Berriak Lehendakaritza
Eu

“Invest in the Basque Country” jaio da

2011.eko martxoak 24

Tresna berriak kanpoko inbertsioak Euskadira erakartzea du helburu

Mundu osoko nazio eta herrialdeetako gobernuak kanpoko inbertsioak erakartzeko ahalegin handiak egiten ari dira, ekoizpen-eredua modernizatu eta bereizteko. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak, Invets in the Basque Country sortuz, berriz bultzatu du nazioartekotzea. Tresna berri horrek kanpoko inbertsioak Euskadira erakartzearen alde egingo du lan. SPRIk kudeatuko du eta lehendakariak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuordeak, Bernabé Undak, zuzenduko dute.

Lehendakariak kanpoko inbertsioen datuak berrikusi ditu, 2010aren lehenengo sei hilabeteetan inbertsio horiek, “aurreko epe bereko datuekin alderatuta, %20” igo zirela gogorarazi du; baina, halere, lehendakariaren hitzetan, “kanpoko inbertsioak erakartzeko lana hobeto antolatzen ahalegindu behar dugu, eta horretarako sortu da Invets in the Basque Country”, alegia, “Euskadira atzerriko zuzeneko inbertsioa eta talentua erakartzeko”. Gainera, Invets in the Basque Countryren bidez, “kanpoko kapitala izanik Euskadin kokatuta dauden enpresekin —400 baino gehiago dira— etengabeko eta kalitatezko harremana sortuko da”, azpimarratu du.

Bilboko Guggenheimen egin den jardunaldi batean aurkeztu da Invets in the Basque Country arlo berria, eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak sortu du kanpoko inbertsoak erakartzeko.

Tresna berria emaitza onak ematen hasi da, eta, lehendakariak aipatu duenez, Invets in the Basque Countryri esker, bioteknologiaren enpresa mexikar batek “Arabako enpresa eta berrikuntza zentroan, hau da, Miñaoko parke teknologikoan, egoitzak jartzeko prozesuari ekin dio”, “Enpresa horrek dagoeneko aktiboki egin du lan zientzia eta teknologiaren euskal sareko zentro batzuekin”, erantsi du. Horren harira, lehendakariak jakinarazi du enpresa mexikarrak “datozen hiru urteetan 30 lanpostu sortzea aurreikusten duela”.

Lehendakariaren hitzetan, “Euskadi ekonomia globalean txertatzeko prozesua zuzendu eta babestu nahi dugu”. “Indarrak batzea eta gure proiektu estrategikoak aurrera eramateko bidaideak bilatzea da gure bizi-kalitatea hobetzeko biderik hoberena, baita aberastasuna zein enplegua sortzeko, gure ekonomia modernizatu eta indartzeko eta, batez ere, gizartearen etorkizunaren alde apustua egiteko ere”, azpimarratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)