
Beatriz Artolazabal Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaian
- Organoak 2018-2020rako Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Estrategiaren segimenduaren balorazioa egin du
- Migrazioaren inguruko Gizarte Itunari heldu dio; ekainaren amaiera arte ekarpenak egin daitezke
VG 07 05 19
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko buru izan da; ohiko bilera izan da, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan. Mahaiak Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak hirugarren sektore sozialeko sare eta erakundeekin batera prestatutako 2018-2020rako Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Estrategiaren segimenduaren balorazioa egin du. “Baterako estrategia da, gizartean esku hartzeko eremuan sektoreen arteko gizarte-egitura eta lankidetza sustatzeko”, esan du sailburuak.
Topaketan, pasa den abenduan Migrazioaren inguruko Gizarte Itunerako Lehendakariak proposatu zituen aurrerapenak aztertu dira; izan ere, aurtengo ekainaren amaiera arte erakunde eta gizarte-entitateek ekarpenak egiteko dokumentua da. Beatriz Artolazabal sailburuarekin batera, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea, Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria, eta Ernesto Sainz Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaria.
Kontsultarako eta parte hartzeko organoa
Elkarrizketa Zibilerako Mahaia, Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazio orokorraren eremuan, hirugarren sektore sozialaren kontsultarako eta erakundeen parte-hartzerako organo gorena da. Bere misioa da Gobernuaren eta herritarren ekimenaren arteko solasaldia sustatu eta horri bide ematea, gobernamenduaren arloan, politika publikoak diseinatu eta gauzatzean benetako eragina duten akordioak eraikitzeko, beteta ez dauden gizarte-beharrak dituzten pertsonen ongizatea hobetzeko funtsezko helburuarekin eta horiek gizartean erabat txerta daitezen lortzeko.
Elkarrizketa Zibilerako Mahaia Euskadiko Administrazio Orokorreko eta gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko hogei kidek osatzen dute.
Organoko presidentea Pablo González Sareen Sareko egungo presidentea da; sarearen eginkizuna da Elkarrizketa Zibilerako Mahaian hirugarren sektore sozialeko sareen parte-hartzea koordinatzea.