Eu

San Josék amaiera eman dio Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben 4. Biltzarrari.

2019.eko maiatzak 08

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék amaiera eman dio ERKIDE-Irakaskuntzaren 4. Biltzarrari. Biltzarra, “Geroari aurrea hartuz” lelopean, atzo eta gaur egin da Bilboko Euskalduna Jauregian.

San José sailburuak eskaini duen hitzaldian, gaur egun Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den Euskadiko Kooperatiben Lege berriak sartu dituen hobekuntzak gogorarazi ditu, eta, bereziki, irakaskuntza-kooperatibei dagozkienak aipatu ditu. “Adostutako lege-proiektua da, eta legebiltzar-taldeek sektorearekin lortu ahal izan dugun adostasun berarekin berretsiko dutelakoan nago. Izan ere, lege honi baietz esatea hain ekarpen handia egin digun Euskadiko kooperatibismoaren sustapenari, babesari eta haren aldeko apustuari baietz esatea da".

SAN JOSÉ SAILBURUAREN HITZALDIA

Eguerdion , ERKIDE-IRAKASKUNTZAKIDEOK

Zorionik beroenak eman nahi dizkizuet laugarren Kongresu honengatik, eta zinez eskertzen dizuet Kongresuaren amaieran parte hartzeko egin didazuen gonbidapena.

Ohore handia da niretzat Euskadiko hezkuntza-esparruan hain garrantzitsua den irakaskuntza-kooperatiben sektorearekin harremanak estutzea. Sektoreak 86 ikastetxe, 75.820 ikasle eta 5.386 irakasle biltzen ditu, eta sektorearen % 17 hartzen du Euskadin.

“Etorkizunari aurrea hartuz” da Kongresuaren leloa, eta lanek hezkuntzaren esparruko bilakaera demografikoa aztertu dute:

  • Talentuaren garapena mundu globalizatuan,
  • neurozientziek ikaskuntzan duten eragina,
  • ikaskuntzaren eta irakasleen rola mende honetan,
  • hezkuntza-berrikuntza,
  • digitalizazioaren erronkak eta aukerak hezkuntzan,
  • adimen artifizialaren eragina hezkuntzan.

Gai horiek guztiak gaur-gaurkoak dira, eta eragin handia dute edo izango dute hezkuntzaren munduan.

Kongresu honen ardatz izan diren eztabaidei esker, erantzun egokiekin egingo diezue aurre etorkizuneko erronkei, eta etorkizuna hemen dugu jada.

Izan ere, 4.0 munduaren aro honetan, iraultza teknologikoaren bizkortzea eta eragina era esponentzialean garatzen ari da, eta hain bizkorra da, etorkizuna gero eta hurbilago dago bizi dugun orainalditik.

Eta erronka horiei irakaskuntza-kooperatibetatik eta kooperatibismotik abiatuta egingo diezue aurre. Nolanahi ere, kooperatibismoak aroaren aldaketan duen balioa eta komunitatean duen indarra ere aztertu dira Kongresu honetan.

Jakingo duzuenez, kooperatibismoak eta Lan eta Justiziako sailburu gisa ditudan eskumenek ekarri naute gaur hona.

Ez naiz sartuko hezkuntza-erronken esparruan, hots, hezkuntzaren etorkizunak izango dituen erronken esparruan. Esparru hori Hezkuntza Sailarekin lankidetzan garatzen duzue, eta ziur naiz kooperatibismoaren funtsezko oinarria aplikatzen dela: ikasleak erdigunean kokatzea.

Labur-labur aipatuko dut Eusko Jaurlaritzak eta nire Sailak kooperatibismoarekin hartu duten konpromisoa.

Eredu kooperatiboa gizarte kohesionatuago bat eraikitzen laguntzen duen enpresa-eredutzat hartzen dugu, eta aitorpen horretan oinarrituta dago adierazitako konpromisoa. Gizarte horretan, pertsonak dira jarduera ekonomiko eta sozialaren benetako protagonistak, eta baliabide materialak pertsonen zerbitzura dauden tresnak dira.

Ingurunean errotutako erakundeak.

Enpresa-erabakiak hartzeko ahalmena gordetzen duten erakundeak, bertako bazkideen/langileen dualtasunerako kalitateko enpleguekin.

Eta horrek lehiakortasun eta efizientzia handiagoa dakar.

Praktika, nolanahi ere, etorkizuneko belaunaldiekiko erantzukizunean datza. Izan ere, banatzen ez den eta sortutako aberastasunari denboran eusten eta garatzen laguntzen duen ondarea sortzen dute, eta, beraz, tresna eraginkorrak dira kolektibo horien inklusio ekonomiko eta sozialerako.

Hori guztia dela eta, kooperatibek adierazitako mundu aldakor honetan nolako etorkizuna izango duten pentsatzean, sinetsita nago egungo kooperatibismoa, finkatu ez ezik, hazi ere egingo dela beren proiektuetan langileen parte-hartzea kontuan hartzen ez duten beste eredu batzuen alternatiba gisa.

Joan den apirilaren 10ean eta 11n, Kongresu bat egin genuen Oñatin, eta gizarte-eragileek hartu zuten parte, kooperatibak barne.

Kongresua “Nahi dugun lanaren etorkizunari” buruzkoa izan zen, eta Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundearekin eta Lanaren Nazioarteko Erakundearekin (LANE) lankidetzan egin zen.

Kongresuaren esparruan eta Eusko Jaurlaritzaren izenean, “Oñatiko deklarazioa: lan-harremanen eredu berritu baterako dekalogoa” aurkeztu nuen.

Dekalogo hori Lanaren Nazioarteko Erakundeak bere mendeurrena dela eta datorren ekainean Genevan egingo duen Nazioarteko Konferentziari egindako euskal ekarpena da.

Ez dizkizuet hamar puntuak zehaztuko, baina adierazpenaren filosofia azaldu nahi nuke.

Enpleguaren kalitatera bideratutako lan-harremanen eredu berri batean aurrera egitea, pertsonek bizi-proiektu duinak garatzeko premisa gisa.

Lanbide-kualifikazioa eta gaitasunen etengabeko egokitzapena lehiakortasun eta jasangarritasunerako elementu gisa bermatuko dituen eredua.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapena helburu nagusi izango duen eredua.

Lan-jarduerak egitean pertsonen osasuna eta ongizatea zainduko dituen eredua.

Pertsonek enpresan neurri handiagoan parte hartzeko aukera bultzatuko duten baldintza objektiboak, legezko tresnak eta tresna konbentzionalak sortzeko gai izango den eredua.

Eta, azkenik, oro har pertsonak enpresa-proiektuetan pixkanaka inplikatzeko aukera bultzatzera bideratuta egongo den eredua.

Dakizunez, kooperatiben munduak urrats asko ditu eginda gure enpresa guztientzat eta bertan diharduten langileentzat nahi dugun eredu hori lortzeko bidean.

Oso aktiboki jarraituko dugu kooperatibismoa finkatzeko eta hazteko lanean.

Kooperatibismoaren irudia sendotu dadin, kooperatibismoa uler dadin eta haren agerikotasunaren bidez gizarte osoak kooperatibetan duen konfiantza susta dadin lortu nahi dugu.

Sektorearekin batera dihardugu proiektuen bitartez kooperatibismoa garatzeko jarduketea-planak eta jarduketa-estrategiak lantzen:

  • ikuspegi ekonomikoa, enpresa-arlokoa, soziala eta ingurumen-arlokoa.
  • pertsonen eraldaketa.
  • ekintzailetza,
  • Hezkuntza Kooperatiben Federazioa garatzen ari den eta PATXI OLABERRIA buru duen “hezkuntza-curriculumak” proiektua, kooperatibismoa ikasgeletara eramateko.

Sektorearen alde egin dugun apustuaren adierazgarriak dira.

Badakit zuen kooperatibak, irakaskuntza-kooperatibak alegia, bereziak direla kooperatiben munduan, eta ekarpen handiak –aldi berean zuen erronkak direnak– egiten dituzuela irakaskuntzaren eta prestakuntzaren arloan:

  • Erabiltzaileen parte-hartze eraginkorra eta arduratsua seme-alaben irakaskuntzaren diseinuan, finantzaketan eta kudeaketan.
  • Nahi duen herritar orok hezkuntza jasotzeko duen eskubidea gauzatzea.
  • Kasu gehienetan kooperatiba horietan parte hartzen duten kolektiboen artean interesak bateratzea (onuradunak edo erabiltzaileak, langileak eta laguntzaileak).
  • Irakaskuntza-kooperatiben arteko lankidetza, era horretan finantzaketa eta berrikuntza lortzea eta Kongresu honetan aztertu berri dituzuen erronkei aurre egitea ahalbidetu edo erraztuko duen bolumena lortzeko.

Sinetsita nago irmo zoaztela aurrera eta beti zehaztu duzuela helburua lortzeko norabide egokia.

Azkenik, Legebiltzarrean izapidetzen ari den Kooperatiben Legea aipatuko dut, batez ere zuen laguntza eskertzeko.

Sektorearekin adostutako lege-proiektua da, urtebeteko lana behar izan duena, eta legebiltzar-taldeek berretsiko dutelakoan nago.

Parte-hartzean eta lankidetzan oinarritutako metodologia bat erabili dugu, alderdi guztiak inplikatu ditugu, eta prozesua Lege berria onartzean amaitzea espero dugu.

Gure artean lortu ahal izan dugun adostasun bera Legebiltzarrean lor dadin nahi dugu. Izan ere, Lege honi baietz esatea hain ekarpen handia egin digun Euskadiko kooperatibismoa sustatzeari, babesteari eta haren aldeko apustua egiteari baietz esatea da.

Legearen proiektuan, irakaskuntza-kooperatibei lotutako alderdi batzuk sartu dira. Adibide batzuk emango ditut:

  • Batzar-organoa osatzeko alderdi operatiboak malgutzea (hirugarren deialdia),
  • Edo kooperatiba jakin batzuen “onura publikoa” legez arautzea, horrek bereziki hartzen baititu eraginpean irakaskuntza-kooperatibak.

Sustapenaren arloan, Eusko Jaurlaritzak irakaskuntza-kooperatibetan egindako inbertsioen finantzaketan laguntzera zuzendutako deialdi espezifikoak egiteko zabaldu duen deia azpimarratu nahi nuke.

Azpimarratu beharra dago, halaber, balio eta printzipio kooperatiboen sustapena curriculum guztietan eta hezkuntza-sistemaren maila guztietan, haur-hezkuntzarekin hasi eta unibertsitate-prestakuntzarekin amaitzeraino.

Eta ekintzailetza kooperatiboaren arloan, junior kooperatibak arautu dira, prestakuntza-alderdia eta lan elkartua bateratzen dituen kooperatiba mota espezifiko gisa.

Gainera, irakaskuntza-kooperatibek Euskadiko Eskola Kontseiluan parte-hartze instituzionala izateko prozesua burutu da.

Beraz, merezi izan duen lan bat aurkezteko moduan gaude.

Jakina, jarraitu behar duen eta gure konpromisoa izango duen lana da, orain arte bezala, elkarren ondoan, kooperatibismoaren onerako

Zorionak zuen 4. Kongresuagatik.

Eskerrik asko Jaun andreok, eskerrik asko berriro ere, gaur zuekin egotea posible egin duzuelako.

Eta hau esanda: Kongresua amaituta geratu da

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak