Eu

Euskadik bertako etxebizitza-politika publikoaren indarra erakutsi du, Madrilen, Nuevos Ministerios-eko erakusketa batean

2019.eko maiatzak 09
  • Pedro Juaregui Etxebizitzako sailburuordeak eta Pedro Saura Etxebizitzako Estatuko idazkariak ‘Housing the Basque Country’ inauguratu dute, Euskadin ia lau hamarkadatan garatutako etxebizitza-politika publikoaren historia laburtzen duen atzera begirako erakusketa
  • 1981etik, babes ofizialeko 104.000 etxebizitza baino gehiago eraiki dira; horien herena Eusko Jaurlaritzak sustatu du, zuzenean.
  • Erakusketan 2018. urtera arte eraikitako 30 sustapen berezienen hautaketa bat eskaintzen da, eta eraikinen arkitektura-balioak ezagutu ez ezik, eraikitako espazioen eta horietan bizi diren pertsonen arteko harremana aztertzeko aukera ere izango dugu
  • Jauregui sailburuordeak nabarmendu du Euskadin garatutako etxebizitza-politika erreferente aitzindaria eta progresista dela, Estatu osorako

Jauregui Etxebizitzako sailburuordeak eta Pedro Saura Azpiegituretako Estatuko idazkariak, gaur goizean, Madrilen, ‘Housing the Basque Country (Euskadiko Etxebizitza Publikoa). 1981-2018’ erakusketa inauguratu dute. Erakusketa handia da; bertan, Euskadin ia lau hamarkadatan garatutako etxebizitza-politika publikoaren historia laburtzen duen erakusketa. Dagoeneko Bilbon eta Donostian egon da ikusgai. 1981ean gai horretako eskumenak transferitu zirenetik, Euskadin babes ofizialeko 104.000 etxebizitza baino gehiago eraiki dira; horien herena Eusko Jaurlaritzak sustatu du, zuzenean.

Erakusketa doan bisitatu ahalko da, Nuevos Ministerios-eko ‘La Arquería’ kultura-espazioan, datorren uztailera arte.  

Jauregui sailburuordeak esan du erakusketa horrek ederki laburtzen duela “urteetan zehar etxebizitza gizarte-ondasun gisa ulertzeko izan den borondate politikoa; konpromiso horren goren maila 2015eko Etxebizitza Legea izan da, etxebizitza duinerako sarbidea eskubide bilakatu baitu”. Eta eskerrak eman dizkio Estatuko idazkariari, hamarkada horietan eginiko ahalegina jaso duen erakusketarako Ministerioak emandako aukeragatik, erakusketa Madrilen bisitatzeko aukera emateagatik. “Espainiako Gobernuak Euskadin egiten ari garen etxebizitza-politikari eginiko aintzatespena da –eta hala jakinarazi digute–, erreferente progresista eta aitzindaria Estatu osoarentzat”.

“Erakusketa bisitatzen dutenek –esan du– espiritu hori hautatutako proiektu bakoitzean antzemango dute. Eraikinen tipologia, erabilitako materialak edo estiloa alda daitezke, baina sustapenetako bakoitzean eskubide berak dituzten pertsonen bizileku izango direlako ideia bera da, bai eta etxebizitza babestua eraikiz arkitektura berritzailea eta kalitate handikoa egin daitekeelako ideia ere”.

Bere aldetik,  Azpiegituretako estatu-idazkari Pedro Saurak honako hau adierazi du: “erakusketa honek erakundeen eta euskal gizarte osoak behar sozialaren eta zentzuzko arkitektura  modernoaren arteko elkarrizketa gauzatzeko duten borondatea erakusten du. Elkarrizketa horrek konponbideak bilatu eta asmatu nahi ditu, etxebizitza duina eskuratzea eskubide bihurtzeko”.

1981etik Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban eraikitako etxebizitza publikoko ehunka sustapenetatik, hogeita hamar bat proiektu berezi eta adierazgarri hautatu dira, hainbat irizpideren arabera. Modu berezian, balio arkitektonikoak eta estetikoak, lurraldearekiko egokitzapena, ekarpen teknikoak eta eraikuntzakoak edo proiektuaren egiletza. Laginak hautatu diren hogeita hamar proiektu horietako bakoitza tamaina handiko argazki eta jatorrizko planoen bidez azaltzen du. Halaber, eraikinen zenbait maketa ere jaso ditu, besteak beste, hiru maketa handi, Donostian, Leioan eta Vitoria-Gasteizen eraikitako beste horrenbeste sustapenetakoak. Bizkaiko sustapenak ikus daitezke, Bilboko Txurdinaga, Mina del Morro eta Bolueta auzoetan eraikitakoak, bai eta Abanto Zierbena (zaharrena), Etxebarri, Barakaldo, Basauri, Loiu eta Arrigorriagakoak ere. Gipuzkoan, erakusketak Intxaurrondo, Bentaberri (guztiak Donostian), Ordizia eta Hernaniko proiektuak jaso ditu. Araban, Lakua, Salburua eta Zabalgana auzoetako (Araban) eraikinak jaso dira, bai eta Laudioko eta Aguraingo proiektuak ere.

Luis Asínek eginiko argazki-lanak etxebizitza babestuaren taldeetan dagoen errealitatearen erretratu soziala eskaintzen du, eta, hainbat formatutako irudien bidez, sustapen babestuen inguruan sortutako espazioak babestutako hiri-bizitza eta gizarte-edukia azaltzen ditu.

Erakusketaren espiritua da labur eta harmonikoki erakustea etxebizitza publikoaren inguruan izan diren gertakariak; izan ere, gai hori, ziurrenik, inguruan gizarte-errealitate gehien biltzen duenetako bat da: politika eta arkitektura, besteak beste, baita ekonomia eta ekoizpena, soziologia, historia eta lege-arloa ere. Eta guztiaren erdigunea, jakina, etxebizitzan bizi dena. Etxebizitza publikoak gizartearen interes garrantzitsuenak trinkotzen ditu; izan ere, etxea ulertzeko dugun moduan ez ezik, etxea lortzeko eta ekoizteko moduetan ere eragiten du, hiriaren sorreran, elkartasunean eta, azken batean, aberastasunaren, bilakaeraren eta ongizatearen sorreran.

Erakusketan etxe baten espazioa ere berregin da; bertan, ia 40 urte hauetan politikaren, araudiaren eta estatistikaren ikuspuntutik etxebizitza publikoaren gainean eman diren datu garrantzitsuenen errepasoa egiten da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak