duena”, esan du.

Lehendakariak nabarmendu du, aldaketa-une honetan, ASLE erreferentziazko eredua dela. Izan ere, nortasuna eta berezko balioak ditu: parte-hartzea, konpromisoa, lankidetza eta erantzukizuna. Gainera, jardueran, emaitzetan eta enpleguaren sorreran ere aurrera egiten ari da. “Konfrontazioan oinarritzen diren formula hierarkikoak gainditzeko aldaketaren buru izateko aukera dugu, enpresa eta erakundeen arteko parte-hartzea eta lankidetza hobetzeko aldaketaren eta lankidetzaren kulturarekin konpromisoa duen aldaketaren buru izateko”, esan du Lehendakariak.

Hori horrela, Lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritzak bere egiten duela pertsonen parte-hartze bikoitza sustatzen duen eredu horrekiko konpromisoa: parte-hartzea erabakiak hartzean eta enpresen akziodunerian. “Enpresa-eredu etikoagoa, parte-hartzaileagoa, berritzaileagoa eta jasangarriagoa, lankidetzaren ekonomian oinarritu eta gizarte-erantzukizunean sakontzen duena, beti pertsonen eta erkidegoaren zerbitzura”, esan du.

Lehendakariak nabarmendu du erronka enpresa parte-hartzaileagoaren, berritzaileagoaren eta kalitateko enplegua eta errentagarria sortzen duen enpresaren eredu berrian aurrera egitea dela. Alegia, Iñigo Urkulluren iritziz, ekonomia-bilakaera eta giza bilakaera uztartzea da helburua. Horrela, erronka hori gainditzeak herrialde gisa datorren hamarkadan irekitzen diren aukerak aprobetxatzea esan nahi duela nabarmendu du. “Bide zuzenetik goaz; bide segurutik goaz, izan ere, Euskal Lan Sozietateen ibilbidea eta jakinduria dugu”, esan du.

Iñigo Urkulluk gogorarazi du Euskadi aitzindaria dela mugimendu kooperatiboan, lan-sozietateen ereduan, izaera juridikoa gorabehera parte-hartzea sustatzearen aldeko apustua egiten duten enpresetan. “Euskadi, gaur egun, pertsona eta bere banako eta kolektiboko erantzukizuna proiektuaren erdigunean jartzen dituen ereduaren erreferentea da nazioartean”, esan du.

ASLE - Euskadiko Lan Sozietateak

ASLE - Euskadiko Lan Sozietateak lan-enpresen patronal gisa diharduen elkartea da, eta ordezkaritza-maila du Euskal Autonomia Erkidegoan.

EAEko lan-sozietateen enpresa-talde horrek, gizarte-ekonomiaren eremuan, honako misio hau du: lan-sozietateen garapenean laguntzea, defendatzea, finkatzea eta sustatzea. Horretarako, enpresekin beren lehiakortasun jasangarria lortzeko lan egiten duten pertsona konprometituen bidez eskaintzen ditu zerbitzuak; pertsona horiek, etengabeko hobekuntza aplikatzen dute beren lana betetzeko. Horrela, giza garapenaren eta enpresa-garapenaren arteko orekan eragiten dute, hori baita lan-sozietateen izateko arrazoia.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)