Eu

Bingen Zupiria sailburua pozik agertu da Eusko Legebiltzarrak Euskal Kultura Ondarearen Legea onartu ostean, ahalbidetuko baitu ondare immateriala babestea

2019.eko maiatzak 09
  • EAJ/PNV, PSE, EH Bildu eta Podemoseko ordezkariek onartu duten araudi berriari esker, “kultura-ondarearen kontzeptuak azken urteotan izan duen bilakaerara egokitzeko aukera izango da”.
  • Kultura-ondasunak bereizten dituen hiru arloak jaso dira (ondare higiezina, higigarria eta immateriala), eta, era berean, 19 kategoria ezarri dira beren ezaugarrien arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2019/05/08       

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua pozik agertu da Eusko Legebiltzarrak Euskal Kultura Ondarearen Legea onartu ostean. Sailburuak adierazi duenez, Lege berriarekin “babes-eredu eraginkorragoa sustatuko da, eta aurrera egingo da kultura-ondasun immaterialei balioa aitortzeko bidean”. Zupiriak nabarmendu duenez, gaur onetsi den Legearekin, eta aurretik legebiltzar-taldeekin negoziazio-prozesu luze bat egin ondoren, kultura-ondarearen kontzeptuak azken urteotan izan duen bilakaerara egokitzeko aukera izango da. Lege berriak 1990eko araudia aldatzen du eta ondarea babestearen arloan berrikuntza esanguratsuak jasotzen ditu

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 2017ko uztailaren 18an onartu zuen Euskal Kultura Ondarearen Legearen aurreproiektua, eta une horretan bidali zen proposamena Eusko Legebiltzarrera bertan negoziatua izan zedin. Azken urte eta erdian legebiltzar-taldeak Legea negoziatzen aritu dira, eta dagozkion aldaketak sartzeko aukera izan dute. Azkenean, Legea gaur onartu da EAJko, PSEko, EH Bilduko eta Podemoseko legebiltzar-taldeen babesarekin; PP alderdiaren taldea, berriz, abstenitu da.

“Eskertu egin nahi ditugu legebiltzar-taldeen babesa eta negoziazioan zehar egin dituzten ekarpenak. Legearen aurreproiektua 2017an onartu zen arren, Eusko Jaurlaritza aurreko legealditik ari zen Lege hau lantzen. Araudi berriak kultura-ondarearen kontzeptuak azken urteotan izan duen bilakaerara egokitu nahi du, bai eta horren kudeaketa integrala, ikerketa, kontserbazioa eta zabalkundea hobetu ere. Lege berriarekin babes-eredu eraginkorragoa sustatuko dugu, eta aurrera egingo dugu kultura-ondasun immaterialei balioa aitortzeko bidean”, adierazi du Zupiriak.

Sailburuak azaldu du legean “kultura-ondasunen kategorizazio berri bat sartu” dela eta hiru arlo bereizten direla: kultura-ondare higiezina, kultura-ondare higigarria eta kultura-ondare immateriala. Horrez gainera, hiru atal horien baitan, guztira, 19 kategoria bildu dira, euskal kultura osatzen duten adierazpide eta tradizioak jasotzeko. Bestalde, kultura-ondare higiezinean hiru babes-maila proposatzen dira: babes bereziko kultura-ondasunak, erdi-mailako babeseko kultura-ondasunak eta oinarrizko babeseko kultura-ondasunak. Azken ondasun horiek, oinarrizko babesa udalen esku dagoen arren, Euskal Autonomia Erkidegoko ondarearen erregistroan sartuko dira.

Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legea onartzean, Euskadi bere kultura-ondarearen defentsa, aberastasuna, zabalkundea eta sustapena bermatzen zuen ordenamendu juridikoa sortzen erkidego aitzindarietako bat izan zen. Orain, berriro ere, erkidego aitzindarietako bat da araudian ondare immaterialaren babesa jasotzen, orain arte Estatuan Nafarroako Foru Erkidegoak eta Andaluziak bakarrik egin baitute.

Ondasun immaterialak

Aurreproiektuak “gure erkidegoaren kultura-herentzia osatzen duten adierazpen esanguratsu guztiak” jasotzen ditu euskal kultura ondarearen barruan. Horrela, errealitate immaterialen aukera zabala ere barne hartzen da (higiezinak edo higigarriak) eta hainbat motatako errealitate immaterialak aintzat hartzen dira. Zehazki, eremu horretan ditu Legeak nobedade nagusiak. Helburua da ondasun immaterial ugari barne hartzea: “ahozko tradizioak, ikuskizun-arteak, usadio sozial erritualak, jai-ekitaldiak, naturari eta unibertsoari buruzko jakintza eta praktikak, edota eskulangintza tradizionalari lotutako jakinduria eta teknikak”.

Aurreproiektuak honela definitzen ditu kultura-ondasunaren hiru arloak:

  • Kultura-ondare higiezina: Lursailari lotuta egoteagatik leku batetik bestera eraman ezin diren kultura-ondasunak dira (Legearen 48. artikuluak salbuespenezko zer kasutan lekualdatu daitezkeen arautzen da).
  • Kultura-ondare higigarria: Kultura-identitatea galdu gabe lekualdatu edo mugitu daitezkeen kultura-ondasunetarako.
  • Kultura-ondare immateriala: Komunitateek, taldeek eta, hala badagokio, pertsonek onartzen dituzten praktikak, esamoldeak eta ezagutzak eta jakitateak, bai eta tresnak, objektuak eta lotutako kultur espazioak ere, beren kultura-ondaretzat onartzen dituztenak. Euskal kulturaren baitan sar daitezkeen hainbat arlo sartzen dira honen barruan.

Banaketa berri honek orain arte indarrean zegoen araudiak ezartzen duen banaketa hobetu nahi du; izan ere, aurrekoak lau esparru onartzen zituen (ondare higiezinak, higigarriak, arkeologikoak eta etnografikoak) eta ez zuen berariaz onartzen ondare immateriala.

Kategoria gehiago

Bestalde, kategoriei dagokienez, orain arte egon diren hiru esparrutatik (monumentua, monumentu-multzoa eta kultura-espazioa) 19tara zabalduko da Legea. Helburua da ondasunen artean egon daitekeen aniztasunari hobeto heltzea eta orain arte izan zitezkeen arazoak saihestea.

Ondasun higiezinen eremuan, honako kategoria hauek jasotzen dira:

  1. Monumentu.
  2. Monumentu-multzoa.
  3. Eremu arkeologikoa edo paleontologikoa.
  4. Lorategi historikoa.
  5. Kultura-ibilbidea.
  6. Kultura-paisaia.

 

Ondasun higigarriak direla eta, bi kategoria jasotzen dira:

 

  1. Banako ondasun higigarria.
  2. Ondasun higigarrien multzoa.

 

Azkenik, kultura-ondare higiezinaren barruan bost kategoria jasotzen dira:

 

  1. Kulturaren ahozko tradizioak eta adierazpideak.
  2. Bertsolaritza.
  3. Musika.
  4. Dantza.
  5. Emanaldi tradizionalak eta oroitzapenezkoak.
  6. Usadio sozialak.
  7. Gastronomia.
  8. Kirola
  9. Jai-ekitaldiak.
  10. Naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta usadioak.
  11. Eskulangintzari eta industriari buruzko teknikak.

Babes-mailei dagokienez, arau berriak ez du babes-maila kopuru bera proposatzen arlo ezberdinen artean, 1990eko Legean ez bezala. Hiru babes-maila proposatzen dira kultura-ondare higiezinean: babes bereziko kultura-ondasunak, erdi-mailako babeseko kultura-ondasunak eta oinarrizko babeseko kultura-ondasunak. Ondasun higigarrien kasuan, nahikotzat jo da bi babes-maila bereiztea: berezia eta erdi-mailakoa. Azkenik, ondasun immaterialetarako babes-maila bakarra bereiziko da; izan ere, kasu honetan, helburua ez da erabileren arauketa eta baimena, baizik eta ondasun horien erkidego eramaileei laguntza ematea, autentikotasunari eusteko eta transmisioa bermatzeko.

 

Industria-ondarea

Negoziazioan zehar legebiltzar-taldeek egindako ekarpenen artean nabarmendu daiteke industria-ondarearen garrantzia eta industria-jardueraren ondorioz sortutako kultura industrialarena azpimarratzen dituen titulu espezifiko bat sartu dela (VIII. titulua). Horrela, arlo horretan ondasun higiezinak, ondasun higigarriak nahiz ondare immateriala izango dira kontuan. Zupiria sailburuak gaurko aukera aprobetxatu nahi izan du azpimarratzeko Eusko Jaurlaritzak industria-ondarea babestearekin eta zabaltzearekin hartuta duen konpromisoa. Alde horretatik, aurreratu du Exekutiboak formalki eskatu diola Barakaldoko Udalari Orconera konpainiarenak izandako pabiloiak laga diezazkiola bertan kokatu ahal izateko Eusko Jaurlaritzak 80ko hamarkadatik bildu duen material industriala (gaur egun Konsoni Lantegian dago), balioetsi eta horren zabalkundea egin ahal izateko.

Bestalde, V., VI. eta VII. tituluetan irisgarritasun unibertsalaren baldintzak sustatzeko hainbat neurri jaso dira, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmenean oinarrituta.

Gainera, Lege berrian jaso da euskararen lurralde guztiei eragiten dieten eta euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten gaiak Nafarroako Foru Erkidegoarekin eta Iparralderekin elkarlanean erabaki beharko direla. Horrela, kultura-ondarearen arloan Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Euskal Elkargoarekin elkarlanean eta lankidetzan akordioak sustatzeko aukera jaso da.

Erakundeen arteko koordinazioa

Kontuan hartuta erakunde eskudunak Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak direla, Legeak erakunde bakoitzaren eskumenak zehazten ditu. Era berean, Euskal Kultura Ondarearen Kontseilua eta Euskal Kultura Ondarearen Erakunde arteko Organoa sortzea jaso da. Lehenengoak kontsulta- eta aholkularitza-zereginak izango ditu; bigarrenak erakundeen arteko eta sail zein sektoreen arteko jarduketak koordinatzeko beharrari erantzuten dio.

Babesa gaur egun

Euskadin, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen bitartez, 11.440 ondasun daude babestuta. Ondasun higiezinei dagokienez, 5.845 ondasun arkitektonikoak dira (5.616 ondasunek babes berezia dute –orain arte ondasun kalifikatuak– eta 229k babes ertaina –ondasun inbentariatuak–), eta 5.515 ondasun arkeologikoak (4.885 ustezko eremu arkeologiko gisa kalifikatuta daude, 572k babes berezia dute –ondasun kalifikatuak– eta 58k babes ertaina –inbentariatuak–). Horrez gainera, ondasun higigarri babestuak 80 dira (guztiak Euskadiko elizetako erretaulak). Azkenik, udalek babestutako ondasunak daude (Lege berrian oinarrizko babesa), nahiz eta oraindik ez dauden Euskal Kultura Ondarearen Erregistroan inskribatuta.

Ondare immaterialari dagokionez, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren bidez, hasita dago hainbat ondasun, hala nola, hainbat inauteri, euskal pilota edo euskal dantzak, babesteko aukera lantzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko