Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta NBE-Habitat-ek memoranduma sinatu dute, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren hiri-dimentsioa eta Hiri Agenda Berria sustatzeko

2019.eko maiatzak 08
  • Ulermen-esparruaren ardatza Euskadi Basque Country 2030 Agendaren hiri-dimentsioa bultzatzea eta Bultzatu 2050, Euskadiko Hiri Agenda prestatzeko eta ezartzeko prozesuan laguntzea da

Giza Kokalekuetarako Nazio Batuen Programak (NBE-Habitat) eta Eusko Jaurlaritzak, bere Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren bidez, elkar ulertzeko memoranduma sinatu dute, bien intereseko arloetan elkar laguntzeko; arlo horien bidez, etorkizun hobea bermatu nahi da, Garapen Jasangarrirako 2030ko Agendarekin eta Hiri Agenda Berriarekin bat etorriz, Nazio Batuen bi agenda horiek erreferentzia izanik.

Zehazki, memoranduma bi jarduketa zehatzetan oinarrituko da:

  • Euskadik, batetik, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari egiten dion ekarpenaren segimenduan eta etengabeko hobekuntzan laguntzea, eta, bereziki, Garapen Jasangarrirako 11. helburua betetzean, eta, bestetik, Agenda eratzen duten garapen jasangarrirako gainerako helburuen hiri-dimentsioari egiten dion ekarpenaren segimenduan eta etengabeko hobekuntzan laguntzea.
  • Bultzatu 2050, Euskadiko Hiri Agenda prestatzen eta ezartzen laguntzea; Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako Sailburuordetza da agendako buru.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak esperientzia eta ezagutza teknikoak eta ikaskuntza-aukeretarako sarbidea eskainiko ditu, Hiri Agenda berriaren inguruan: gizarte-kohesioa eta ekitatea, hiri-legeria, hiri-plangintza, hiri-ekonomia, ingurumena eta hiri-ekologia, eta etxebizitza eta oinarrizko zerbitzuak, bere lanbide-sareetan eta Eusko Jaurlaritzako unibertsitate-eremua oinarri hartuta.

NBE-Habitatek dagokion eremuan dituen esperientzietara jotzeko aukera emango du, bai eta ezagutzara eta garapenerako egungo gaitasunetara eta prestakuntza-metodologietara jotzekoa ere, baterako programak, proiektuak eta ekitaldiak formulatu eta gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan eta koordinazioan jarduteko prozesuaren bidez.

Hiri Agenda Berria eta Agenda 2030

Hiri Agenda Berria 2016an onetsi zen, Nazio Batuen Etxebizitzari eta Hirien Garapen Jasangarriari buruzko Konferentzian (Habitat III); gida-esparrua da hiri-garapenerako, eta xede du urbanizazio jasangarriaren eta garapenaren arteko lotura sendotzea eta, horrela, bi prozesu horiek oparotasunerako bide bilakatzea.

 Eusko Jaurlaritzak Euskadi Basque Country 2030 Agenda onetsi zuen; horrek 17 GJHak eta Agenda 2030en xedeetako 100 Eusko Jaurlaritzak bere gobernu-programan bere gain hartutako konpromisoen 93rekin lotzen ditu, plangintzako 80 tresnarekin, legegintzako 19 ekimenekin eta 50 adierazlerekin.

“Hiri Agenda Berria ezartzeko prozesuak dakar bere aginduak gobernu-ekintza inplikatzen duten mailetara egokitzea eta, horretarako, proposamenak prestatzean zehatzagoak edota anbizio handiagokoak izateko aukera ematen diguten testuinguruaren xehetasunak identifikatzea Euskal Hiri Agenda inor eta leku bat ere atzean geratzen ez dela ziurtatzeko tresna izango da”, esan du Carmen Sánchez-Miranda NBE-Habitatek Espainian duen Bulegoko buruak.

 Era berean, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak honako hau esan du: “Eusko Jaurlaritzak erabateko konpromisoa du GJHekin, Euskadi Basque Country 2030 Agendaren bidez; horrek aukera emango du Euskadiko politika publikoak agenda unibertsal horrekin eraginkortasunez bat etortzeko eta Euskadi, Garapen Jasangarrirako Helburuen lorpenaren bidez, ikusarazteko”.

Arantza Leturiondo Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako sailburuordeak honako hau esan du: “Bultzatu 2050, Euskal Hiri Agendak 11. GJHa garatzen du; hori hiri inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak eraikitzea sustatzen duena da, eta, jakina, GJH gehienekin lotzen da”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak