Eu

Basque Team Fundazioak eta UNICEF Euskal Herriko Batzordeak kolaborazio hitzarmen bat sinatu dute kirolaren balioak haurtzaroan eta nerabezaroan zabaltzeko

2019.eko maiatzak 08

Nazioarteko txapelketetan euren parte-hartzea bultzatzeko goi-mailako euskal kirolariei baliabideak eskaintzea helburu duen Basque Team Fundazioak eta ‘Umearen Eskubideen Konbentzioan’ ezarritakoaren arabera, haurtzaroaren eta nerabetasunaren garapena, babesa eta biziraupena bermatzea xede duen UNICEF Euskal Herriko Batzordeak urtero automatikoki berrituko den lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur Bilbon, UNICEFeko ‘Haurtzaroaren Eskubideen inguruko Hezkuntza, Hiritartasun Globala eta Garapenerako Kirola’ programaren testuinguruan. Gainera, hitzarmena “2030 Agenda” eta “Garapen iraunkorreko 17 helburuak” aintzat hartuta itxi da. UNICEFen egoitzan egindako ekitaldian izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Isidro Elezgarai UNICEF Euskal Herriko Batzordeko presidentea, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea eta Maider Unda Basque Teameko enbaxadorea eta borrokalari olinpiko ohia, beste kirolari guztien ordezkari gisa.

UNICEFeko Euskal Herriko Batzordeak interesa dauka kirolarekin lotuta Basque Teamek sustatzen dituen balioak zabaltzeko eta sostengatzeko, horien artean, aniztasuna, genero-berdintasuna, gainditze-ahalmena, taldeko lana, pertsonen integrazioa eta kirol kulturaren sustapena gizartearen elementu eratzaile gisa. Hori dela eta, hitzarmen honen bitartez, UNICEF Euskal Herriko Batzordeak, Basque Teamekin batera, balioak sustatzeko eta hiritartasun global bat eraikitzeko kirolak duen garrantzia zabaltzeko asmoarekin, ekintzak antolatzeko konpromisoa hartzen du.

Bestalde, Basque Team Fundazioak UNICEFek haurtzaroaren eta nerabezaroaren alde garatzen dituen programetan parte hartu eta horiek zabaltzeko lagunduko du. Basque Team, bere ‘Baloreetan BAT’ proiektuarekin koherentzian lan eginda, UNICEFek hezkuntza esparruan bultzatutako ekintzetan parte hartzera eta ‘Garapen Iraunkorreko 2030 Agenda’ zabaltzera konprometitzen da, errespetua, genero-berdintasuna, ingurugiroaren babesa eta kalitatezko hezkuntzarekin lotutako gaietan sentsibilizatzeko asmoarekin.

Isidro Elezgaraik adierazi du ilusio handiz eta eskertuta hartu dutela hitzarmenaren sinadura, kirola eta jolasak ezinbesteko elementuak direlako ume eta nerabeen osasuna, zoriontasuna eta ongizatea eraikitzeko. “UNICEFen munduko haur guztiek olgetarako eta inguru osasuntsu eta seguruetan jolasteko aukera izan dezaten lan egiten dugu. Gainera, esparru honetan biolentzia ezabatzeko kirolarekin lotura duten balioetan oinarritutako hezkuntza beharrezkoa dela uste dugu”, azpimarratu du Elezgaraik.

Bestalde, Bingen Zupiriak Basque Team Baloreetan BAT proiektuaren bitartez hezkuntzan egiten ari den lana nabarmendu du. “Kirolaren mundua esperientziez eta bizitza-eskolez beterik dago. Gero eta hobea izateko eta gizarte hobea eraikitzeko bidean egunero aurrera egiteko, eredu onak hartu behar dira ispilu. Zentzu horretan, kirol ez-profesionalean gazteek euren egunerokoan jarraitu beharreko balio-puruenak aurki daitezke”, esan du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak