Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernua ekainean onetsiko duen 2020ko Aurrekontuaren jarraibideak prestatzen hasi da

2019.eko maiatzak 07

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du, Gobernu Kontseiluaren ondoren, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin batera.

Josu Erkoreka bozeramaileak ezagutzera eman du Eusko Jaurlaritza 2020 ekitaldirako ekonomia- eta aurrekontu-jarraibideetan lanean hasi dela. Sailburuak esan duenaren arabera, dokumentua datorren ekainean aurkeztu eta onetsiko da Gobernu Kontseiluan.

Erkorekak gogorarazi du lehen egunetik Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean duen gutxiengoa aitortu duela, bai eta beste indar politiko batzuekin akordioak adosteko elkarrizketan eta negoziazioan jarduteko beharra ere. “Gobernuak, akordioak adostu dituenean, elkarrizketan eta negoziazioan oinarritu da, eta bere hasierako jarreretan etsi du, eta hori berori eskatzen dio Gobernuak oposizioari”, esan du. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak elkarrizketan eta negoziazioan jardun nahi duela azpimarratu du. 

EUSKADI BASQUE COUNTRY EGUNA

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak lehen Euskadi Basque Country Egunaren xehetasunak eman ditu; Euskadi-Basque Country herrialde-marka sustatzeko urteko jardunaldia da. Jardunaldia datorren ekainaren 19an izango da, Bilboko Bilbao Aretoan, eta, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak esan duenez, helburu bikoitza du: Euskadi marka sustatzea eta, horrela, horren inguruko ahaleginak batzea, eta dagoeneko gure mugetatik kanpora dauden pertsona eta erakundeen esperientzia bereziak partekatzea. “Herrialde-marka sendoa izateak, berezko ditugun balio berezietan oinarrituta, balio berezia ematen du kanpoaldean", esan du Elorzak.

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak azaldu duenez, Euskadi Basque Country Eguna nazioarteko agenda garatzen duten eta Euskadi-Basque Country herrialde-marka garatzen laguntzen duten edo nazioartekotzeko prozesua hastea aurreikusten duten erakunde, agente eta pertsona guztiei zuzentzen zaie.

HEZKUNTZA

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak baimena eman duela 1,8 milioi euroko gastua egiteko, lanbide-heziketako zentroetako irakasleen prestakuntzarako. Sailburuak esandakoaren arabera, laguntza horien helburua da irakasleek gaitasunak berenganatu ahal izatea, teknologia-ingurune oso aurreratuei erantzuteko, eta, ondorioz, lanbide-heziketako zentroetako ikasleek oinarri teknologikoko enpresen beharrekin harremanetan egonik ikastea.

Hezkuntza-eremuan, halaber, Josu Erkorekak jakinarazi du beste bi programa ere onartu direla: “Sare Hezkuntza Gelan” programa, unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-zentroetako berrikuntzari buruzkoa, eta Indarkeria matxista prebenitzeko hezkuntza-programa.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak