Energia, bio-zientzia eta manufaktura sektoreetako euskal ETEen nazioartekotze geldiezina
Eusko Jaurlaritzak antolatutako Intergune+2019 ekitaldiaren -nazioartekotzearen urteroko hitzorduaren- bigarren jardunaldian aipatu da 73 herrialdetan presentzia duten energia sektoreko konpainiek negozio kopuru handia dutela atzerrian
Bio-zientzien sektoreko Dynakin enpresaren fundatzaile Mónica Rodríguezek azpimarratu du Estatu Batuetan galdetzen dizuten lehen gauza dela “zertan zauden espezializatuta”.
Bestalde, Nazioartekotzeko Euskal Agentziak Shangain duen bulegoko zuzendari Mikel Yangek nabarmendu du auto elektrikoaren merkatua zabalkunde betean dagoela Txinan, eta asmoa dela 2020an produkzio osoaren %40ra iristea.
Eusko Jaurlaritzak antolatutako Intergune+2019 ekitaldiko -nazioartekotzearen urteroko hitzorduko- bigarren eta azken jardunaldian hizpide hartu dira Euskadik bultzatzen dituen sektore estrategikoetako (energia, bio-zientziak eta manufaktura aurreratua) euskal ETEen nazioartekotzea. Hiru eremu horiek jasota daude Europar Batasunetik abiarazitako RIS3 espezializazio adimenduneko estrategian, zeinaren bidez eskualde bakoitzak gaitasun eta trebetasun gehien dituen esparruetan zentratzen baitu bere garapen industriala.
Energia klusterreko kide Marcos Suárezek bere sektorearen egoeraz hitz egin du, zeina Euskadiko garrantzitsuena baita fakturazioari dagokionez (54.700 milioi euro). “Automozioak horren herena fakturatzen du” adierazi du Suárezek. Gainera, energia da I+G-n gehien gastatzen duen sektorea 241,6 milioirekin (euskal ekonomia osoaren 1.363 milioiren aldean). Oso nazioartekotuta dagoen sektorea da, presentzia baitu 73 herrialdetan, eta euskal enpresen atzerriko fakturazioa %68,7koa da batez beste.
Atzerriko merkatuetara sartzeari buruzko mahai-inguruan, Masermic enpresako Jesús M. Iriondok adierazi du “teknologia bezain garrantzitsua dela berrikuntza ez teknologikoa, hau da, kudeaketakoa”. Saitec Offshore enpresako Luis Gonzálezek aipatu du zein garrantzitsua den informazio-sare bat izatea jakiteko “nola dabilen merkatua eta negozioa dibertsifikatzeko”. Euskabeako zuzendari nagusi Eugenio Michelenak esan du bere kasuan “berrikuntza enpresa barrukoa izan dela lehenbizi, ikasi behar izan dugu beharrezkoa dela kanpora irtetea gure produktuak saltzeko”.
Intergune ekitaldiko bigarren panela bio-zientziei eta AEBetako hazkunde-eremuei buruzkoa izan da. María Teresa Millánek, Indianapolis hirian kokatutako Lilly enpresako Gai Korporatiboen Saileko zuzendariak, esan du digitalizazioa funtsezkoa dela “baina pazientea jarri behar dela erdigunean”.
AEB, produktu farmazeutikoen munduko merkatu handiena
Nazioartekotzeko Euskal Agentziak Washingtonen duen bulegoko zuzendari Jurdana Izagirrek gogora ekarri du AEBak direla produktu farmazeutikoen munduko merkatu handiena (bio-farmakoak barne). “Munduko merkatuaren %30 inguru ordezkatzen du. Mundu mailako liderra da ikerketan eta garapenean, eta bertan egiten da sektoreko I+G-ren gastu osoaren erdia baino gehiago (75.000 milioi dolar). Gainera, AEBek I+G-ra bideratzen duten 6 dolarretik 1 (%17) bio-farmaziara zuzenduta dago”.
Naru Intelligence enpresako zuzendari Eider Sánchezek azpimarratu du merkatu horretara sartu nahi duten enpresek “produktu heldu bat behar dutela. Zailtasun handiena da lehenbizi datuak ikusi nahi izaten dituztela, jakiteko produktua lehiakorra dela jatorriko herrialdean”. Biobide enpresako zuzendari nagusi Andoni Cruzek esan du salmenta zikloa “bi urtekoa izaten dela: oso ongi planifikatu behar da ezarpen- eta inbertsio- gradua eta traba burokratiko mordo bat gainditu”.
Dynakin enpresako fundatzaile Mónica Rodríguezek aipatu du Estatu Batuetan galdetzen dizuten lehen gauza dela “zertan zauden espezializatuta”. María Pascualek, bio-osasun klusterreko zuzendariak, esan du AEBak direla merkatu onena bio-osasun arloko euskal konpainientzat, “badauzkagulako AEBetan kokatutako industria farmazeutiko handienari zerbitzua ematen dioten enpresa gazteak, eta negozioa azkarragoa delako han Europan baino”.
Jardunaldiko hirugarren panela Txinako automozio sektorean zentratu da, hantxe kontzentratzen baita autoen mundu mailako ekoizpenaren %30. Nazioartekotzeko Euskal Agentziak Shangain duen bulegoko zuzendari Mikel Yangek azaldu du zeintzuk diren auto elektrikoak bultzatzeko planak, asmoa baita produkzio osoaren %40raino iristea 2020rako. “Onena da aliantzak egitea bazkide txinatarrekin”.
Raquel Piñanek, Acicae automozio klusterreko Nazioartekotze saileko zuzendariak, Txinako merkatura sartzeari buruzko mahai-inguruan esan du Txinako fabrikatzaileak atzerrira irteten hasi direla eta “aliantzak garatzen hasi beharra dagoela”. Jokin Laspiurrek, Txinan hiru fabrika dituen Batz enpresako zuzendari komertzialak, aipatu du auto elektrikoen kasuan garrantzitsuagoa dela teknologia eta prezioa jada ez dela funtsezkoa.
RTSko zuzendari nagusi Iban Iriondok esan du sekulako aldaketa egin behar izan zutela eta ezinbestekoa izan zela bertako langileak kontratatzea. “Laborategi bat jarrarazi digute proba guztiak in situ egiteko”. Inauxa enpresako zuzendari komertzial Teresa Sánchezek adierazi du ingeniaritza eta finantza arloetarako beharrezkoa dela Txinako langileak kontratatzea eta, RTS enpresaren kasuan bezala, “laborategi bat jarrarazi digute dokumentazioa txineraz aurkeztu ahal izateko”.
Makina-erreminta Italian
Laugarren panelean hizpide hartu da zein aukera dituzten makina-erremintaren sektoreko enpresek Italian sartzeko. Nazioartekotzeko Euskal Agentziak Milanen duen bulegoko zuzendari Ainara Isasak ireki du panel hori eta esan du “Italia dela manufakturako ETE gehien dituen EBko herrialdea, zehazki 403.000, Erresuma Batuak eta Espainiak batera baino bi aldiz gehiago”.
Mahai-inguru horretan, Fagor Arrasateko marketineko zuzendari Juan Etxebarriak adierazi du hiru abantaila nagusi dituela Italiak: hurbiltasuna, teknologia eta diseinu industrialeko akordioak. Danobat enpresako berrikuntzako zuzendari Imanol Landetak esan du Italian lehiakortasun handia dagoela, “txoko bat bilatu nahi dugu italiarren eta alemanen artean; lehenengoak oso lehiakorrak dira eta prezioan lehiatzen dira gehienbat eta, bigarrenak, berriz, teknologian. Alemanen kalitatea eman nahi dugu italiarren hurbiltasunarekin”.
MYL enpresako kontseilari delegatu Imanol Gilek adierazi du Italian sartu ondoren bere asmoa dela gehiago nazioartekotzea. “Ikusten dugu automozio sektorea beherantz doala, baina kalitatea eskaintzea da gure politika nagusia”. Laip enpresako kontseilari delegatu Jesús Echabek esan du arlo komertzialeko lana askoz errazagoa dela Italian hurbiltasunagatik. “Berandu ordaintzen du, baina beti ordaintzen du”.
Intergune ekitaldiko azken panelak hizpide hartu du lankidetza nazioartekotzeko tresna gisa. Gipuzkoako Ganberako Amaia Ferrok azpimarratu du tamaina garrantzitsua dela atzerrira irteteko “eta lankidetza da tamaina hori lortzeko bitartekoetako bat, ez ordea helburu bat. Baina estrategia horrek baliagarri izan behar du lehiakortasuna lortzeko”.
-
2019-05-10
Comentario de Twitter:
El 70% de los ingresos de las empresas vascas de energía vienen del extranjero: https://t.co/rZKx8ZLGGN -
2019-05-08
Comentario de Twitter:
La imparable internacionalización de las pymes vascas en energía, biociencias y manufactura https://t.co/8QJHNlSnV7