Eu

Kontsumobidek garatutako kanpainak 904 atxikimendu berri lortu ditu euskal arbitraje-sisteman

2019.eko maiatzak 08

Kontsumobidek kanpaina bat egin zuen martxoan euskal arbitraje-sisteman atxikimendu berriak lortzeko helburuz. Asmoa zen 900 atxikimendu berri lortzea eta 904 lortu dira. Hortaz, kanpainak bere helburua bete duela esan daiteke. Orain, 16.000 euskal enpresa daude euskal arbitraje-sistemari atxikita.

Euskal arbitraje-sistemaren garrantzia nabarmendu du Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendari Nora Abetek eta, azpimarratu duenez, “berme bikoitza eskaintzen du: bere eskubideak bermatzeko bide azkarragoak eta ekonomikoagoak eskaintzen dizkio kontsumitzaileari, eta segurtasun juridikoa eta abantaila lehiakor bat eskaintzen dizkie merkatariei eta enpresei, euskal arbitraje-sistemaren ikurra kaudimenaren eta kalitatearen bermea delako”. Kontsumobideko zuzendariak gogora ekarri du www.kontsumobide.eus webgunean kontsultatu daitekeela arbitrajeari atxikita dauden enpresen zerrenda.

Lurralde historikoetan banatuta, Bizkaiak atxikimendu berrien % 51,38 biltzen ditu, logikoa, populazioa kontuan hartzen badugu; Gipuzkoak jarraitzen dio % 31,34rekin eta Arabak % 17,28rekin. Kanpainaren arduradunek Arabaren portaera ona nabarmendu dute, aurreko urteen aldean.

Nabarmentzekoa da gainera hiriburuen garrantzia: Bilbok 199 atxikimendu biltzen ditu, Bizkaiko guztizko 464 atxikimenduetatik; Donostiak 116, probintziako guztizko 283etatik, eta Gasteizek 127, guztizko 156etatik. Bizkaiaren kasuan nabarmentzekoak dira baita ere Barakaldoko 47 atxikimendu berriak, Getxon lortutako 23ak bikoizten dituztenak. Gipuzkoan, batez bestekoaren gaineko emaitzekin erantzun dute Azkoitiak eta Errenteriak, 22 eta 21 atxikimendurekin hurrenez hurren; Araban, berriz, Laudioko 25 enpresa berri atxiki zaizkio arbitrajeari.

Sektoreetan banatuta, atxikimendu-kopuru handiena eraikuntzako enpresen eta sektoreko profesionalen artean lortu da (pintoreak, igeltseroak…), autoen, motoen eta bizikleten konponketako eta salerosketako tailerrak, eta altzari dendak, tapizgintzakoak, artisautzakoak eta etxeko dekoraziokoak. Aitzitik, etxetresna elektrikoen dendak eta laguntza teknikoko zerbitzuak, zaharren egoitzak eta tindategiak izan dira euskal arbitraje-sistemarekiko atxikimendu gutxien erakutsi dutenak.

Euskal arbitraje-sistemak aukera ematen die pertsonei beren eskubideak modu bizkor eta ekonomiko batean erreklamatzeko. Dena den, borondatezko atxikimendu-sistema bat denez gero garrantzi handia dute halako kanpainek, enpresen artean sistemak dakartzan onurak ezagutzera ematen dituztelako.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak